Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Errealitateen egoera anbiguoak
Atalak
Eraldaketa-egoerak
- Izenburua:
- Eraldaketa-egoerak
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Mitologia | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Konposizioa | Sinbologia | Tamaina | Paisaia | Espiritualtasuna | Kosmologia | Natura | Literatura herrikoia | Emozioa
- Mugimendu artistikoak:
- Neoespresionismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Beuys, Joseph | Kiefer, Anselm
Areto honek Anselm Kiefer eta Joseph Beuys artisten obrak biltzen ditu. Biek ere mitologiaren, sinbolismoaren, historiaren eta alegoriaren inguruko kontzeptuekin esperimentatu zuten. Kiefer neoespresionismoaren ordezkari nagusienetako bat da, hau da, kutsu zakar, bat-bateko eta emozionala duten keinu-pintzelkada ausartak bereizgarri dituen joerarena. Kieferren margolan eta eskultura handiek —atal honetan haietako batzuk daude ikusgai— paleta ia monokromatiko batekin uztartzen dituzte hainbat gairen aztarnak. Gai horiek dira, besteak beste, paisaia mitikoak, elezaharrak eta ipuin herrikoiak, antzinako zibilizazioak, monumentu espiritualak eta kosmologia: guztiak ere jakintza jainkotiarra gizateriaren jatorri eta patuarekin lotzen duten elementu eraldatzaileak. Beuysen Tximista oreina argituz (1958–85) instalazio handiak naturaren indarrek, energiaren transmisioak eta metamorfosi-egoerek artistarengan pizten zuten lilura ematen du aditzera. Elementu-multzo misteriotsu horren antolamenduak basoko soilgune bat irudikatzen du, non orein bat —egurrezko “hanka” batzuen gainean jarritako lisatzeko ohola— eta ahuntz bat —hiru gurpileko orgatila korrokoila— tximista indartsu batek —habe batetik zintzilik dagoen triangelu-formako elementu astuna— argiztatuta ageri baitira.