katalogoa
Kronologia
Jessica Freeman-Attwood
- Izenburua:
- Kronologia
- Egilea:
- Jessica Freeman-Attwood
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
- Neurriak:
- 23,3 x 18,3 cm.
- Orrialdeak:
- 80
- ISBN:
- 978-84-95216-91-5
- Lege gordailua:
- BI-01166-2020
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materialak | Sinbologia | Tamaina | Erakusketak | Stable galeria | Whitechapel galeria | AEB | New York | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Collage | Ikatz-ziria | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
1908
Lena Krassner urriaren 27an jaio zen Brooklynen, New Yorken: bederatzi hilabete eta bi aste igaroak ziren bere ama, Chane, Joseph senarrarekin elkartu zenetik. Hiru urte lehenago, Josephek Odesa inguruko herri batetik (garai hartan Errusia zena eta gaur egun Ukraina erdialdeko eskualdea dena) AEBra emigratu zuen, pogromo basatietatik eta Errusia-Japonia Gerratik ihesi. Lena, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako Krassner familiaren lehenbiziko umea, hiru ahizparekin (Ides, Esther eta Rose) eta neba batekin (Isak) bat egitera dator. Bere ahizpa txikia, Ruth, 1910ean jaio zen.
1909
Krasner etxe-giro judu ortodoxo batean hazi zen, eta bere familia errusiera, yiddish eta ingelesa nahasiz mintzatzen zen. Haurtzaro osoan, sinagogako elizkizunetara joateko ohitura izan zuen (Ruth ahizpak ez bezala), eta oso benetan hartzen zuen bere erlijioa. “Yom Kipur. Barau egiten nuen. Ez nuen bidezidorrik hartzen. Sinestuna nintzen. Eta jai-egunak aintzat hartzen nituen”.
Aitak fruta, barazki eta arrain postu bat zuen Blake Avenue-ko merkatuan, etxetik gertu. Geroago, Krasnerrek bere haurtzaroko Brooklyn oso landa-girokotzat deskribatu zuen: “Ni bizi nintzen lekuan, lore zoragarri batzuk zeuden. Izugarri gustatzen zitzaidan: atzeko lorategiak lirioak zituen. Eta zitori horiak: nire lore gogokoenak. Eta basoko margaritak. Andregai beloa. Eta lilak. Eta arrosak hesietan, eta lorategi guztietan”. Eskolarainoko bidea zen “urrebotoiz betetako orubeetan barrena. Etxalde bat zegoen, balde bat eta behiak zituena. Eta usainak: esne epela ontzian”.
Sinagogan, literaturan eta musikan murgildu zen Krasner lehenbiziko aldiz. Hebreeraren “misterioak” liluratzen zuela gogoratuko zuen, idazten ikasi zuen, baina inoiz ez zuen erabat ulertuko. Bere bizitzako geroagoko etapa batean, goizeko otoitzaren ingelesezko itzulpen bat irakurriz (umetan zintzo errezitatzen zuena), hasi zen emakumeei Idazteun juduetan ematen zitzaien tratuaren aurka gaizki esaka: “Gizona bazara, esaten duzu: ‘Eskerrik asko, Jauna, zure antz eta irudira egin ninduzulako’. Emakumea bazara, esaten duzu: ‘Eskerrik asko, Jauna, egoki deritzozun bezala egin ninduzulako’, eta horrek iraultza bat abiarazi zuen, eta oraindik ez naiz errekuperatu”.
Nebari esker, Fiodor Dostoievski, Nikolai Gogol eta Ivan Turguenev bezalako errusiar egile nabarmenak irakurtzen hasi zen.
1920
Abuztuaren 18an sartu zen indarrean Estatu Batuetako Konstituzioari egindako hemeretzigarren zuzenketa, emakume estatubatuarrei bozkatzeko eskubidea ematen ziena.
