Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Oinarrizko saila

Eleanor Nairne

Izenburua:
Oinarrizko saila
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Erakusketak | Whitechapel galeria | AEB
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Pintatzea errebelazio bat da, maitasunezko ekintza bat

margolari naizen heinean, ezin dut bestela ikusi

1960ko hamarkadaren hasieran, Krasnerrek berriro utzi zion koloreari bere margolanetan sartzen. Beste ekaitz bat (Another Storm, 1963) pinturan Gaueko bidaiak saileko paleta murritzarekin segitzen du, baina arre argiaren tokian alizarina-karmin distiratsua erabiltzen du, ur lasterren gaineko aparraren antzeko pintzelkada zuriz zipriztindua. Krasnerrek, East Hamptonen erori eta eskuineko besoa hautsi zuenean —bere beso gailena, alegia—, bere kabuz ikasi zuen ezkerraz bakarrik lan egiten, hoditik pintura zuzenean emanez eta bere mugimenduak gidatzeko eskuineko eskuko hatz-mamiak erabiliz. Prozesu horrek lan ukigarriagoak eman zituen emaitza bezala, hala nola Urdinean barna (Through Blue, 1963) eta Ikaro (Icarus, 1964).

Ondorengo urteetan, Krasnerren keinuak askeagoak bihurtu ziren, kaligrafikoagoak, eta mihisean zehar ikotika eta jirabiraka zebiltzala ematen zuen forma ausartak hartu zituzten, tonu disonanteetan eginak. Borroka (Combat, 1965) tituluaren arrazoia erraz izan liteke lau metroko zabaleran agertzen den arrosa fuksiaren eta laranja biziaren arteko talka. Krasnerren koloreek, berak Oinarrizko saila (Primary Series) deitu zuen horretan, loreak dakartzate gogora, oparotasuna, batzuetan baita halako dekadentzia bat ere, eta Matisse bere idolo artistikoak erabiltzen zituenen oso antzekoak dira; hark esana da “kolorearekin, sorginkeria-kontua dirudien energia bat lortzen [dela]”1. Baliteke Krasnerrek garai hartan zuen konfiantzaren iturria Bryan Robertson-ek 1965ean Londresko Whitechapel Gallery-n antolatu zion erakusketa izatea —artistaren lehen erakusketa instituzionala—, oso kritika positiboak izan baitzituen.

Krasnerrentzat, obra bakoitzak benetan barrutik sortutakoa behar zuen izan, eta, beraz, ez zuen inoiz zirriborrorik eta prestatze-lanik egiten margolan bati ekin aurretik. Berak azaldu zuen bezala: “Badago… hutsune bat, eta zerbait gertatzen hasten da, eta esperantza [zera] da… ongi aterako dela”2. Hala ere, 1968an, urteen poderioz pilatuz joan zen eskuz egindako paper-multzo handi bat aurkitu zuen, Long Islanden bertan Douglass Morse Howell artistak egina, eta obra-sorta berri batean erabiltzea erabaki zuen. Gouache tonu bat edo bi besterik ez erabiltzearen sinpletasunarekin esperimentatu zuen orduan, eta baita pigmentuek euskarrien testurekiko zuten erreakzioarekin: “Amorratzen nengoen hura egiteko, eta lanak aitaren batean atera ziren”3.

 [Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Rago, Louise Elliott, “We Interview Lee Krasner”, School Arts, 60, 1960ko iraila, 32. or.

  1. Matisse, Henri, hemen aipatua: Spurling, Hilary, The Unknown Matisse: A Life of Henri Matisse – The Early Years, 1869–1908, Berkeley: University of California Press, 1998, 322. or. [itzuli]
  2. Krasner, Lee, hemen aipatua: Wasserman, Emily, “Lee Krasner in Mid-Career”, Artforum, 6. alea, 7. zk., 1968ko martxoa, 42. or. [itzuli]
  3. Krasner, Lee, hemen aipatua: Nemser, Cindy, “A Conversation with Lee Krasner”, Arts Magazine, 1973ko apirila, 48. or. [itzuli ]