Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Hitzaurrea

Eleanor Nairne

Izenburua:
Hitzaurrea
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | AEB | New York
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Collage | Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

1984an Richard Howard poetak testu hunkigarri bat idatzi zuen bere lagun Lee Krasner artistaren omenez. Onartzen zuen arren Krasner ezagun egin zuen aiurri bizia —“suhartasunez tematzen [zen] bere ustez egia zen hartantxe, egia zela jakin zekien hartantxe”—, haren izaeraz gogoraraztea merezi zuten beste alderdi asko ere azpimarratu zituen bertan1. Besteak beste, erabateko konpromisorako zuen gaitasuna; Howardek gogora ekarri zuen bezala, “Lee Krasner ikusle ezin hobea zen zerbait adierazten zuen edozein artelanetarako; erabat ematen zitzaion artelanari, erabat onartzen zituen behaketaren  eskakizunak”2.

Gaur egungo terminologia erabiliz, zentzu horretan, “presentziaz” hitz egin genezake: bizitzeko eta sortzeko modu bat, estudioan lanean aritu zen ia sei hamarkadetan hauteman daitekeena. Krasner erabat murgiltzen zen obra-ziklo batean, eta gero, ez aurrera ez atzera geratzeko arriskua agertzen zenean, bestelako norabide bat hartzen zuen. Bere inguruan zegoen guztiaren zati handi bat bereganatzen zuen arren, barnetik zetorkion inspirazio nagusia; eta sentimenduaren indar horixe ematen zion egiten zuen guztiari —bere autorretratuetatik hasi eta Irudi txikiak deitu zituenetaraino, collageetatik hasi eta eskala handiko abstrakzioetaraino—, eta harexek ematen zion koherentzia bere karrerari.

Krasnerren lanak ez du beti merezi duen arreta jaso. Bere bizitzan zehar sarritan izan zen baztertua Jackson Pollock artistaren emazte sufritua zelakoan. Pollock 1965ean zendu ondoren, haren ondarearen testamentu-betearazle bakarra izatearen zama erantsiari ere egin behar izan zion aurre. 1970eko hamarkadan, Krasnerren ibilbidearekiko interesa berpiztu zuen feminismoaren bigarren olatuak. Hala ere, Krasnerrek espresionismo abstraktuaren inguruan jokatutako paperaz egin ziren baieztapen hiperboliko askok, borondate onez eginak izan arren, haren artea behar bezala balioestea zaildu dute neurri batean.

Bryan Robertsonek 1965ean Londresko Whitechapel Gallery-n antolatutako atzera begirako erakusketa inflexio-puntua izan zen3. Huraxe izan zen Krasnerrek bere ibilbideko ordura arteko lorpenak berrikusteko izan zuen lehen aukera, eta Atlantikoaren beste aldeko prentsan izan zituen laudorioek (kritikari askok ez zekiten emakumea zenik, ezta Pollocken alarguna zenik ere) kritikaren onespena ekarri zioten, berandukoa zena, baina ongi etorria hala ere. Harrezkero, bi atzera begirako garrantzitsu izan ditu AEBetan: lehenak Barbara Rose izan zuen komisario, eta Houstongo Museum of Fine Arts, San Frantziskoko Museum of Modern Art eta New Yorkeko Museum of Modern Art museoetan egin zen 1983 eta 1985 artean; bigarrenak Robert Hobbs izan zuen komisario, eta Los Angeles County Museum of Art, Des Moines Art Center, Akron Art Museum eta Brooklyn Museum erakundeetan egin zen 1999 eta 2001 bitartean.

Honako erakusketa monografiko hau lehenengoa da Europan tankera honetako ezaugarriekin antolatzen dena. Berrogeita hamar urte baino gehiagoren ondoren, bisitariek bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte Krasnerren artearen ezaugarriak Londresko Barbican Art Gallery, Frankfurteko Schirn Kunsthalle, Bernako Zentrum Paul Klee eta Bilboko Guggenheim Bilbao Museoan. Erakusketa ehun bat piezaz dago osatua, horietako asko lehen aldiz etorri dira Europara, eta argi erakusten dute Krasnerren formazio artistiko zabala, haren abstrakzioaren erabilera goiztiarra, aurreko lanen birziklapen erradikala gero lan horiek ekoizpen berrietan baliatze aldera, kolorearen erabileran zuen talentua, eta eskalaren eta formaren esplorazio indartsuak.

