Yayoi Kusama: 1945tik gaurdaino
Auto-obliterazioa, 1966–74
Titulurik gabea (Tunika), 1968
Iruzkinak
Kusamaren performanceak
- Izenburua:
- Kusamaren performanceak
- Erakusketa:
- Yayoi Kusama: 1945tik gaurdaino
- Gaiak:
- Homosexualitatea | Giza gorputza | Artea eta gizarte iraultza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Biluzia | Gizarte-kronika | Gerra | Vietnamgo gerra | AEB | Japonia | Maitasuna | Giza eskubideak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Performance
- Aipatutako artistak:
- Kusama, Yayoi
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, happening eta performance publikoak izan ziren Kusamaren praktika artistikoaren oinarri. Garai hartan egin zuen lanaren barruan ageri dira modaren diseinua, argi- eta soinu-ikuskizunak, protesta politikoa eta zinema hedatua. Gorputza margotzeko performanceak dira jarduera horien guztien muina. Haietan, parte-hartzaileak biluztu egiten ziren, askotan jendaurrean, eta artistak sortutako edo margotutako tantoz estaltzen ziren haien gorputzak Kusamak berak “auto-obliterazio” deitzen zuen ekintza batean.
Kusama performance probokatzaile haiekin eremu publikoan agertu zen garaian, puri-purian zeuden Ameriketako Estatu Batuetako hippy mugimendua eta Vietnamgo Gerraren kontrako sentimendua. Kusamaren obran presente daude gizakien arteko lotura eta maitasun unibertsala, eta garai hartako kontrakulturak bultzatzen zuen bake- eta berdintasun-aldarriak ere defendatzen zituen gai horiek.
Kusamak gutun ireki bat idatzi ere idatzi zion Richard Nixon Estatu Batuetako presidenteari, Vietnamgo Gerraren aurka protesta egiteko. Eskutitz hartan adierazi zuenez: “Gure lurra puntu txiki bat bezalakoxea da zeruko milioika gorputzen artean, gorrotoz eta borrokaz betetako mundu bat esfera baketsu eta isilen artean. Alda dezagun hori guztia, zuk eta biok, eta bilaka dezagun atzera mundu hau Edengo Lorategi... Indarkeria ezin da desagerrarazi indarkeria gehiagorekin”.
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Kusamak Eztanda anatomikoa izeneko performance-sorta bat sortu zuen. Bertan, “auto-obliterazioa” nozioak dimentsio politiko nabarmena hartu zuen Vietnamgo Gerraren eta industria militarraren aurkako kritika zorrotzen bidez. Eztanda anatomikoa protesta-performance moduko bat izan zen, eta indarkeria fisikoa biluztasunaren bidez neutralizatzen saiatzen zen. Kusamak hitz-joko bat sortu zuen sail horren izenburuarekin; izan ere, bera nerabe zela jaurti zituzten Ameriketako Estatu Batuek Japoniaren kontrako bi bonba atomikoak. Bigarren Mundu Gerra amaitu zuten bonba haiek ederki erakutsi zuten, baita ere, gerra modernoaren benetako ondorioa gizateriaren erabateko auto-obliterazioa edo deuseztapena izan zitekeela. Ameriketako Estatu Batuetan immigrante izaki, Kusamak jarrera inkonformista ausarta erakutsi zuen herrialde hartako gizartearen baitan: oihartzun publiko handia lortu zuten multimedia lanen bidez, gogotik defendatu zituen homosexualen eskubideak eta arraza arteko maitasuna, eta, politika estatubatuarraren parodia egiteaz gainera, protestatu ere egin zuen herrialde haren gerren aurka.
Japoniak nazioarteko arreta bereganatu zuen 1970ean Osakan egindako Erakusketa Unibertsalari esker, eta erakusketa abian zela aprobetxatuta, Kusama biluzien happeningak egiten saiatu zen Tokion: gorputza margotzeko ekintzak gauzatu zituen leku publikoetan, tartean Jauregi Inperialaren atarian eta Dieta Nazionalaren, hau da, Japoniako Parlamentuaren aurrean. Ginzan eginiko beste performance batean, ordea, berehala atxilotu zituzten Kusama eta haren modelo biluziak, eskandalu publikoa leporatuta. Japoniako komunikabide kontserbadoreek gogotik zentsuratu zituzten ekintza horiek egiteko ahaleginak, eta, beraz, apenas lortu zuten arretarik.