Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
Surrealistak: probokazioa, amesgaiztoa eta gerraren mehatxua
Dadaismoa
Atalak
Hirurogeiko hamarkada: figurazioa eta burla
- Izenburua:
- Hirurogeiko hamarkada: figurazioa eta burla
- Erakusketa:
- Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
- Gaiak:
- Artea eta politika | Artea eta umorea | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Materiala | Erakusketak | Vietnamgo gerra | AEB | New York | Paris | Auzo Latinoa | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Errealismo Berria | Figurazio narratiboa
- Artelan motak:
- Eskultura | Happening-a | Ready-made
- Aipatutako artistak:
- Arman, | Erró, | Christo, | Aillaud, Gilles | Arroyo, Eduardo | Cueco, Henri | Duchamp, Marcel | Lebel, Jean-Jacques | Monory, Jacques | Raysse, Martial | Recalcati, Antonio | Tinguely, Jean
1900 eta 1960 urte bitartean sormenaren ernaldia ezagutu zuen Parisek. Hala eta guztiz ere, artista gazte askorentzat legatu hura karga astuna eta inspirazio-iturri izan zen aldi berean. 1961eko Miramar (txiroen balleta) [Miramar (Le ballet des pauvres)] obran, Errealista Berrietako batek, Jean Tinguely eskultore suitzarrak alegia, txatarra pilo bat aurkeztu zuen “dantza makabro” bat burutuz, zentzurik ez zuena baina kutsu poetikoa zeriona.
1960ko hamarkadatik aurrera, Duchamp-en readymade kontzeptuaren errebindikazioak itzal egin zion gutxinaka pintura eta eskultura tradizionalari. Auzo Latinoko Errealista Berriek, oro har, arte abstraktua gaitzesten zuten. Artista horiek artelan berriak sortu zituzten mundu errealari dagozkion objektuak testuingurutik atereaz —adibidez, besaulki bat Arman-en kasuan, maleta-parrila bat Christo-ren kasuan edo Tintoretto-ren pintura baten erreprodukzioa Raysse-n kasuan—.
Jean-Jacques Lebel-ek amerikar estilora egindako happeningak aurkeztu zituen Parisen zegoen bizitasun handiko kulturgune amerikarrean, 1964an antolatutako Festival de la Libre Expression delakoan. Kulturgune honek eztabaida animatuak sustatu zituen artista eta idazle amerikarren eta paristarren artean, erakusketak, kontzertuak eta poesia errezitaldiak antolatzeaz gain. Truke horiek garai hartan Parisko eta New Yorkeko komunitate artistikoen arteko ustezko antagonismo argia ezeztatzen dute.
Errealismo Berriak Amerikaren eta Frantziaren artean zegoen lehia ospatzen zuen bitartean, 1964an sortutako ideologia ezkertiarreko Figurazio Narratiboa taldeak amerikarren kontrako jarrera argia erakutsi zuen, eta uko egin zion Iparramerikako politikari nahiz kulturari. Talde honetako kideek readymadeen ugaritasunaren aurka erreakzionatu zuten, pintura defendatuz, beraientzat artearen eta politikaren adierazpide eraginkorra zen aldetik. Hilketa 10/2 zenb. (Murder no. 10/2) obran, Jacques Monory-k agerian utzi zuen readymadearen prozesu industrialen bidez sortutako irudien eta artearen sorkuntza-prozesuaren emaitza gisa sortutakoen arteko desberdintasun nabarmena. Aillaud-ek, Arroyo-k eta Recalcati-k sortu zituzten pinturetan, readymadeen asmatzailea zen Duchampen tortura eta heriotza sinbolikoa irudikatu zuten. Garai hartan, Duchampek kritika ugari jaso zituen Estatu Batuen alde agertu zelako, bereziki Vietnamgo gerra tartean zela. Amerikarren kontrako jarrera argia erakutsi zuen beste obra bat Henri Cueco-ren Barrikada, Viet Nam 68 (La Barricade, Viet Nam 68) dugu. Jarrera ausartagoa erakutsiz, Erró artista islandiarraren obrak burla egin zion espresionismo abstraktuaren aitzindaria zen Jackson Pollock iparramerikarraren borrokari, tradizio modernoaren loturetatik askatu izanagatik.
Paris–New York eztabaidak jarraitu egin zuen hirurogeiko hamarkadaren ondoren. Hamarkada bat beranduago, aldi berri bati eman zitzaion hasiera Parisen Georges Pompidou Zentroa eta bertan antolatu zen Paris–New York 1908–1968 diziplina anitzeko erakusketa handia inauguratu zirenean.