Edukira zuzenean joan

Lee Krasner. Kolore Bizia

katalogoa

Gaueko bidaiak

Eleanor Nairne

Izenburua:
Gaueko bidaiak
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
23,3 x 18,3 cm.
Orrialdeak:
80
ISBN:
978-84-95216-91-5
Lege gordailua:
BI-01166-2020
Erakusketa:
Lee Krasner. Kolore Bizia
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Tamaina | Erakusketak | Ingurunea eta natura | AEB | New York | Jackson Pollock
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Krasner, Lee

Utzidazu esaten… barru-barruraino ari

nintzela sartzen erraza ez atsegina ez zen zerbaitetan

1957ko uneren batean, Krasnerrek Pollock-en aletegia beretzat hartzea erabaki zuen. Lekua oroitzapen mingarriz betea egongo zen ziurrenik, baina lanerako espaziorik handiena ere bazen, eta argi naturalik onena hantxe zegoen. Krasnerrek elkarrizketa batean azaldu zuenez, “ez zuen zentzurik hutsik uzteak”1. Bat-batean, konturatu zen ordura artekoa ez bezalako eskala batean lan egin zezakeela mihiseak bastidorerik gabe zuzenean horman josita. Garai hartan insomnio kronikoa zuenez, gauez margotzen zuen eta, ondorioz, haren kolore-paleta zurira eta arrera (naturala zein iluna) murriztu zen, gorroto baitzuen argi artifizialpean kolorearekin lan egitea.

Horren emaitza izan zen bere lagun Richard Howard poetak “gaueko bidaiak” bezala bataiatu zuen aparteko pintura-sorta. Beltzaren ordez okre kolorea erabiltzeak izaera organikoa ematen die eszena frenetikoei, ur uher eta nahasien edo basamortuko ekaitz bortitz baten pareko zerbait. Obren izenburuek, hala nola Ikaraldi polarra (Polar Stampede), dramatismo naturalaren sentipena areagotzen dute; Krasnerrek ironiaz esan zuen bezala: “Ikaraldi bat ez duzu hola-eta-hola ikusten”2. Elkarrizketa berean azaldu zuen Eguzki-plexuari eraso (Assault on the Solar Plexus) izenburua “deserosoki errealista” zela: “Greenberg-ekin liskarra izan nuen, nire ama lehentxeago hil zen… ez nekien Pollocken kontuari nola aurre egin. Garai zailak izan ziren”3.

Krasnerrek aipatzen duen “liskarra” gertatu zen Clement Greenbergek French & Company galerian egitea eskaini zion erakusketa bertan behera uztea erabaki zuenean, zergatik eta ez zitzaiolako gustatzen artistaren obra berria hartzen ari zen norabidea. Hala ere, saila bazterrera utzi beharrean, bete-betean heldu zion Krasnerrek. Gauzatzen zailak ziren lan haiek: Ikaraldi polarra, adibidez, ia bi metro eta erdi luze da, eta lau metrotik gorako zabalera du; Krasnerrek, ordea, 1,60 metro neurtzen zuen. Horrela, bada, gorputz osoa erabili behar izaten zuen margotzeko, eta zenbaitetan lurretik salto egin behar izaten zuen pintzel kirten-luze batekin urrutieneko txokoetara iritsi ahal izateko. Berak “pintura fisikoak” deitzen zien, non erritmo etena sortzen den “[bultzadaren] keinua” errepikatzetik abiatuta4.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Epigrafea: Krasner, Lee, hemen aipatua: Howard, Richard, “A Conversation with Lee Krasner”, 1978ko abendua, 1. or., LK Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington DC, 10. kutxa, 3. karpeta.

  1. Krasner, Lee, hemen aipatua: Munro, Eleanor, Originals: American Women Artists, New York: Simon & Schuster, 1979, 116. or. [itzuli]
  2. Krasner, Lee, hemen aipatua: Nemser, Cindy, “A Conversation with Lee Krasner”, Arts Magazine, 1973ko apirila, 47. or. [itzuli]
  3. Ibid. [itzuli]
  4. Krasner, Lee, hemen aipatua: Daw, Deborah, “Lee Krasner: On Climbing a Mountain of  Porcelain”, 1979, 27. or., LK Papers, 10. kutxa, 9. karpeta. [itzuli]