Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Irudi Txikiak

Eleanor Nairne

Izenburua:
Irudi Txikiak
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materialak | Tamaina | Erakusketak | Ingurunea eta natura | AEB | New York | Jackson Pollock | Peggy Guggenheim
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Izan dezakezu zerbait tamaina fisiko erraldoia duena inolako mezurik gabe, halako moldez non

ezerezaren hedapen zentzugabe bat besterik ez den, eta alderantziz, izan dezakezu pintura ñimiño bat, baina

eskala monumentalekoa

1945eko udazkenean, Krasner eta Pollock Long Island-eko Springs herrira joan ziren bizitzera. XIX. mendeko etxalde bat erosi zuten bertan, Accabonac Creek-eko gatzagetara begira, Peggy Guggenheimek —Pollocken mezenas eta arte-merkatariak— emandako mailegu bati esker. Krasner sormen-blokeo betean egona zen eta, tarte batez, berak “Harlauza grisak” (Gray slabs) deitzen zituenak egiteko baino ez zen izan gai; orain, ordea, bat-batean naturaz inguratuta, irudi berriak sortzen hasia zela konturatu zen. Lehenengo solairuko logela estudio inprobisatu bihurtu ondoren, bere Irudi txikiak (Little Images) saileko pinturak lantzen hasi zen.

Mihisea mahai baten gainean edo lurrean lau jarrita, Krasnerek bitxien antza zuten abstrakzio kartsuak sortu zituen, azalera guztian zehar erritmo erregularrean loratzen zirenak. Batzuetan, margo geruza lodiak zabaltzen zituen espatula batekin, eta, ondoren, pintzel gogortu batekin lantzen zituen; beste batzuetan, mihisea aldez aurretik lata batean trementinaz diluitutako pintura-geruza fin batekin estaltzen zuen, ia dentela hauskorra balitz bezala. Olioarekin lan egiten zuen beti; honako hau azaldu zuen elkarrizketa batean: “Inoiz saiatu naiz zerbait akrilikoz egiten… [baina] opakoa, trinkoa eta erabat hila iruditzen zait1.

1947an, negu hotzak Krasner lehenengo solairuan, berogailuaren ondoan lan egitera behartu zuen, eta mosaikodun bi mahai sortu zituen, aletegian aurkitu zituen gurdi-gurpil zaharrak erabiliz. Mahaietako bat Bertha Schaefer Gallery-n jarri zen ikusgai 1948ko irailean (Krasnerren zenbait Irudi txiki “hieroglifiko” berrirekin batera), eta New York Herald Tribune egunkariko kritikariak zera esan zuen hari buruz: “efektu orokorra, argi esanda, zoragarria da”2. Krasnerrek Springseko etxeko gonbidatuentzako gelan zintzilikatu zituen bere Irudi txiki batzuk, non Clement Greenberg kritikaria ta Bradley Walker Tomlin bezalako bisitari ospetsuek beren intentsitate delikatua miresteko aukera izan baitzuten.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Daw, Deborah, “Lee Krasner: On Climbing a Mountain of Porcelain”, 1979, 4. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC, 10. kutxa, 9. karpeta.

  1. Krasner, Lee, hemen aipatua: Nemser, Cindy, “Lee Krasner”, Art Talk: Conversations with 12 Women Artists, New York: Scribner, 1975, 89. or. [itzuli]
  2. Pringle, Ann, “Modern Houses Inside and Out”, New York Herald Tribune, irailak 20, 1981, hemen aipatua: Landau, Ellen G., “Lee Krasner’s Early Career, Part Two: The 1940s”, Arts Magazine, 1981eko azaroa, 83. or. [itzuli]