Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Mozorro-nortasunak
Memorian atxikirik
Atalak
Espiritualetik harat
- Izenburua:
- Espiritualetik harat
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Tamaina | Guggenheim Bilbao Museoa | Sinbolismo erijiosoa | AEB | Italia | India | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Clemente, Francesco
Francesco Clemente-k niaren eta haren ingurunearen arteko lotura ikertzen du bere lanean, nekaezin, Italiako, AEBko eta Indiako testuinguruak —artistaren bizitzarekin lotura estua dutenak— zeharkatzen dituzten karga kultural handiko erreferente, sinbolismo eta elementuak metatuz. Era berean, aurreiritzirik gabe uztartu izan ditu teknikak, gaiak eta formatuak bere jarduera eklektiko oparoan. 1980 inguruan abstrakziotik, minimalismotik eta Arte Povera-tik aldendu ziren margolari gazteetako bat izan zen, mugimendu haiek aldarrikatzen baitzuten iraungia zegoela pintura, bereziki pintura figuratiboa. Clementeren obrak —neoespresionismoari oso lotua— adierazpen indibiduala jarri zuen berriro erdigunean, kolore sentsualak, keinuaren teknika, eduki narratiboa eta giza irudia eta haren gorpuztasuna baliatuz.
Amaren gela Guggenheim Bilbao Museoaren inauguraziorako enkargu bat izan zen, eta lotura berezia dauka bere kokalekuarekin, obrak aretoko sarrerak markoztatzeko duen moduak erakusten duenez. Erdi mihise erdi fresko den sorkuntza honek Erdi Aroko eta Errenazimentuko jauregietako neurri handiko horma-irudi apaingarriak gogorarazten ditu hamazazpi panelen bidez. Jatorrizko izenburuko stanza hitzak (“gela” italieraz) erreferentzia egiten die Errenazimendu garaian zenbait jendek mundutik bakartzeko erabili ohi zituen stanze, ganbera edo aretoei. Hala, stanza bat sortu du Clementek guretzat, eta murgildu egiten gaitu lurra, ura, sua eta airearen oinarrizko indarrak zeharkatzen dituen gune honetako narratiban, non haiekin batera ageri baitira Indiako kulturako sinbolismoa, erlijioaren tradizioa eta astrologia. Artistak hogeiko hamarkadako antzerki-oihal bat erabili zuen mihise modura, eta haren adabakiak eta hondoko marrazki higatua hartu zituen konposizioaren oinarritzat. Amaren gela lanean elkarren gainka ageri diren erreferenteek eta motibo metatuek —batzuk ia ezagutzeko modukoak, besteak fikziozkoak— zaildu egiten dute irakurketa lineala egitea, eta gonbita egiten diote ikusleari gogoa askotariko iruditeria narratiboei ireki eta haietan galtzeko.