1922
Emigrante askok bezala, Krasnerrek bere izenaren bertsio amerikanizatu bat hartu zuen: “Lenore”. Brooklyngo 72. eskola publikoan graduatu zen eta Manhattango Washington Irving High institutuan plaza eskatu zuen. Garai hartan, New Yorkeko metropoli-eremuan emakumeentzako arte-ikastaro bat eskaintzen zuen ikastetxe publiko bakarra zen. Hasiera batean sarrera ukatu zioten, eta, horregatik, neskentzako Brooklyn Girls’ High institutuan sei hilabete pasatu zituen.
Garai horretan, Friedrich Nietzsche eta Arthur Schopenhauer filosofoak ezagutu zituen, eta haien idazkiek bere hezkuntza erlijiosoaren aurka matxinatzera bultzatu zuten. Ikastetxean gabon-kantak abesteari uko egin izanak eragindako zalaparta gogoratuko zuen artistak: “Nire harridura handirako, klase erdian jaiki eta esan nuen: ‘Uko egiten diot Jesus nire Jauna da esateari. Bera ez da nire Jauna’. Beno, pentsa dezakezu horrek ze eskandalu sortu zuen”. Orobat deskribatuko du nola iritsi zen etxera sabbat batez gurasoei oihuka adieraziz erlijioarekin amaitu zuela.
1923
Bigarren saiakeran, Krasner Washington Irving High-en onartu zuten, eta horrek esan nahi zuen egunero bi orduko joan-etorria egin behar zuela Manhattaneraino, horri esker metropoli zalapartatsuko bizimoduko aurreneko esperientziak biziko zituelarik. Geroago gogoratuko zuen: “Ez nuean ‘hiri’ batekin harremanik izan Manhattango Washington Irving High Schoolera metroan joan nintzen arte”.
1924
Modern Library-k New Yorken The Best Tales of Edgar Allan Poe argitaratu zuen. Poe inspirazio iturri handia izango zen Krasnerrentzat, New Yorken bilduko ziren beste artista askorentzat bezala, Max Ernst surrealista eta Robert Motherwell espresionista abstraktua barne. Aurrerago, Krasnerrek gogoratuko zuen Poek “sekulako eragina izan zue[la] nire nerabezaroan”.
1925
Udaberrian, Krasner institutuan graduatu zen.
1926
Otsailean, Manhattango Cooper Union unibertsitatean hasi zen Krasner, Charles Louis Hinton eta Victor Semon Pérard-ekin ikasten. Hintonek gainbegiratzen zizkion eskaiolazko moldeetan oinarritutako oin-eskuen, enborraren eta gorputz osoaren estudioak —modeloen aurrez aurreko marrazketa ikastaroan onartua izateko gainditu behar zituen klaseak baitziren—, baina Krasnerrek haren irakaskuntza metodo tradizionalekin talka egiten zuen. “Hinton jaunak oso gaizki pasatzen zuen nirekin. Azkenean, aurrez aurreko marrazketa ikastaroan onartuko ninduela esan zuen, baina ez nik merezi nuelako, baizik eta nirekin zer egin ez zekielako”. Krasnerren gainerako ikasgaien artean baziren, besteak beste, jantzien diseinua eta ilustrazioa, biak ere Ethel Traphagen-ekin.
Maiatzean, Krasnerren gurasoak Long Islandeko Huntington inguruko Greenlawn-era lekualdatu ziren.
1927
Urtarrilean, New Yorkeko Valentine Gallery-k Henri Matisseren lehen atzerabegirakoa egin zuen AEBetan. Artistaren seme gazteena zen Pierre Matissek antolatu zuen erakusketa, eta hilabeteko iraupena izan zuen, erakutsi zirelarik, besteak beste, 1919ko Luma zuriak (Les Plumes Blanches), eta 1923ko Arroxaz jantzitako neska (Jeune femme en rose). Krasnerrengan eragin boteretsua izatera iritsi zen Matisse, bere “jainkoetako” bat.
Garai horretan, Krasnerri ikaskideak “Lee” deitzen hasi zitzaizkion.
