Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Lee jaio da

Eleanor Nairne

Izenburua:
Lee jaio da
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Erretratua eta autorretratua | Ingurunea eta natura | New York
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Hau bai ikasle gogaikarria… eskolako arauak gorabehera,

beti tematzen da gauzak bere erara egiten

1928ko udan, Lee Krasner anbizio handiko autoerretratu bat hasi zen lantzen. Hemeretzi urte beteta, graduatu berria zen Cooper Union ikastegiko Women’s Art School-en eta, denboraldi labur batez Art Students League arte-eskolan aritu ondoren, ikasketak hastekotan zen Manhattango National Academy of Design ospetsuan; espero zuen bertako aurrez aurreko marrazketa ikastaroan sartzen lagunduko ziola olio-pinturazko autoerretratu hark. Une hartan, zuhaitzak hostoz estalita zeuden oraindik Leeren gurasoen etxeko lorategian, Greenlawn-en (Long Island), eta, hala, iltzatu zuen ispilu bat zuhaitz batean, eta ekin zion bere irudi propioa hartzeari, basoa zuela atzealde gisa.

Artista-mantala jantzita eta eskuan trapu bat eta hainbat pintzel dituela, lanean bete-betean ari den emakume margolari gazte baten irudi bizia da, eta haren begirada kementsuak bere erabakitasun irmoa iradokitzen du. Elkarrizketetan, Krasnerrek oso gogoko zuen kontatzea nola National Academyn ez zuten sinesten bere autoerretratua benetan aire zabalean margotu zuenik: “Egin zioten begiratu bat nire pinturari eta esan zuten: ‘Iruzur egin diguzu; ez saiatu guri sinestarazten hori aire zabalean margotu duzunik!’”1. Krasnerrek protesta egin zuen, eta, azkenean, gogo txarrez, onartu egin zuten ikastaroan. Hala ere, artistak borrokan jarraitu zuen akademiaren tradizionalismoaren aurka, eta gerora erakundea gaitzetsi zuen, “denboran izoztutako giro erdipurdikoa eta erabat antzua” zela esanez2.

Krasnerrek garai hartan egin zituen gaztaroko autoerretratu urriek bere nortasun artistikoa nola itxuratzen ari zen ulertzeko aukera paregabea ematen digute. Estatu Batuetan jaiotako lehen alaba zen Errusiatik emigratutako familia judu ortodoxo batean, eta nerabea zela, izena aldatu zuen; hala, “Lena” izatetik “Lenore” izatera igaro zen eta, ondoren, izen androginoago bat aukeratu zuen: “Lee”. 1920an lortu zuten emakume estatubatuarrek botoa emateko eskubidea, eta halako emantzipazio-gogo bat zebilen airean, nabarmena dena Krasnerrek lan horietan guztietan agertzen duen desafio-aurpegieran. Gurasoen etxean izandako sute batek Leeren gaztaroko lan gehienak suntsitu zituen, beraz, bereziki baliotsuak gertatzen dira osorik iraun zuten autoerretratu bakanak.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, National Academy of Design-eko kalifikazio-orria, 1928–29, hemen aipatua: Landau, Ellen G., Lee Krasner: A Catalogue Raisonné, New York: Harry N. Abrams, 1995, 302. or.

  1. Krasner, Lee, hemen aipatua: Daw, Deborah, “Lee Krasner: On Climbing a Mountain of Porcelain”, 1979, 14. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC, 10. kutxa, 9. karpeta. [itzuli]
  2. Krasner, Lee, hemen aipatua: Slobodkina, Esphyr, Notes of a Biographer, 3 ale, Great Neck (New York): Urquart-Slobodkina Inc., 1976–1983, 2. alea, 242. or., hemen aipatua: Levin, Gail, Lee Krasner: A Biography, New York: William Morrow, 2011, 54. or. [itzuli]