David Hockney: ikuspegi zabalago bat
Udaberria heldu da, Woldgate, East Yorkshire, 2011 (The Arrival of Spring in Woldgate, East Yorkshire in 2011)
Bideoak
Iruzkinak
Hockney eta iPad-a
- Izenburua:
- Hockney eta iPad-a
- Erakusketa:
- David Hockney: ikuspegi zabalago bat
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Tamaina
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Inprimaketa
- Aipatutako artistak:
- Hockney, David
Hasiera batean, bere iPhone gailuan hasi zen Hockney marrazkiak egiten, irudiak sortzeko erpurua erabiliz. iPad-a merkaturatu zenean, aurrenetakoa izan zen bat erosten, eta hortik hasita ekin zion teknika hau garatzeari. iPad-aren pantaila iPhone-arena baino handiagoa denez, hatzekin hasi zen marrazten, eta geroago arkatz mehe batekin.
Hockneyk betidanik izan du oso esku trebea gai bat berehala eta doitasun handiz zirriborratzeko. Gauza askotarako, tresna ezin aproposagoa da iPad-a beretzat, aukera ematen baitio lerroa bezain bizkor kolorea emateko. “Brushes” aplikazioak kolore eta efektu-aukera ugari eskaintzen ditu, eta momentu batean alda dezakezu kolorea edo pintzela. Hauxe dio berak: “Zerbait azkar erabaki eta egin dezaket; nahi dudan kolorea aukeratu dezaket hondoa egiteko, gero gainean marrazteko; adibidez zeru urdin argi-argia, ia gardena, egin dezaket istant batean, bi segundotan, eta gero gainean hodei arin batzuk ipini. Behin koloreak finkatuta, sarritan estudiora itzultzean lanean jarraitzen dut, bertan hobeto ikusten baitut pantaila”.
Hockneyk, irudietako bakoitza marraztu ahala, bazekien zein neurritakoak izango ziren kopiak; hortaz, lerroa, forma eta koloreak molda zitzakeen, eskala handiago batean berak nahi bezala gera zedin irudia. Gainera, konposizioan, gainazal inprimatuaren testura gabezia konpentsatu ahal izan zuen. Hockneyk 2008an erosi zuen bere aurreneko iPad-a. Baina 2011ko urtarrilean konturatu zen marrazkiak paperean inprimatu zitzakeela eskala handiago batean; neurri batean software berrituak ahalbidetu zuen hori, iPad bidez egindako marrazkien kopiak askoz ere formatu handiagoan egiteko aukera ematen baitu: teknologia hau gabe pixelatu egingo litzateke irudia, edota laukitan banatuta geratu.
Berak dioenez: “iPad bidez egindako bost edo sei marrazki eskala handiagoan inprimatu nituenean ohartu nintzen… hara! Areto oso bat bete nezake horrela egindako lanez!”.