David Hockney: ikuspegi zabalago bat
Elorri zuri handia (The Big Hawthorn), 2008
Udaberria heldu da, Woldgate, East Yorkshire, 2011 (The Arrival of Spring in Woldgate, East Yorkshire in 2011)
Iruzkinak
Neguko enbor-mozketa (Winter Timber), 2009
- Izenburua:
- Neguko enbor-mozketa (Winter Timber), 2009
- Erakusketa:
- David Hockney: ikuspegi zabalago bat
- Gaiak:
- Heriotza | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Tamaina | Paisaia | Memoria | Ingurunea eta natura | Yorkshire
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Aipatutako artistak:
- Hockney, David
Zuhaitzak garrantzi handiko motiboa dira erakusketa honetan. Yorkshireko paisaiari hainbeste lotu zaio eta hura gai horrenbeste lan egin du Hockney-k, non Wolds muinoetako zuhaitzak guztiz liluratu duten; halako txera die, ezen “laguntzat” dituela adierazi duen. Lan hauetan, eta bereziki 2009ko Neguko enbor-mozketa monumentala zuhaitzen motiboaren erabateko azterketa sakona da.
Moztutako egur-enborren eta zuhaitzen irudiak hunkigarrienetakoak dira Hockneyren lanen artean, gainbehera eta heriotza adierazten baitigute, naturaren ordenaren barruan, betiere. Neguko paisaiak are azpimarratzen du berak luzatu nahi digun mezu hori: naturaren zikloa bere azkenera iritsi dela, alegia. Imajina hauetan giza irudirik agertu ez arren, ilaran txukun jarritako enborrek gizakiaren presentzia iradokitzen digute, baita gizakion hilkortasuna eta lurrarekin dugun lotura ere.
Olio-pinturaz eta hamabost mihisetan sortutako Neguko enbor-mozketa lanak oso konposizio deigarria du. Enbor moztu berrien ilara luzeak oso bestelakoak dira lurrari errotuta eta zut-zutik dauden horien aldean. Naturaren zikloa aurrera doa: horren erakusgarri da hildako enbor lodi morea, aldentzen doazen bi bideen gurutzatze lekuan. Hockneyk halako enborren marrazki ugari egin zituen ikatz-ziriz, eta “totemak” deitu zien. Are gehiago, ikatz-ziria erabili izanak —berez, moztutako enborretik ateratako produktua— intentsitate handiagoa ematen die marrazkiei.
Pintura hauek, heriotzaren eta gainbeheraren gaiak aditzera ematen badigute ere, ez dute giro goibelik iradokitzen. Neguko enbor-mozketa laneko koloreak zertxobait artifizialak dira; oso kolore biziak dira, eta oso esanguratsuak Hockneyren lan-prozesuaren berri izateko. Hockneyk zirriborroetan jaso zuen zuhaitz-mozketaren prozesua lekuan bertan, bizitik. Dena den, bueltan, bere estudioan, buruz, sortu zuen lan handi hau. Argi dago, oroitutakoa gogoan hartuta lan egitean, artista aske sentitzen zela errealitatetik abiatu eta bere irudimenari ateak zabaltzeko.