Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Adierazpen-moldeak III
Eraldaketa-egoerak
Atalak
Errealitateen egoera anbiguoak
- Izenburua:
- Errealitateen egoera anbiguoak
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Heriotza | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Sinbologia | Fikzioa eta errealitatea | Gogoeta | Euskal Herria | Emozioa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Badiola, Txomin | Lazkoz, Abigail | Moraza, Juan Luis | Muñoz, Juan
Errealitatearen ulermena, haren narrazioa bezalaxe, eraikia da. Areto honetan bildutako piezek, bitarteko eta metodologia desberdinak erabili arren, agerian jartzen dute esanahia ematearen potentziala eta, kasu gehienetan, absentzia erabiltzen dute horretarako; absentzia horrexek artikulatzen du gogoeten eta ulertzeko moduen ugaritasuna. Familiarteko konplota. Bigarren bertsioa (1993–95) lanean ikus daitekeen moduan, Txomin Badiola-k gertaleku bitxiak sortzen ditu, non topaketak eta gaizki-ulertuak suertatzen baitira ikusleei beren esanahi propioa sortzeko gune bat eskaintzen dien asmakuntza-jokoaren baitan. Itxuraz zerikusirik izan ez arren elkarrekin jarriz gero zerbait iradokitzailea osatzen duten eraikuntza-elementuen, argazkien eta objektuen uztarketak elementu horiek espazio-denboran kokatzera eta haien arteko lotura ezartzera behartzen du ikuslea, halako moduz non dena geratzen baita justifikatuta; azkenean, bada, ikusleak berak burutzen du artelana. Juan Luis Moraza-ren Estasia, Estatusa, Estatua (1994) instalazioan, gorputza da falta dena: gizon zein emakumeen oinetako-takoien erretxinazko moldeak ageri dira lurrean, sareta gisa antolatuta, eta horien bidez berregiten da gorputza. Takoi handi eta txikiak ongi bereizitako bi esparruren adierazgarri diren bezalaxe —femeninoa eta maskulinoa—, bildutako takoien forma eta garaiera ezberdinek aditzera ematen dituzte, modu kritikoan eman ere, genero-parekatze binarioak barne hartzen dituen erdibideko aukerak. Bestalde, Juan Muñoz-en Itzala eta ahoa (1996) obran garrantzitsuak dira anonimatua eta anbiguotasuna; izan ere, konspirazioaren, etsipenaren eta isolamenduaren inguruko narratibak ezkutatzen dituzte kontu handiz argiztaturiko agertoki batean azaltzen zaizkigun giza irudi aztoragarrien eskultura enigmatikoek. Eszena horretan, figura eseriek saihestu egiten dute elkarri aurpegira begiratzea, urrun daude bata bestearengandik, beren munduan itxita bezala, eta horrek eragina du, nola fisikoki hala emozionalki, obrari so dagoenarengan. Abigail Lazkoz-en Azken joeren 130.000 urte (2006–07) piezak heriotzaren alderdirik materialena eta espiritualena uztartzen ditu: hilerri bateko irudiak baliatzen ditu, zeharkako sekzioan, zeinetan aldi berean ikusten baititugu bai lurrazpiko gorpuak bai lur gaineko hilarriak eta zuhaitzak. Gogoeta sakon horren bidez, izenburuak Homo sapiens espeziearen agerpena ematen du aditzera, duela 130.000 urte inguru agertu zela uste baita; hura izan omen zen, bere hilkortasunaz jabetuta, hildakoak lurperatu zituen lehen hominidoa.