1928
Victor Semon Pérard-ek Anatomy and Drawing libururako ilustrazio bat eskatu zion Krasnerri. Emaitza, Esku-estudioak, bloke-metodoa (Studies of Hands, Method of Blocking; 3. irud., 188. or.), ordainduta egin zuen aurreneko lana izan zen.
Krasnerrek Cooper Union utzi zuen udaberriko hiruhilekoaren ondoren, “zerbait serioagoa” egin behar zuela sentitzen baitzuen. Uda horretan, zenbait lagunekin estudio bat partekatu zuen Fifth Avenue-n, Fifteenth Street parean, eta diru pixka bat irabazi zuen eraikin berean estudioa zeukan Moses Wainer Dykaar eskultorearentzat biluzik modelatzen jarriz. Uztailean Art Students League-n apuntatu zen eta hilabete eman zuen giza-irudiaren marrazketa ikasten George Bridgman-ekin.
Uztailaren 9an, Krasnerren ahizpa zaharrena, Rose, bat-batean hil zen apendizitaserekin, William Stein senarra eta bi alaba gazte utziz: Muriel eta Bernice. Krasnerrek uko egin zion Europako juduen ohitura zaharra onartzeari, hurrengo anaia edo arrebak alargunarekin ezkondu behar dela agintzen baitu, eta horrek Ruth ahizpa txikia eginbehar hori bere gain hartzera behartu zuen.
Krasnerrek gurasoen etxean egin zuen bolada bat, Long Islandeko Greenlawnen; bertan zela, lorategiko zuhaitz batean ispilu bat iltzatu zuen eta autoerretratu bat margotu zuen olio-pinturaz. Lan horrek New Yorkeko National Academy of Design-eko “Aurrez aurreko marrazketa eskaiolazko moldeetatik abiatuta” ikastaroan sartzeko aukera bermatzea espero zuen. Akademiako epaimahaiaren aurrean aurkeztu zuenean, epaileek ezin sinetsi zuten kanpo librean margotu zuenik eta “joko zikina” zegoela iritzi zioten, baina halere onartu egin zuten.
National Academyn, Charles Curran, Ivan Olinsky, Leon Kroll, Raymond Nielsen eta Cooper Unioneko bere arerio ohi Charles Hintonen gainbegiratuaren pean zegoen Krasner. Lehenbiziko aldiz, klase mistoetan ari zen artea ikasten.
1929
Otsailaren 5ean, Ruth Krasner William Steinekin ezkondu zen. Lee Krasner bolada batez ezkonberriekin eta ilobekin bizi izan zen, eta gerora Ronald neba batu zitzaien 1930ean. Geroago, haren iloba Murielek gogoratuko zuen Krasner “bigarren ama bat bezalakoa” izan zela berarentzat eta senideentzat, eta sarritan zirkura edo filmak ikustera eramaten zituela.
Urriaren 29an Wall Streeteko burtsaren krakatekoa gertatu zen, Depresio Handiaren (1929–39) atarikoa. 1933an 12,8 milioi estatubatuar langabezian zeuden, eta hogeita hiru urte behar izan ziren merkatua bere onera etor zedin.
Azaroaren 8an, ostirala, New Yorkeko Museum of Modern Art-ek ateak ireki zituen: inaugurazioko erakusketa da Cézanne, Gauguin, Seurat, Van Gogh. Abby Aldrich Rockefeller, Lillie P. Bliss eta Mary Quinn Sullivan-ek sortutako Museoa abiatu zen Heckscher Building-eko hamabigarren solairuan, Fifth Avenue eta Fifty-Seventh Street izkinan, alokatutako gela multzo xume batean.
Abenduaren 7an, National Academy of Design delakotik aldi baterako kanporatua izan zen Krasner, bere lagun Eda Mirsky-rekin batera sotoan, emakumeentzat erabat debekatutako gune batean, lan egiteagatik. Arauak sumindu egiten zuen Krasner: “Sinagogan nengoenekoa etortzen zitzaidan gogora, eta nola esaten zidaten gora joateko, eta ez behera”.
