Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
Surrealismoa eta Cobra taldea
Montmartre
Atalak
Hirurogeiko hamarkada: aztoramen politikoa, Auzo Latinoa eta 68ko Maiatza
- Izenburua:
- Hirurogeiko hamarkada: aztoramen politikoa, Auzo Latinoa eta 68ko Maiatza
- Erakusketa:
- Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
- Gaiak:
- Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Historia | Aljeriako gerra | 68ko maiatza | Paris | Auzo Latinoa
- Artelan motak:
- Afixa | Serigrafia
- Aipatutako artistak:
- Hains, Raymond | Villeglé, Jacques
Hirurogeiko hamarkadan, giro nahasia bizi zen Parisen. Gero eta modernizazio bizkorragoarekin batera Frantzia eta Aljeria arteko gerrak sorrarazitako barne tentsioa antzematen zen. Frantziak bere lurraldeko “departamentu” gisa atxiki nahi zuen Aljeria eta horrek independentziaren aldeko borroka luze bezain gogorra ekarri zuen berekin (1954–1962).
Artean, literaturan eta filosofian garapen berriak eta interesgarriak izan arren, Frantziako gizarteak geldirik zegoela ematen zuen. Ikasle frantsesek Ingalaterrako eta Estatu Batuetako gazteen kultura sutsua eta konformagaitza irrikatzen zuten, baita herrialde haietan kapitalismoaren eta inperialismoaren ideologia berriro aztertzeko hartutako jarrera ere. Frantziako unibertsitate masifikatuetan, ikasleak matxinatu egin ziren 1968ko maiatzean, eta berehala herrialde guztia geldiaraziko zuten langileen eta profesionalen grebak sortu ziren. Parisen erdi-erdian barrikadak altxa zituzten su emandako autoekin, polizia armatuak ikasleen kontra gas negar-eragileak botatzen zituen bitartean. Ikasleek École des Beaux-Arts —Parisko arte eskola nagusia—hartu zuten eta “Atelier Populaire” (herri-tailerra) izen berria eman zioten. Eskola horretan propaganda politikorako ehunka kartel serigrafiatu zituzten. Sorbonako paretatan, Auzo Latinoan, milaka pintada egin zituzten aerosolez, “Irudimena boterera” aldarrikatuz. Raymond Hains eta Jacques de la Villeglé artistek garai hartako kartel eta esloganen paper zarratatuekin sortu zituzten beren obrak. Obra horiek kalearen izena eta materialak aurkitu zituzteneko data izan ohi dute izenburu gisa, eta garaiko dokumentu adierazgarrienetako batzuk iraunarazteko modu bat dira.