Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Memorian atxikirik
Adierazpen-moldeak II
Atalak
Adierazpen-moldeak I
- Izenburua:
- Adierazpen-moldeak I
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Testura | Paisaia | Bizitza | Animaliak artean | Espainia | Italia | Emozioa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Neoespresionismoa | Transabangoardia
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Barceló, Miquel | Cucchi, Enzo | Schnabel, Julian
Ondoz ondoko aretootan, abstrakzioarekin —hasi ikuspegi espresionistatik eta keinu-pinturaraino— esperimentatu zuten zenbait sortzaileren obrak daude ikusgai. Areto honek Miquel Barceló, Enzo Cucchi eta Julian Schnabel artisten margolanak biltzen ditu, neoespresionismoak pintura nazioartean susperrarazi zuen garaian eginak. Neoespresionistek baztertu egin zituzten beren garaikide minimalista eta kontzeptualek figuratiboa zen orori ezarritako mugak, eta emozioari, pintzelkaden testurari eta sinbolismoari ireki zizkieten ateak.
Uholdea (1990) lanean, Miquel Barcelók uholde-euria irudikatu zuen paisaia zabal batean, pintzelkada lodi eta mamitsuekin ibaiertzak eta errekak trazatuz tonalitate urdin eta grisak baliatuta. Halaber, Akerra eta ahuntza (1992) margolanean, zintzilika dauden animaliak denboraren joanaren eta bizitzaren ezegonkortasunaren alegoria dira, eta Errenazimenduko eta Barrokoko natura hilak ekartzen dizkigute gogora. Aldiz, Enzo Cucchik, Italiako transabangoardia mugimenduko —Italiako talde neoespresionista— ordezkari nagusietako bat izandakoak, ekaitz betean den atmosfera bortitzeko ingurune bat irudikatu zuen Mendebaldeko gordailua (1986) obran; estilo espresionista esperimentaleko margolan horrek bizitza berriaren sorrera adierazten du. Julian Schnabelek bereizgarri dituen plater-zati hautsiekin osatutako Espainia (1986) obrak —artistak Bartzelonara egindako bidaia batean ikusitako Antoni Gaudí arkitekto katalanaren mosaikoetan inspiratua— plano piktorikoa hankaz gora jartzen duten mosaikozko gainazalak irudikatzen ditu. Fakirrak (1993), berriz, Schnabelen geroko margolan bat da; bertan, idatzizko hitzetara eta idazkun anbiguoetara joz, paleta oparoagora eta geruza gehiagoz osatutako gainazal are espresionistagora itzuli zen artista.