Liburu honek Krasnerren bizitzaren eta obraren noiznahiko azterketa eskaintzen du bertan jasotako testuen bidez: Eleanor Nairne komisarioak sinatutako sarrera-saiakera, eta Katy Siegel, John Yau eta Suzanne Hudson adituek gai zehatzei buruz idatzi dituzten testu argigarriak. Pozten gaitu, halaber, Lee Krasnerrek Gail Levin bere biografoarekin egindako elkarrizketa bat eskaini ahal izateak, orain arte argitaratu gabea, baita Jessica Freeman-Attwoood-ek prestaturiko kronologia ilustratu osatu bat ere. Ardura handiz editatu du Nairnek liburukia, Barbicango Charlotte Flint-ekin lankidetza estuan. Proiektua ez zen posible izango Pollock-Krasner Foundation-en laguntza baliotsurik gabe, zeinak hiru urtez bere denbora eta energia inbertitu baititu, eskuzabaltasun osoz, proiektu honen garapenean. Gure esker ona adierazi nahi diegu Kerrie Buitrago, Samuel Sachs II, Ronald D. Spencer eta Caroline Black-i, baita Charles C. Bergman-i ere; azken hori 2018an zendu zen zoritxarrez, baina proiektuaren lehen etapetan agertu zuen gogo bizia inspirazio-iturri garrantzitsua izan zen lantalde osoarentzat. Kasmin Gallery erabakigarria izan da proiektuaren arrakastarako; gure esker ona zuzendu nahi diegu, bereziki, hasieratik aliatu bikaina izan dugun Eric Gleason-i, eta  Michal Patchefsky-ri.

Museo ezberdinetako bildumetatik hainbat eta hainbat mailegu lortzeko pribilegioa izan dugu, eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu honako guztiei: Albright-Knox Art Gallery, Buffalo; Flint Institute of Arts, Michigan; Guild Hall Museum, East Hampton; Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Washington DC; Institut Valencià d’Art Modern; Jewish Museum, New York; Kunstmuseum Bern; Los Angeles County Museum of Art; Metropolitan Museum of Art, New York; Munson Williams Proctor Arts Institute, Utica; National Gallery of Art, Washington DC; National Gallery of Victoria, Melbourne; Neuberger Museum of Art, Purchase; Philadelphia Museum of Art; Pollock-Krasner Foundation, New York; Reynolda House Museum of American Art, Winston-Salem; San Francisco Museum of Modern Art; eta Whitney Museum of American Art, New York.

Oso eskertuta gaude, halaber, erakusketa honi laguntza eman dioten bildumagile partikularrei, eta, horregatik, gure esker ona adierazi nahi diegu honakoei: James Barron, Suzanne Deal Booth, David Dechman eta Michel Mercure, Ron Delsener, Gusford Collection, Halley K. Harrisburg eta Michael Rosenfeld, Audrey Irmas, Greg Shannon doktorea eta bere familia, Thomson Family Collection, eta Bobbi eta Walter Zifkin, baita izenik eman nahi izan ez duten mailegu-emaileei ere. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu obrak aurkitzen lagundu diguten pertsonei, bereziki Sotheby’s-eko Saara Pritchard, Nicholas Cinque eta David Galperin-i; Christie’s-eko Barrett White, Katharine Arnold eta Cassi Young-i; eta Joshua Holdeman, Janis Gardner Cecil, Angela Nevill eta Laura Paulson-i.

Neurri honetako erakusketa bat antolatzea ezinezkoa izango litzateke Terra Foundation for American Art-en laguntzarik gabe. Erakunde horrek erakusketa ibiltari honen lau egoitzei egin dien ekarpen eskuzabalak kontzesiorik gabeko erakusketa bat antolatzeko aukera eman digu. Erakusketak Tp Bennett eta Sotheby’s entitateen babesa ere izan du, eta jaso du halaber Art Fund erakundearen “Jonathan Ruffer Curatorial Research Grant” diru-laguntza. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, gure Londresko Exhibition Circle elkarteko kideei: Ron Delsener, Kenneth C. Griffin Charitable Fund, Kasmin Gallery, Elizabeth eta J. Jeffry Louis, Midge eta Simon Palley, eta anonimotasuna nahiago izan duten gainontzeko guztiei.

