Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
Montmartre
Parisko Eskola: estudioko biluzia
Atalak
Kubismoa eta mundu modernoa
- Izenburua:
- Kubismoa eta mundu modernoa
- Erakusketa:
- Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
- Gaiak:
- Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Mugimendua | Erakusketak | Erretratua eta autorretratua | Lehen Mundu Gerra | Paris | Zientzia eta Teknologia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Futurismoa | Kubismoa | Orfismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Braque, Georges | Delaunay, Robert | Delaunay-Terk, Sonia | Gris, Juan | Kupka, František | Léger, Fernand | Picasso, Pablo | Rivera, Diego
Picasso-ren eta Braque-ren pintura kubista hermetikoenetan, ikus daitekeen munduaren aztarnek —sudur baten zantzua, botoien errenkada bat, partituren edo egunkarietako titularren zatiak— formen eta giroaren gakoak eskaintzen dizkigute obrak interpretatu ahal izateko. Harrigarria badirudi ere, kubismoak erretratu sinesgarri dibertigarriak sortzeko aukera eskaintzen du, horien artean Juan Gris-en eta Diego Rivera-ren obrak. Errusian jaiotako bere emazte Soniarekin batera, Robert Delaunay-k kolorea gehitu zion kubismoari, garaiko publizitate-kartelen kolore lauak eta biziak baita espektroaren kolore desmaterializatuak ere. Apollinairek “orfismo” terminoa asmatu zuen haien obra koloretsuak definitzeko; beren jarraitzaile amerikarrek berriz, esate baterako Morgan Russell-ek, “sinkromismo” terminoa aukeratu zuten beren lana definitzeko. Beste termino ezagun bat “simultaneismoa” izan zen baita ere. 1912an Parisen futurista italiarrek egin zuten erakusketaren eraginez, gero eta pintura abstraktuagoetara bideratu ziren abiaduraren eta lerro bortitzen kontzeptuak. Beharbada, František Kupka txekiarra izan zen erabat abstraktua zen obra bat 1912an Salon d’Automne-n aurkeztu zuen lehena.
Eiffel dorrea, iraultza frantsesak ehun urte bete zituenean eraikia, bonbillez argitu zuten 1900. urtean Parisen izan zen Erakusketa Unibertsalerako, eta mende berrirako sarrera ospatzeko noria bat altxa zuten inguruan. Mundu guztiko artistak bertaratu ziren Parisa abiaduraren eta mirarizko aurkikuntza zientifikoen ––irratia eta telefonoa–– gizaldi berria ospatzera. Automobilaren eta argizko errotuluen ugaritasunak Parisen itxura aldatu zuen, “gaueko Paris” berriaren ikuspegi elektrikoa bezain poetikoa sortuz. Iparraldea-Hegoaldea metroaren lineak Montmartre eta Montparnasse lotu zituen, artisten migrazioaren hasiera iragarriz. 1914an gerra sortzearekin batera ezagutu zuen hiriak bere goibehera, artista frantses asko, Georges Braque eta Fernand Léger adibidez, soldadutzara deitu zituztenean. Baina Parisko hiriak plazerraren hiri izaten jarraitu zuen bertako biztanleentzat eta baimenarekin bertara hurbiltzen ziren soldaduentzat.