Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
Thomas Demand, Artxibategia (Archive)
Uta Barth, Eremua 23. zkia (Field #23)
Iruzkinak
Kara Walker, Matxinada! (Gure armak bakunak ziren, hala ere jarraitu genuen) [Insurrection! (Our Tools Were Rudimentary, Yet We Pressed On)]
- Izenburua:
- Kara Walker, Matxinada! (Gure armak bakunak ziren, hala ere jarraitu genuen) [Insurrection! (Our Tools Were Rudimentary, Yet We Pressed On)]
- Erakusketa:
- Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Materiala | Tamaina | AEB | Sentimenduak | Arrazakeria | Esklabotza | Indarkeria
- Aipatutako artistak:
- Walker, Kara
Kara Walker artista afroamerikarraren lanak arrazagatiko arazoak eta injustizia sozialak aztertzen ditu, baita historiak arraza arteko oraingo harremanetan izan duen eragina ere. Walkerrek paperean moztutako siluetak erabiltzen ditu, eta paretan eransten ditu. 2000. urtean egindako obra honetan eskala handiko argi-proiektoreak ere erabiltzen ditu, eszenatokia giro-argi koloreztatu eta teatral batez betez.
Lehendabizi begiratuz gero, moztutako irudi hauek gaitzik egiten ez dutela eta dibertigarriak ematen badute ere, gertuagotik behatuz gero eszena bortitz batzuk topatuko ditugu: Estatu Batuetako hegoaldeko esklabotzaren historia gogorarazten diguten eszenak, alegia. Esate baterako, zuhaitz baten atzean emakumezko esklabo bati proposamenak egiten ari zaizkion plantazio baten jabea, lintxamendu batetik ihes egitea lortu duen emakume bat buru gainean haur bat daramala, edo biktima bat inguratu eta ontziekin eta zartaginekin torturatzen ari den pertsona taldea. Tresna horiek obraren izenburuaren erreferentzia izan daitezke: Matxinada! (gure armak bakunak ziren, hala ere jarraitu genuen) —altxamenduaren eta mehatxuaren ideia iradokitzen baitu—.
Walkerrek honela definitu du silueten erabilera:
“…irtenbide ia perfektua, egin nahi nuen proiektu konplexua egiteko, alegia arrazakeriaren ohiko forma sotilak eta gogaikarriak eta gure eguneroko bizitzetan eragina eta ondorioak dituzten estereotipo arrazistak eta sexistak agerian uztea”.
Moztutako irudi lauek eta begitarterik gabekoek estereotipoaren kontzeptua nabarmentzen dute. Eta Walkerren mundua estereotipoez osatua dago – ‘jabeak’, ‘hegoaldeko emakume ederrak’, ‘inude beltzak’ eta ‘mestizoak’. Argi-proiektoreak erabiliz, artistak mundu kezkagarri horretan ikuslea sartzea lortzen du. Ikuslea proiektorearen aurrean jartzen denean, bere itzalak paretako silueten itzalekin bat eginda agertzen dira. Irudien izaera bortitza eta sexualki probokatzailea denez, ikuslea nahiko deseroso sentitzen da. Walkerrek berak hauxe dio:
“Bisitariak nire obraren aurrean jartzea eta pixka bat lotsatuta sentitzea gustatuko litzaidake”.