katalogoa
Hamaika modu
Charlotte Flint
- Izenburua:
- Hamaika modu
- Egilea:
- Charlotte Flint
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
- Neurriak:
- 23,3 x 18,3 cm.
- Orrialdeak:
- 80
- ISBN:
- 978-84-95216-91-5
- Lege gordailua:
- BI-01166-2020
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialak | Sinbologia | Erakusketak | Stable galeria | AEB | New York
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Collage | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
“Ez naiz inoiz iraganetik libre; jarraikortasunean sinesten dut.
Argi eta garbi utzi dut iragana orainaren parte dela, eta hori,
era berean, etorkizunaren zati bihurtzen dela”
1974an, Krasnerren Springs-eko lantegian bisitan zela, Bryan Robertson-ek karpeta zahar batzuk aurkitu zituen. Krasnerren erreparoak gorabehera, ireki egin zituen, eta Hofmann School-eko garaian egindako ikatz-zirizko estudioz osatutako altxor bat aurkitu zuen. Krasnerrek arretaz aztertu zituen marrazkiak, eta ohartu zen haietako batzuek kontaktuaren ondoriozko ikatz-markak zituztela atzealdean, finkatzailerik erabili ez zuelako. Gutxi batzuk aukeratu zituen markoztatzeko, eta gainontzekoak Manhattango bere apartamentura eraman zituen, aurrerago suntsitzeko asmoz. 1975ean berriro esku artera etorri zitzaizkionean, collage sail berri baterako material gisa erabiltzea erabaki zuen.
Marrazkiak apurtu beharrean, Stable Gallery-ko collageetarako egin zuen bezala, Krasnerrek guraizeekin ekin zien, “ebaki zehatza nahi zuela” esanez1. Ikuspegi berri hori Hofmann Schooleko sasoitik laguna zuen Ray Eames artista eta diseinatzaileak ateratako argazkietan gelditu zen dokumentaturik. Pixkanaka, ezohiko collageak sortzen hasi zen Krasner: haien gainazalak jatorrizko marrazkien irudi biluzia mozten zuten bektore dinamikoak islatzen zituzten forma angeluarrez zeuden estalita. Krasnerrek marrazkien atzealdean aurkitutako arrasto haietako batzuen irudiak gehitu zituen, eta mihisearen beste gune batzuk zuri utzi zituen, modelo biluzien inguruko espazio hutsa balira bezala. Kasu batzuetan, hainbat mihise lotzera ere iritsi zen, diptiko edo triptiko bat sortzeko.
Collage horiek New Yorkeko Pace Gallery-n erakutsi zituzten 1977an Hamaika modu hitzak ikusteko erabiltzeko (Eleven Ways to Use the Words to See) izenburu orokorrarekin, eta horietako obra bakoitzak aditz forma desberdin batetik hartzen zuen izena —Indikatiboko geroaldia (Future Indicative) eta Baldintzazko orainaldia (Present Conditional), adibidez—. Krasnerrek honela azaltzen zuen, haren lagun John Bernard Myers-en arabera: “lan berriko lehenbiziko collageak Inperatiboa (Imperative) du izena: [marrazki zaharrak] aldatzeko gogo bizia [sentitu nuen]; berriz egiteko agindua, nolabait esatearren”2. Hainbesteko karga emozionala zuten lan zaharrei emandako erabilera burutsuan zentratu ziren hedabideen hainbat iruzkin; Art in America-ren arabera, “[marrazkien] energia berritu egiten du birlanketa honen energiak, izan ere, alde batetik gurtu egiten ditu, beste hainbat garaikur bezala, eta bestetik, baztertu egiten ditu, erdipurdiko iraganaren parte direlakoan”3.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Munro, Eleanor, Originals: American Women Artists, New York: Simon & Schuster, 1979, 119. or.
- Krasner, Lee, hemen aipatua: Levin, Gail, Lee Krasner: A Biography, New York: William Morrow, 2011, 412. or. [itzuli]
- Krasner, Lee, hemen aipatua: Myers, John Bernard, “Naming Pictures”, Art Forum, 1984ko azaroa, 71. or. [itzuli]
- Kuspit, Donald B., “Lee Krasner at Pace”, Art in America, 1977, 136. or. [itzuli]