Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
BIZITZA MATERIALA
HISTORIAREN MUGARRIAK
Atalak
Yayoi Kusama
- Izenburua:
- Yayoi Kusama
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artearen historia | Artelanak | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Tamaina | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | New York | Bilbo | Japonia | Haluzinazioak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Kusama, Yayoi
Areto honek Yayoi Kusama (Matsumoto, Japonia, 1929) artista eta idazle japoniarraren Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria (2020) aurkezten du Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurrenaren kariaz antolatutako Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketaren baitan.
Kusama ahots berezia da, artearen historiak berreskuratu eta dagokion lekuan jarri duena. Sorkuntza garaikidearen artista aitzindari eta nabarmena izaki, gizarte-aldaketarako baliabide gisa erabiltzen du artea; horretarako, performancea, pintura, marrazkia, eskultura, literatura eta bere murgiltze-instalazio ezagunak, Infinituaren isla-gelak, baliatzen ditu.
Artista gaztetan hasi zen bere ekoizpenaren ezaugarri diren motiboak lantzen, pairatzen zituen haluzinazioen ondorioz hasi ere. Laster, errepikapenez eta patroiz bete zuen bere obra, eta, berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran New Yorkera iritsi ondoren, Infinitu-sareak deitu zituen pintura monokromatiko handiak osatzeko baliatu zituen ezaugarri haiek. Pixkanaka, gero eta hedadura handiagoa eman zien lan horiei, haiekin hormak eta, aurrerago, gela osoak —zorutik sabaira— betetzeraino. 1960ko hamarkadan, aktibismo-lan handia egin zuen, eta bere artea baliatu zuen —bereziki zinema eta performancea— garaiko gizarteari eskatzen zizkion aldaketak nabarmentzeko. Bere lanak aitortza “ofizialik” ez izateak krisi sakona eragin zion, eta, hala, 1970eko hamarkadan Japoniara itzuli eta eremu publikotik desagertu zen; baina lanean jarraitu zuen, artea terapia gisa landuz betiere. Haren lana 1980ko hamarraldian hasi zen berriro ere jendarteratzen; artistaren hainbat pieza jarri zituzten erakusgai, eta sorkuntza berrietarako pizgarri gertatu zen hura.
Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria obra laurogeita hamar urtetik gorako artista honen azkenetakoa da, eta murgiltze-esperientzia batean sarrarazten gaitu berriro. Gune honek Kusamaren haluzinazioak proiektatzen ditu, haren unibertso obsesiboaren partaide egiten gaitu eta “auto-obliteratzeko” beharra transmititzen digu, gela infinitu honetako ispilu-hormetan azkenik gabe biderkatzen diren koloretako argien joko zirraragarri eta paregabean desagertzera gonbidatuz.