Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
NARRATIBAGINTZA
Espiritualetik harat
Atalak
Mozorro-nortasunak
- Izenburua:
- Mozorro-nortasunak
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Emakumea artean | Aurpegia | Argazkigintza | Artea eta gizartea | Artearen historia | Artistak | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Perspektiba | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Pertzepzioa | Jende-taldeak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura | Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Katz, Alex | Pérez, Javier | Saura, Antonio | Struth, Thomas
Areto honek Alex Katz-en, Javier Pérez-en, Antonio Saura-ren eta Thomas Struth-en zenbait obra biltzen ditu, artistek anonimotasuna, irudizko mozorroak, behatzeko ekintza eta gorputzik eza esperimentaziorako gaitzat hartuta eginak. Irribarreak (1994) sailean, Katzek adin desberdinetako emakumeen erretratuak margotu zituen, hondo ilun eta neutro baten aurrean irribarrez, obrari so dagoenari aurrez aurre begira. Artistak modelo gehienak ezagutzen zituen arren, bereizgarririk edo nortasun-ezaugarririk gabe aurkeztea izan zuen helburu, irudikapenaren muinari eta irudien pertzepzioari buruz hausnartzeko bitarteko gisa. Struthen argazki-jarduna, berriz, behaketaren zientzian dago oinarrituta, eta itzuri egiten die narrazio-baliabideei. Publikoa (2004) saileko argazki-sorta honetan, Struthek pertzepzioaren inguruko jolas bisual bat sortu zuen; izan ere, pieza artistikoei begira dauden ikusle anonimoen une espontaneoak jaso zituen argazkitan artelanaren beraren ikuspegitik. Sauraren Karl-Johann Strasse II (1997) obran —artistak hil baino urtebete lehenago margotua— jendetza edo masaren kontzeptua ageri da, haren margolanetan behin eta berriz errepikatzen den motiboa alegia. Aurpegiera zorrotza duten gorputzik gabeko buru mordoa azaltzen dira bertan, denak estu-estu; konposizio dinamiko horrek hezurtegietako garezur-paretak dakarzkigu gogora. Azkenik, Pérezen Levitas (1998) obran oinatzak ikus daitezke, beirazko esferetan markatuta, zeinek galdutako gorputz edo forma suntsikorrak ekartzen baitizkigute gogora, bizitzaren hauskortasunaren metafora gisa. Artistarentzat, beira puzteak norberaren barrualdea kanpoko munduarekin lotzen du arnasketaren bitartez, eta mundu hori kristalezko esferetan dago mamitua.