Proiektu honek ikerketa-lan handia eskatu du, eta, horregatik, gure esker ona adierazi nahi diegu zeregin horretan aritzeko konpromisoa hartu dutenei; bereziki honakoei: Gail Levin, 2011n osatu zuen biografia zehatzak Krasnerren gaineko argi berria zabaldu duelako; Barbara Rose, zeinak oso ondo ezagutu baitzuen artista eta haren 1983–85eko atzera begirako handia antolatu baitzuen; Ellen G. Landau, haren katalogo arrazoitua altxor bat delako edozein akademikorentzat; Robert Hobbs, zeina Krasnerri Estatu Batuetan eskainitako bigarren atzera begirako handiaren komisarioa izan baitzen; Anne Wagner, ideia berriak ekarri zituelako Three Artists (Three Women) (1996) liburuan; Mary Gabriel, Ninth Street Women (2018) liburuaren bidez arlo honetan egin duen ekarpen interesgarriagatik; Ruth Appelhof, Krasnerri buruzko bere memoriak ikusminez espero ditugulako; eta liburu honetako hiru saiakeren egileei.

Erakusketa honen antolaketan zenbait pertsona funtsezkoak izan dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu Helen A. Harrison-i, Pollock-Krasner House and Study Center-eko zuzendaria izaki, Krasnerri eta haren obraren testuinguruari buruzko ezagutza-iturri handia baita; eta Edith Devaney eta David Anfam-i, toki nabarmena eman baitzioten Krasnerri Espresionismo Abstraktua erakusketa bikainean (Londresko Royal Academy-n egon zen ikusgai 2016–17an eta ondoren, 2017ko udaberrian, Guggenheim Bilbao Museoan); Pollocken galerista eta iloba Jason McCoy-ri; eta New Yorkeko Museum of Modern Art-eko arte-arduradun emeritu den John Elderfield-i. Erakusketarekin batera doan katalogo hau arreta handiz diseinatu du A Practice for Everyday Life estudioak; Londresko erakusketaren diseinua, berriz, David Chipperfield Architects taldeak egina da.

Nazioarteko lankidetza paregabearen emaitza da proiektu hau. Barbicanek jarri zuen abian, eta Ilka Voermann, Fabienne Eggelhöfer eta Lucía Agirre izan ditu komisario, hurrenez hurren, Schirn Kunsthalle Frankfurt, Zentrum Paul Klee eta Guggenheim Bilbao Museoan. Londresen, Charlotte Flint, Ross Head, Alice Lobb eta Peter Sutton-en laguntzarekin antolatu zen erakusketa; Frankfurten, eskerrak ematen dizkiogu Inka Drögemüller zuzendariordeari, Esther Schlicht erakusketa-buruari eta maileguen antolaketaz arduratzen den Karin Grüning-i; Bernan, beren laguntza eskertu nahi diegu Kai-Inga Dost eta Edit Heinimann-i, eta Bilbon, bertako lan-taldeei: Arte-ardura, Erakusketak eta Kontserbazioa, Komunikazioa eta Irudia, Idazkaritza Nagusia, Garapena, Giza Baliabideak eta Kalitatea, Eraldaketa Digitala eta Finantzak.

Lee Krasnerrek, Richard Howardek gogoratzen zuen bezala, “egiak bere eskakizunak” dituela sentitzen zuen, “eta berak bete egiten zituen; jarraitu egiten zituen”4. Espero dugu erakusketa honek eta harekin batera doan liburuak artista honen bizitza eta ibilbide bikainaren irudikapen fidagarria eskainiko dutela, eta nazioarteko belaunaldi berri bati Krasnerren ondare boteretsua ezagutzeko aukera emango diotela.

Jane Alison, Arte Bisualen Burua, Barbican, Londres

Philipp Demandt, Zuzendaria, Schirn Kunsthalle Frankfurt

Nina Zimmer, Zuzendaria, Kunstmuseum Bern/Zentrum Paul Klee

Juan Ignacio Vidarte, Zuzendari Nagusia, Guggenheim Bilbao Museoa

 

Oharrak
  1. Richard Howard, “Lee Listening”, Grand Street, 4. alea, 1. zk., 1984ko udazkena, 183–86. or. Bere horretan utzi da jatorrizko bertsioan zegoen letrakera etzan enfatikoa. [itzuli]
  2. Ibid., 186. or. [itzuli]
  3. Ikus Bryan Robertson, Lee Krasner: Paintings, Drawings and Collages erakusketaren katalogoa, Londres: Whitechapel Gallery, 1965. [itzuli]

Howard, “Lee Listening”, 183. or. [itzuli]