Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Yayoi Kusama
Atalak
BIZITZA MATERIALA
- Izenburua:
- BIZITZA MATERIALA
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artearen historia | Artelanak | Artistak | Lan-prozesua | Materialak | Materialtasuna | Sinbologia | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Hiria | Bilbo
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
Azken hamarkadetan informazioaren teknologiek izan duten garrantzi gero eta handiagoaren ondorioz, belaunaldi eta jatorri askotariko artistek birpentsatu egin dute gauzen materialtasuna eta, beren jardunaren bitartez, azpimarratu egin dute mundu garaikidearen errealitate ukigarri bezain anbiguo eta problematikoa. Azken berrogeita hamar urteetako hainbat artelanen hautaketaren bitartez, erakusketa honek birpentsatze horren erliebeak aurkezten ditu, ia-ia paisaia bat balira bezala.
XX. mendearen bigarren erdian abangoardia berriak sortu ziren, hala nola Arte Povera, Fluxus eta Land Art direlakoak, zeinak adierazten baitute artistek hiri-ekosistemetara eta ekosistema naturaletara bideratu zutela begirada; horietan guztietan indar handiz nabarmentzen dira materialak (aurkitutako objektuak, hondakinak, zati industrialak), haiek barne hartzen dituzten prozesuak (eraldatzea, deskonposatzea, muntatzea) bezainbeste nabarmendu ere. Hala, prozesu horien adierazpen gisa ulertu dira obra asko, baita leku eta habitat ugaritara zabaldutako tailerraren kokaleku gisa ere. Hortaz, bueltatzekotan, helburu argi batekin itzultzen dira artelanak museora: gune hori obren formei baino areago, haiek osatzen dituzten materialei eta istorioei eragiten dieten indarren, tentsioen eta paradoxen behaketarako toki gisa aldarrikatzea. Mundu fisikoaren etenik gabeko aldaketa-egoerak, merkantzien joan-etorri eta biltegiratzeak, nahiz kanpo-eragileen menpe egotean materialak duen iragankortasunak markatzen dute lan horietako asko gaur egun nola agertzen eta biziagotzen diren. Kontuan hartuta bai eremu digitalaren aldakortasuna bai kontrolik gabeko garapen industrialaren ondorioz ekosistemek jasaten duten gainkarga, geure buruari galdetu behar diogu azken urteetako artearen historian izan den aldaketa materiala mundu garaikidea egituratzen duten baliabideen, energien eta prozesu konplexuen kontzientzia aurreratuaren adierazpena ote den.
Material artistikoa jakintza ekologiko, historiko eta afektiboaren bide gisa aldarrikatzeak aukera ematen du gure espezieak bere inguruko guztiarekin zer harreman duen ulertzeko. Zirriborro kronologiko bat balitz bezala, bildutako lanei buruzko ikuspegi literalki “elementala” du erakusketa honek, eta nabarmendu egiten ditu haien gorpuzte enigmatikoa eta presentzia fisikoa: egurra, elektrizitatea, mineralak eta horietatik eratorritako konposatuak, argazkigintzako pigmentuak, landareak, sua… Materialaren egituraketaren bitartez, artelanok gogoeta egiten dute munduan betetzen duten funtzioari buruz, eta zalantzan jartzen dute bertan duten leku sinbolikoa. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren irakurketa honen atze-oihal gisa, gogora ekar ditzakegu historiako hainbat zibilizaziotan naturaren funtsezko osagaien kopurua identifikatzen saiatu izan diren doktrinak: elementuok lau zirela uste zuten antzinako Grezian eta alkimia barrokoan; bost, Txinako zenbait kosmologia tradizionaletan nahiz Indiako ayurvedan; zazpi, teosofia modernoan; eta are bederatzi, antzinako Europako gurtza druidiko batzuetan.
Berrirakurketei eta konfigurazioei guztiz zabalik, artelanaren materiala ere bada haren adierazpen zehatz eta menderaezinaren lekua, munduarekiko lotura ez-hitzezkoa.