katalogoa
Stable Gallery
Charlotte Flint
- Izenburua:
- Stable Gallery
- Egilea:
- Charlotte Flint
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
- Neurriak:
- 23,3 x 18,3 cm.
- Orrialdeak:
- 80
- ISBN:
- 978-84-95216-91-5
- Lege gordailua:
- BI-01166-2020
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialak | Erakusketak | Stable galeria | Ingurunea eta natura | AEB | New York | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Collage | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
“Ez naiz bat ere fidatzekoa
nire obra zaharren inguruan”
1951n, Krasnerrek hamalau margolan abstraktu aurkeztu zituen bere lehenbiziko bakarkako erakusketan, New Yorkeko Betty Parsons Gallery-n. Kritikak, oro har, ongi hartu zuen arren, Krasnerren lan-multzo berriak ez zuen eroslerik aurkitu, eta horrek zalantza handiak ekarri zituen berekin. Zikloka lan egiten zuen artista izaki, zuri-beltzeko marrazkiak egiten hasi zen, fase berri baterako trantsizioa egiten lagunduko zioten itxaropenarekin, eta bere estudioko hormetan eskegi zituen, zorutik sabairaino josita. Egun batean, bertara sartu eta sentitu zuen gorroto zuela ikusten zuen guztia. Hormetako marrazkiak kendu, puskatu, eta lurrean barreiaturik utzi zituen.
Hainbat astez ez zen estudiora itzultzeko gauza izan. Halako batean, atea berriro ireki, eta harrituta geratu omen zen interesa pizten zioten “gauza pila bat” ikustean: “Neure marrazki apurtuen zatiak batu eta berriro itsatsi nituen. Gero nire margolan zaharrak mozteari ekin nion. Zerbait nerabilen esku artean, eta landu gabeko mihise pila bat ateratzen eta zulatzen ere hasia nintzen”1. Betty Parsons galeriako lanak collage berri horietako askoren euskarri bihurtu ziren; izan ere, Krasner bere bazterkinak gainjartzen hasi zen zaku-oihal, egunkari eta argazki-paper beltz lodi puskekin, eta batzuetan Pollock-en marrazkietako bazterkinak ere tartekatzen zituen. “Collage margolan” berri eta erradikal haiek erakusketa batean aurkeztu zituzten New Yorkeko Stable Gallery-n, 1955ean.
Erakusketa arrakastatsua izan zen, eta Clement Greenberg-ek “Estatu Batuetako garai hartako eszena artistikoari egindako funtsezko ekarpena” izan zela aldarrikatu zuen gerora2. New York Times egunkariko Stuart Preston kritikariak “forma eta kolore exotikoen oihan trinko” moduan deskribatu zuen erakusketa, behatzaileen arreta bereganatzeko norgehiagoka ari diren kolore fuksia, urdin eta laranja biziak eta forma biomorfiko distiratsuak gogoan zituela3. “[Obrak] daukan bizitasuna, daukanean, barnetik dator”, ondorioztatu zuen Prestonek4, azpimarratzen zuelarik Krasnerrentzako ezinbestekoa zela inspirazioa bere nirik sakonenean bilatzea: “Ez dut sekula barne-erritmorik asaldatzen. Gorroto dut edozer gauza behartzea. Inoiz ez dut neure burua behartzen, inoiz ez… Errespetua diot barruko ahotsari”5.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Landau, Ellen G., Lee Krasner: A Catalogue Raisonné, New York: Harry N. Abrams, 1995, 146. or.
- Krasner, Lee, hemen aipatua: Nemser, Cindy, “A Conversation with Lee Krasner”, Arts Magazine, 1973ko apirila, 45. or. [itzuli]
- Greenberg, Clement, hemen aipatua: Robertson, Bryan, Lee Krasner: Paintings, Drawings and Collages, Londres: Whitechapel Art Gallery, 1965, 4. or. [itzuli]
- Preston, Stuart, “Modern Work in Diverse Shows: Contemporary American and Italian Work in New Displays”, New York Times, urriak 2, 1955, 15. or. [itzuli]
- Ibid. [itzuli]
- Krasner, Lee, hemen aipatua: Rodgers, Gaby, “She Has Been There Once or Twice: An Interview with Lee Krasner”, 1977, 4. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC, 9. kutxa, 48. karpeta. [itzuli]