Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
Mariko Mori, Lur garbia (Pure Land)
Marina Abramović, Ispilua garbitzen 1. zkia (Cleaning the Mirror # 1)
Iruzkinak
Sam Taylor-Wood, Bakarrizketa I (Soliloquy I)
- Izenburua:
- Sam Taylor-Wood, Bakarrizketa I (Soliloquy I)
- Erakusketa:
- Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gogoeta
- Artelan motak:
- Argazkia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Taylor-Johnson, Sam
Obra hau, Bakarrizketa I, Sam Taylor-Wood artista britaniarrak 1998an egindako bost aleko serie batekoa da. Gaztearen jarrerak, sofa batean etzanda beso bat zoru gainean zintzilik duela, Henry Wallis-en XIX. mendeko pintura bat gogorarazten digu. Chatterton izenburua duen pintura bat da, oso pintura erromantikoa, eta poeta gazte baten suizidioa erakusten digu. Beste obretako batean ohe batean etzanda dagoen emakume biluzi bat ikus dezakegu, eskua buruari eusten ari zaiola eta ispilura begira. Jarrera honetan ere artearen historia aipatzen du zeharka, kasu honetan Velázquez-en XVII. mendeko La venus del espejo pintura.
Obren egitura bera ere tradizio artistikoetan inspiratua dago. Guztiak argazki handi batez osatuak daude, eta azpian panel bat dute irudi txikiagoekin. Formatu horrek Errenazimenduko erretaulak gogorarazten dizkigu, independenteak izanik ere lotura duten panelez osatutakoak. Artistak adierazi duenez, erretauletan goialdean jainkoak eta santuak, eta behealdean lurreko gertaerak agertzen diren bezala, berak antzeko bereizketa sortu nahi du sublimea eta materiala denaren artean, kontzientea eta inkontzientea denaren artean. Beheko panelak goiko irudiaren pentsamenduak eta gogoetak agerian uzten dituela esan daiteke.
Seriearen izenburua ere, Bakarrizketa alegia, adierazgarria da. Artistak berak dioenez:
“Izenburua Shakespeare-ren obren antzezle bati dagokio. Eszena konplexua eta ulertzen zaila denean, publikoari ozen zuzentzen zaio eta haiekin bere pentsamenduak partekatzen ditu, ikusi edo igartzen duena iruzkinduz eta azalduz. Eta segidan eszenara itzultzen da bere papera antzezten jarraitzeko. Independentzi hedadura horretan pentsatzen aritu nintzen zehazki, jendeari urruntzeko aukera ematen baitio, baita bere barruko begiaren bitartez, gertatzen ari denari edo gerta litekeenari buruz bere antsietateak eta nahiak ikusteko ere”.