Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Palingenesia

Charlotte Flint

Izenburua:
Palingenesia
Egilea:
Charlotte Flint
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialak | Sinbologia | Erakusketak | Ingurunea eta natura | AEB | New York
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Airekoa izateak […] espazioan mugitzeko aukera ematen dizu, espazio amaigabean

1973an, Krasnerrek hamabi margolan berri aurkeztu zituen New Yorkeko Marlborough Gallery-n. Erakusketak oso kritika positiboak izan zituen, eta koadroak “haren [ordura] arteko [lanik] helduena eta ederrena” bezala deskribatu zituzten1. Artistaren aurreko margoetan agertzen ziren forma biomorfiko leun eta uhinduak ez bezala, honakoek ingerada garbiko forma abstraktuak azaleratzen zituzten. Lanek kolorea dute erruz: sagar-berdea, karmin-gorria zein Robert Hughes kritikariaren hitzetan “urrutitik begia gogor kolpatzen” duen arrosa fuksia2. Krasnerrek “kolorista on zaratatsu” ospea irabazi zuen Stable Gallery-n erakutsi zituen collageei eta 1960ko hamarkadan egindako Oinarrizko saila (Primary Series) monumentalari esker3. Orain, ordea, energia zalapartatsu hura baretuta ageri zen forma geometriko neurrizkoagoak biltzen zituen sail batean; Cindy Nemser artearen historialariak “hedakorrak ez ezik, neurritsuak […] handientsuak [eta] geldoak” zirela esanez deskribatu zituen forma haiek4.

Marlboroughen ikusgai jarritako lanak kolore-eremu pinturarekin zein Clement Greenberg-ek “abstrakzio postspiktorikoa” deitzen zuenarekin konparatu daitezke, eta frogatzen dute Krasnerrek estudioan etengabe esperimentatzen zuela eta ez zuela estilo propio bat garatu nahi. 1971ko Palingenesia (Palingenesis), adibidez, mugurdi eta berde kolorez gainezka dago, eta zerikusia du “berpizkundea” esateko grekerazko hitzarekin. Koadroaren izenburuak nolabaiteko samina gordetzen du bere baitan, Krasnerren berrasmatzeko irrikarekin lotua, zeina ez baitzitzaion batere gutxitu adinean aurrera egin arren. Izan ere, berak Barbara Rose-ri 1972an azalduko zion bezala, “eboluzioak, hazkundeak eta aldaketak beren horretan jarraitzen dute. Aldaketa bizitza da”5.

Krasnerren 1970eko hamarkadaren hasierako lanak Lee Krasner: Large Paintings erakusketaren zati garrantzitsua izan ziren; erakustaldia 1973an egin zen New Yorkeko Whitney Museum of American Art-en, Marcia Tucker-ek komisariaturik. Beste behin ere, mihiseek kritika bikainak jaso zituzten Krasnerren ordura arteko erakusketarik nabarmenena izatera iritsi zen hartan. Erakusketaren kariaz ateratako katalogorako idatzitako saiakera batean, Tuckerrek sail haren originaltasuna eta Krasnerren artearen etengabeko eboluzioa nabarmentzen zituen, esanez: “Honakoak jada ez dira pintura espresionista abstraktuak. Asko urrundu dira bere aurreko lanak sortzen lagundu zuen tradiziotik“6.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Wasserman, Emily, “Interview with Lee Krasner Pollock”, 1968ko urtarrila, 3. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC, 9. kutxa, 46. karpeta.

  1. Dressler, Phyllis, “New York Letter”, Art International, 17. alea, 41. zk., 1973ko iraila. [itzuli]
  2. Hughes, Robert, “Bursting Out of the  Shadows”, Time, azaroak 14, 1983, 93. or. [itzuli]
  3. Preston, Stuart, “Modern Work in Diverse Shows: Contemporary American and Italian Work in New Displays”, New York Times, urriak 2, 1955, 15. or. [itzuli]
  4. Nemser, Cindy, “A Conversation with Lee Krasner”, Arts Magazine, 1973ko apirila, 48. or. [itzuli]
  5. Rose, Barbara, “Interview with Lee Krasner”, 1972ko martxoa, or. g., LK Papers, 9. kutxa, 47. karpeta. [itzuli]
  6. Tucker, Marcia, Lee Krasner: Large Paintings, erak. kat., New York: Whitney Museum of American Art, 1973, 17. or. [itzuli]