Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Abstrakzioa eta Espiritualtasuna
Mozorro-nortasunak
Atalak
NARRATIBAGINTZA
- Izenburua:
- NARRATIBAGINTZA
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Artistak | Esperimentazio artistikoa | Gizarte-kronika
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
Obra narratiboek esanahi-geruza desberdinak dituzten gertakari erlijiosoak, elezaharretakoak, historikoak, abstraktuak, adierazgarriak edo mitologikoak ilustratu ohi dituzte maiz, esperientzia indibiduala baliatuz historia partekatuak transmititzeko bitarteko gisa, direla historia errealak nahiz fikziozkoak. Batzuetan, kontakizuna gaien eta pertsonaien inguruan egituratzen da; beste batzuetan, sakon errotutako lotura kulturalak dituzten egunerokotasuneko objektuetan eta materialetan oinarritzen da, eta badira ikuslearen irudimena kontakizuna bera osatzeko edo zalantzan jartzeko moduan suspertzen duten fikzioetan jatorria dutenak ere.
Artista garaikideek duten konpromiso hori eta molde narratiboak berrasmatzeko egiten duten ahalegin hori narratiba handien kontrako erresistentzia batetik eratorriak dira. Termino hori Jean-François Lyotard frantses filosofoak sortu zuen 1979an, azaltzeko nola aurkezten ziren diskurtsoak, eta, haiekin batera, esperientziak eta ezagutzak, modu totalizatzailean eta egia absolutu gisa. Ikuspegi kritiko erresiliente eta, hein batean, emantzipatzaile harekin, Lyotardek iradoki zuen mikronarratiba edo petit récits deritzenak hartu behar zirela oinarri, non irudikapenek abiapuntu duten kultura aniztasunaren eta ikuspegi pertsonalaren izaera zatikatua. Gure gizarte garaikide honetan, artistek bere egin dute ikuspegi berri hori, narratibotasunaren ahalmen bisuala eta poetikoa handitzea eta eraldatzea lortu dute, eta honela berariazko istorioak ehundu dituzte eta narratiba tradizionala hedatu dute.
Atal honetan, hogei artistak 1957 eta 2019 bitartean hainbat baliabidetan sortutako piezak bildu dira; pieza horiek narrazioaren paradigmen ikuspegi hedakorra eskaintzen dute, eta XX. mendearen bigarren erdiko ezin konta ahala mugimendu historikoen oihartzuna dakarte. Premisa horri jarraituz, Narratibagintza aztertzen duten aretoak kapitulu gisa ageri dira, gaika multzokatutako kronologia, mugimendu eta estilo ugari zeharkatzen dituzten obren aukera koherente baten bidez. Galerietan, obra bakarrak ageri dira batzuetan —hala nola Espiritualetik harat eta Memorian atxikirik kapituluetan—, eta beste batzuetan, berriz, zenbait artistaren obrak bildu dira, adibidez Mozorro-nortasunak, Adierazpen-moldeak, Errealitateen egoera anbiguoak eta Eraldaketa-egoerak izenekoetan.