Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Aurrez aurreko marrazketa

Charlotte Flint

Izenburua:
Aurrez aurreko marrazketa
Egilea:
Charlotte Flint
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Ingurunea eta natura | AEB | New York
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Bortitza izan zen akademiatik

kubismora pasatzea

1932an krisian zegoen AEBetako ekonomia. Hiru urte lehenago, Wall Streeteko krakatekoak Depresio Handia eragin zuen, eta hark langabezia handia ekarri zuen. Egoera ekonomikoak okerrera egin zuelarik, Krasnerrek National Academy of Design utzi behar izan zuen eta New Yorkeko City College goi-eskolako irakasle-ikastaro batean izena eman zuen, han matrikula debalde baitzen. Sam Johnson’s-en zerbitzari-lanetan hasita —Greenwich Village-ko gaueko klub eta kafetegi bat zen—, Krasnerrek aurrera egiteko lain irabazten zuen, eta bertako artista eta intelektualak ezagutu ahal izan zituen, tartean, Harold Rosenberg idazlea.

Irakasle-ziurtagiria lortzeko ikasten ari zela, Krasner aurrez aurreko marrazketa eskoletara joaten hasi zen Manhattango Greenwich House gizarte-etxera, eta bertan Job Goodman margolaria zuen irakasle, zeina Errusian jaiotako etorkin judua baitzen. Goodman Thomas Hart Benton artista erregionalistaren (geroago Jackson Pollock-en aholkulari bihurtuko zena) ikaslea izan zen, eta haren eskolek aurrez aurreko marrazketaren metodo klasikoa aldezten zuten, Michelangelo bezalako maisu errenazentista handietan inspiratua. Krasnerrek, batez ere olioa edo Conté arkatza paper gainean erabilita, antz anatomiko handiko marrazkiak egiten zituen, eta irudien muskulatura nabarmendu egiten zuen itzalen eta tonu-ñabarduren bidez.

1937an, Krasnerrek beka bat lortu zuen West Ninth Street-eko 52. zenbakian zegoen Hans Hofmann School of Fine Arts-era joateko1. Hofmann artista moderno alemaniar bat izan zen, Parisen Picasso eta Matisserekin bizitakoa eta lan egindakoa; azken horiek Krasnerren “jainko” aitortuetako bi ziren2. Irakasle dinamikoa zen Hofmann, eta oso kritika bihurriak egitera emana zen; maiz zuzenketak ikasleen obra gainean egiten zituen zuzenean. Kubismo analitikoaren bertsio bat irakasten zuen, eta bere kezka nagusia lautasunaren eta tridimentsionaltasunaren arteko tentsioa zen, berak obraren baitako "tirabira" deitzen zuena, alegia3. Biluziarekiko zuen ikuspegia guztiz bestelakoa zen Krasnerrek aurretik zeukan formazioarekin alderatuta: gorputzaren zatietan zentratu beharrean, Hofmannek objektuak jartzen zituen modeloaren inguruan, eta argiztapen dramatikoa sortzen zuen irudiak espazioarekin duen harremana areagotzeko. Krasnerrek Hofmann miresten zuen “pinturarako zuen grina biziagatik” eta, aurrerago, ikasle onenetako bat zelakoan deskribatuko zuen Krasner Hofmannek4.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Lee Krasner: The Long View, zuz.: Barbara Rose, American Federation of Arts, New York, 1978, koloretan, 30 min.

  1. Levin, Gail, Lee Krasner: A Biography, New York: William Morrow, 2011, 121–22. or. [itzuli]
  2. Krasner, Lee, hemen aipatua: Novak, Barbara, “Lee Krasner Interview”, WGBH-TV, 1979, 25. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC. [itzuli]
  3. Landau, Ellen G., “Lee Krasner’s Early Career, Part One: ‘Pushing in Different Directions’”, Arts Magazine, 1981eko urria, 113. or. [itzuli]
  4. Ibid., 113–14. or.; Cannell, Michael, “An Interview with Lee Krasner”, Arts Magazine, 1984ko iraila, 59. alea, 1. zk., 87. or. [itzuli]