Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Sarrera
André Derain: artelan-multzoa
Iruzkinak
Georges Braque: artelan-multzoa
- Izenburua:
- Georges Braque: artelan-multzoa
- Erakusketa:
- Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Bildumagintza | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Kolorea | Perspektiba | Erakusketak | Natura hila | Paisaia | Arte-galeriak | Daniel-Henry Kahnweiler | Hermann Rupf
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Fauvismoa | Kubismo Analitikoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Braque, Georges | Picasso, Pablo
Daniel-Henry Kahnweiler-en galerian egindako Georges Braque-ren lehen erakusketa handiaren ostean, Rupf-ek L’Estaqueko etxeak artelana erosi zuen 1908an, bukatutako urte berean.
Bolumenen multzo bat erabiliz, paisaia eratzeko duen moduagatik, Cézanne-ren eragina igar daiteke. Pieza honetan ikus dezakegunez, artista bere lehenengo garai fauvista gainditzen ari zen eta, luze gabe, haren artelanak kubismo analitiko deitutakoan kokatu ziren. Koadro honek ez du bilatzen imitazio hutsez errealitate bat irudikatzea, eta ordutik aurrerako pinturek ere eredu horri jarraitu zioten.
Urtebeteren buran, 1909an, Rupfek Gitarra eta fruta-ontzia erosi zuen, urte berean egindakoa. Bildumagileak interes handia agertu zuen natura hilekiko eta, aldi berean, artistari gai baliagarriak izan zitzaizkion bere esperimentazio piktorikoetarako.
Braquek ez zuen usadiozko perspektiba erabili espazioa aditzera emateko. Aldiz, espazio hori gainjarritako koloreen hondo bat da, eta objektuak hor kokatzen dira. Objektu horiek irudikatzean, gainera, bolumena aditzera emateko modua ere auzitan jarri zuen. Kahnweiler-ek honela deskribatu zuen kodeketa berritzaile hori:
Lengoaia berri horrek inoiz ikusi gabeko askatasuna ematen dio pinturari. Pintura ez da jada irudikapen optiko gutxi gorabehera natural bat, ez du objektuaren ikuspegi bakar bat eskaintzen.
Rupfek Braqueren natura hilak sistematikoki erosi zituen, eta bere bilduma kubismo analitikoko artelan nabarmen batzuekin handitu zuen; 1910ean, Kandela-euskarria erosi zuen; urtebete geroago, berriz, Biolina eta arkua eta, 1912an, Botilak eta edalontziak (Tabernako mahaia; Natural hila). Picasso-rekin batera, Braquek, abstrakzio erradikala baliatuz, uste piktoriko klasiko irmoetatik aske geratu nahi izan zuen eta, aldi berean, espazio-denboraren kontzeptua sartu zuen bere artelanetan.
1913an egindako L’Echo d’Athènesen kubismo analitikoaren ereduaren ondoren, artistak kontzientzia piktorikoa hartu zuen, batez ere geroko bere artelanen kolore-sortan agerian geratu zena, eta horrek estilo guztiz libre bat garatzera eraman zuen. 1920ko Fruta-ontzia eta klarinetea eta 1921eko Madariak dira horren erakusgarri.