Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Profezia

Eleanor Nairne

Izenburua:
Profezia
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Heriotza | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Tamaina | AEB | New York | Jackson Pollock
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Profezia iragarpenez betea zegoen.

Ikusi nuenean, irudi beldurgarria zela jakin nuen, baina ateratzen utzi behar nion

1956ko udan, Krasnerrek ordu arte egindakoak ez bezalako lan bat margotu zuen. Mihisean forma uhindu eta haragikarak dira nagusi, ertz beltzez definituak eta ukitu gorri arrosakaraz nabarmenduak, zeinak gorputz-moduko ikonografia azalarazten baitu. Profezia (Prophecy) sortu zen unean Pollock-en alkoholismoa okerrera egiten ari zen, eta bikotearen harremana tentsio handi baten pean zegoen. “Ezinegon handia sortzen zidan”; horixe gogoratuko zuen Krasnerrek lan berriaren inguruan, baina Pollockek lasaitu egin omen zuen esanez “margolan ona zela, eta buelta gehiago ez emateko, aurrera jarraitzeko”1. Koadroa astoan gelditu zen Krasner uztailean Frantziara joan zenean atseden hartzera.

Krasnerrek Pollocki uztailaren 21ean bidalitako gutun batean azaltzen duenez, “Louvre […] ikaragarria da, sinestezina. Faltan botatzen zaitut eta hau nirekin partekatzea nahiko nuke […] hemengo pintura izugarri txarra da. (Zer moduz zaude, Jackson?)”2. Erantzuna abuztuaren 12an iritsi zitzaion, Clement Greenberg-ek deitu zionean esanez Pollock hil egin zela bezperan izandako auto-istripu batean; ezbeharrean Edith Metzger ere zendu zen, artistaren maitalea zen Ruth Kligman-en lagun bat, eta Kligman bera izan zen bizirik atera zen bakarra. Berrogeita zazpi urte besterik ez, eta Krasner alargundu egin zen. New Yorkera itzuli zen gau hartan bertan.

Pollocken hileta izan eta aste batzuetara, Krasner berriz hasi zen margotzen, eta Profezia obrarekin hasitako sailari jarraipena eman zioten hiru lan egin zituen: Jaiotza (Birth), Besarkada (Embrace) eta Hiru bitan (Three in Two). Picasso eta Avignongo andereñoak (Les Demoiselles d’Avignon, 1907) gogora ekarriz, Krasnerrek paisaia amorratuak sortu zituen, non badirudien begi gorpuzgabeak zelatan ari direla gorputz-adar bihurrituen artean. Beltza trinkoagoa eta gorria joriagoa da oraingoan, eta, ondorioz, gorputz-eszena horiek bortitz eta erotiko ematen dute aldi berean. Halako tristura sakonaren erdian pintatzea nola lortzen zuen galdetu ziotenean, Krasnerrek zera erantzun zuen: “Pintatzea ez da bizitzatik aparteko gauza. Gauza bera da. Bizitzeko gogorik dudan galdetuko balidate bezala da. Nire erantzuna baiezkoa da, eta horregatik margotzen dut”3.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Munro, Eleanor, Originals: American Women Artists, New York: Simon & Schuster, 1979, 116. or.

  1. Krasner, Lee, hemen aipatua: Levin, Gail,  Lee Krasner: A Biography, New York: William Morrow, 2011, 305. or. [itzuli]
  2. Krasner, Lee, Jackson Pollocki bidalitako gutuna, uztailak 21, 1956, hemen aipatua: Levin, Lee Krasner, 309. or. [itzuli]
  3. Krasner, Lee, hemen aipatua: Rago, Louise Elliott, “We Interview Lee Krasner”, School Arts, 60, 1960ko iraila, 32. or. [itzuli]