David Hockney: ikuspegi zabalago bat
Lauki-sare edo saretaren erabilerari buruz
Woldgate basoak, 2006ko azaroaren 21a, 23a eta 29a (Woldgate Woods, 21, 23 and 29 November 2006)
Iruzkinak
Hiru zuhaitz Thixendale-tik gertu, 2008ko udaberria (Three Trees near Thixendale, Spring 2008)
- Izenburua:
- Hiru zuhaitz Thixendale-tik gertu, 2008ko udaberria (Three Trees near Thixendale, Spring 2008)
- Erakusketa:
- David Hockney: ikuspegi zabalago bat
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Lan-prozesua | Tamaina | Paisaia | Memoria | Ingurunea eta natura | Yorkshire
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Aipatutako artistak:
- Hockney, David
Hockney-k 2007. eta 2008. urteen bitartean margotu zituen lan handi hau eta talde bereko beste hirurak. Olio-pinturaz egin zituen, eta zortzi mihiseren gainean margotu zuen lan bakoitza. Hiru zuhaitz garai, berberak, jaso zituen guztietan, Yorkshire Wolds eskualdeko Thixendale herriaren ingurukoak. Perspektiba berdintsutik margotu zituen, baina sasoi ezberdinetan, lau urtaroak igaro ahala. Ikusle garen aldetik, artistaren perspektibatik ikusten dugu parajea, pintorearen astoa aurrean izango bagenu bezala.
Hockneyk estudioan, buruz, margotu zituen lan hauek eta, hala eta guztiz ere, naturatik zuzenean margotutako lan baten bizitasuna eta gertutasuna dute. Lan hauek egiteko, eguratsaren eta urtaroen aldaketak sakonki aztertu zituen artistak, baita marrazki eta zirriborro ugari egin ere.
Oroimena funtsezkoa da Hockneyrentzat. Berak dioenez, “oroimenarekin ikusten dugu”. Pertzepzioa oroitzapen bilduma batek taxutzen du, hau da, ikusten duguna oroimenek baldintzatzen dute; beraz, bi pertsonek ezin dute inoiz gauza bera ikusi.
Hala, baliteke iritzi berezi horrek zerikusirik izatea artistak erabiltzen dituen kolore bizi eta, zenbaitetan, harrigarriekin. Udaberriaren bistak, hori eta berde distiratsuek, ernaberritutako bizitza jasotzen dute. Neguko eszena, aldiz, baliteke ezustekoagoa izatea: turkesa, morea eta laranja ez bide dira iparraldeko negu hotzarekin lotzen. Elkarren ondoan, ordea, urtaroen bilakaera nabaria da, halako benetako kutsu sentsoriala adierazten digute lau lanek. Negu latzean, zuhaitz biluziek, hondo urdinean, egunaren argitasuna eta haize hotza iradokitzen digute; eta uda betea, ostera, soro laranja onduek eta zuhaitz berde mardulek, hostoz betetakoek.