Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
El Anatsui
Adierazpen-lengoaiak
Atalak
Gerraosteko abstrakzioa
- Izenburua:
- Gerraosteko abstrakzioa
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Arkitektura | Artea eta emozioa | Artelanak | Artistak | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Kolorea | New Yorkeko Eskola | Bigarren Mundu Gerra | Ingurunea eta natura | AEB | New York | Adierazpen-askatasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem | Kelly, Ellsworth | Krasner, Lee | Motherwell, Robert | Rothko, Mark | Still, Clyfford
Areto honetan, Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera New York-en aritutako figura garrantzitsuen lanak biltzen dira; izan ere, leku eta garai horretan aldaketa handi bat gertatu zen pinturan, eskulturan, marrazketan, argazkilaritzan eta zineman, espresionismo abstraktua edo New Yorkeko Eskola deritzon abangoardia-mugimendu nazioartekoaren bitartez. Korronte horretako kideek uko egin zioten arte-akademia ofizialen tradizioari —haien ordezkari ospetsuak ziren, besteak beste, Pablo Picasso eta Henri Matisse—, eta abstrakzioa aukeratu zuten pisu emozional edo adierazkortasun handiko edukiak islatzeko. Areto honetan ikusten den moduan, artista-belaunaldi horren obrak ezin dira estilo homogeneo batean sailkatu. Sortzaileek, aitzitik, nork bere planteamendu estilistikoari heldu zioten, baina bazuten ezaugarri komun bat: irmo sinesten zuten arte abstraktua boteretsua zela eta askapena zekarrela une historiko guztiz berezi hartan. 1940 eta 1950eko hamarkadetan sorkuntza-eztanda bat izan zen New Yorken, eta hiri hori, lehendabiziko aldiz, mendebaldeko mundu artistikoaren hiriburua bilakatu zen.
Areto honetan zenbait espresionista abstraktu nabarmenen lanak daude bilduta —nola diren Willem de Kooning, Mark Rothko, Lee Krasner, Clyfford Still eta Robert Motherwell— eta, haiekin batera, baita Kurba horia (1972) obra ere, Ellsworth Kelly-k egina: desberdina da aretoan jasotako sorkuntza-lan adierazkor eta piktorikoagoen aldean. Kellyk bere ahots propioa garatu zuen abstrakzio iparramerikarraren barruan, “silueta gogorrekiko” margolanak eginez garatu ere: keinua ezabatu zuen, eta forma eta kolore puruak aztertu, zorrozki. Haren estilo guztiz berezian bi elementu nahasten dira: batetik, abstrakzio europarrari dagozkion forma eta kolore primarioak; bestetik, naturako eta arkitekturako forma estilizatuak. Kellyren estiloan ez zuten batere eraginik izan bere garaiko beste korronteek, hala nola espresionismo abstraktuak, Pop arteak, minimalismoak eta arte kontzeptualak.