Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
August Macke, Jatetxeko terrazan (1912)
Meret Oppenheim, Aurpegia hodeian (1971)
Iruzkinak
Piero Manzoni, Kolorerik gabea (1962)
- Izenburua:
- Piero Manzoni, Kolorerik gabea (1962)
- Erakusketa:
- Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Gainazala | Geometria | Kolorea | Materiala
- Aipatutako artistak:
- Manzoni, Piero
Gainazal lau eta laukizuzen honetan, iledun ehun arin bat ernatzen dela dirudi, itxuraz leuna, bizar zuri luze bat balitz bezala. Gainazala zurezko xafla kontratxapatu bat da, belusez estalia. Ehuna luzera askotako nylon-zuntzezko sei sortak osatzen dute, eta hirurogei zentimetro luze izatera heltzen dira. Euskarrian oso estu ainguratuta daude guztiak; gero, ordea, ireki eta erortzen joaten dira, beheko ertzetik zura gainditzeraino.
Piero Manzoni-ren lana kontrastez betea dago. Alde batetik, aukeratutako materialak eta lortutako ehundurak ikuslea pieza ukitu nahi izatera bultzatzen dute. Bestetik, ordea, hori guztiz ezinezkoa da, plexiglasezko kaxa batek pieza babesten duelako eta artelana erakusgai museoaren testuinguruan dagoelako.
Margolan hau Kolorerik gabea seriekoa da, hormatik zintzilikatutako objektuen sorta batez osatua. Objektuak zuriak dira, alegia, kolorerik gabeak. Seriea hainbat egituraz egindako mihiseek osatzen dute, ia beti forma geometrikoetan oinarrituta, adibidez, lerroak, karratuak edo zirkuluak. Artelanok egiteko, artistak askotariko material naturalak edo sintetikoak baliatu zituen: alfonbrak, larruak, kotoia edo nylona, kasu honetan bezala.
Pieza honetan, askotariko ehundurak ematen dira aditzera: belusaren goxotasun lauak nylonaren arintasunaren oso bestelako sentsazio bat sortzen du. Bi materialetan, izenburuak dioen bezala, kolorea ukatzeko nahia dago, baina zuriaren bi tonu desberdinekin jokatzen da.
Artistak irudikapen figuratiboa eta artelanaz kanpoko esanahien erreferentzia saihesten zituen. Bere lanaz, ikuslearen baitan emozio sakonak piztea lortu zuen, hain kontzeptu desberdinen arteko talkak askotariko loturak eta asoziazioak ekartzen baititu gogora.