Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
HISTORIAREN MUGARRIAK
Pop Artea eta Herrikoitasuna
Atalak
Cristina Iglesias
- Izenburua:
- Cristina Iglesias
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Arkitektura | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Argia | Espazioa | Materialak | Materialtasuna | Sinbologia | Eskulturagintza | Giza harremanak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Iglesias, Cristina
Cristina Iglesias 1990eko hamarkadan garrantzi handia hartu zuen espainiar estatuko eskultore-belaunaldi bateko kidea da. Egitura minimalista handiak sortzen ditu, sentiberatasun berezi bat artikulatzen dutenak obrarekiko topaketa fisikoaren eta alderdi bisualaren artean. Iglesiasek bere ibilbidean zehar garatutako eskultura-lengoaiak espazioarekiko hurbilketa zeharo esperimentalean du jatorria; izan ere, artistak berak dioenez, “espazioarekin eta espazioarentzat” egiten du lan. Haren jardunean, instalazioa nabarmentzen da, obra osotasunean ulertzeko ikuslearen partaidetza eskatzen duen dimentsio ia performatibo batez gainera, eta bi ezaugarri horien adibide bikaina da Titulurik gabea (Sareta II). Esperientzia-ingurune horietan, artistak uztartu egiten ditu karga kultural handiko alderdiak, erreferentzia arkitektonikoak eta materialtasunen nahastura heterogeneo askoa.
Arkitektura-elementu gisa hartuta, saretak —hots, barneko gune baten intimitatea estaltzen duen egurrezko zursareak— islamiar arkitekturako etxeetako bizi-eremuekin lotzen gaitu kulturalki, baita eliza katolikoetako aitorlekuen tipologiarekin ere. Dena den, obra honen jatorrizko izenburuak esanahi bikoitza du, gaztelaniazko celosía hitzak jeloskortasuna ere adierazten baitu. Hala, saretek argiaren sarrera mugatu ohi duten bezalaxe, jelosiak jota dagoen norbaitek daukan pertzepzio mugatua ere iradokitzen du tituluak. Era berean, barnealde baten ikuspegi iragazia eskaintzen duelarik, Iglesiasek sortutako espazio itxi barnekoi honek intimitate hori babesteko egitura gisa dihardu nabarmen; barnetik gauzak nola ikusten diren edo barruan zer dagoen jakiteko gogoa pizten duen hesi probokatzailea ere bada, eta horrek, ezinbestean, piezaren inguruan ibiltzera bultzatzen du ikuslea.