National Academyn, Igor Pantuhoff errusiar emigrante eta ikaskidea ezagutu zuen Krasnerrek. Laster jarri ziren elkarrekin bizitzen, 1930eko hamarkadaren zatirik handienean luzatu zen harreman bati hasiera emanez. Maiz joaten ziren biak Brooklynen bizi ziren Krasnerren ilobak bisitatzera, udan gurasoen etxean denbora pasatzeaz gain.
Krasnerrek ikasle lotsagabearen ospea irabazi zuen. Garaiko kalifikazioen buletinak honako hau dio: “Hau bai ikasle gogaikarria… eskolako arauak gorabehera, beti tematzen da gauzak bere erara egiten”.
1930
Krasnerren izena “Lee” bezala agertu zen 1930eko AEBko Errolda Federalean, baina bi “s” erabiltzen jarraitzen zuen “Krassner” abizenean.
Urtarrilean, New Yorkeko Museum of Modern Art-ek Painting in Paris izeneko erakusketa inauguratu zuen. Krasnerrek erakusketa ikusi zuen, eta “Matisse eta Picassoren lana aurrez aurre” behatzeak zirrara handia sortu zuen harengan. Artistak berak honela deskribatzen zuen unea: “Lurrikara bat niretzat… ate bat irekitzea bezala”.
1931
Gertrude Vanderbilt Whitney-k New Yorken Whitney Museum of American Art izenekoa sortu zuen. New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoak uko egin zion Whitneyren bostehun artelan baino gehiagoko bildumaren dohaintzari, eta horrek bere museo propioa sortzera bultzatu zuen, artista estatubatuar modernoei eta garaikideei soilik eskainia.
Krasnerren gurasoen etxean izandako sute batek suntsitu egin zituen haren gaztaroko obra gehienak.
Urrian, Pierre Matissek bere galeria propioa ireki zuen New Yorken. Galeristak eragin handia izan zuen Europako arte modernoa Ameriketako Estatu Batuetan sartzeko orduan.
Azaroan, New Yorkeko Museum of Modern Artek Henri Matisseren atzerabegirakoa eskaini zuen (azaroaren 3tik abenduaren 6ra bitartean).
1932
Martxoaren 6an, Langabeen Kontseiluetan afiliatutako artista talde bat New Yorkeko Union Square-n bildu zen jendeari artisten langabezia larriaz kontzientzia harrarazteko eta orobat Depresio Handiaren ondorioz artistek jasaten zituzten gabeziez. Ekintza horrek Artists Union sortzea ekarri zuen.
Apirilean, zailtasun finantzarioek National Academy of Design utzi eta New Yorkeko City College eskolan izena ematera behartu zuten Krasner.
Uztailaren 2an, Franklin D. Rooseveltek hitzeman zuen Depresioak eragindako sufrimendua arinduko zuela, Demokraten Konbentzio Nazionaleko presidentegai izateko hautagaitza onartu zueneko hitzaldi batean: “Estatubatuar herriari tratu berri bat eskaintzeko konpromisoa hartzen dut”; “New Deal” delakoa martxan zegoen.
Krasnerrek Greenwich Villageko Sam Johnson’s izeneko gaueko klub batean lan egiten zuen zerbitzari, artista eta literatoen topaleku baitzen. Han ezagutu zituen Harold Rosenberg idazlea, Lionel Abel antzerkigilea, Maxwell Bodenheim poeta eta Parker Tyler idazle eta zinema kritikaria.
Krasner aurrez aurreko marrazketa eskolak jasotzen hasi zen Job Goodman margolariarekin Greenwich House-n, New Yorkeko auzo-etxe batean.
1933
Abenduan Public Works of Art Project (PWAP) sortu zen Roosevelten “New Deal” edo tratu berriaren elementu moduan. 3.700 artista baino gehiago kontratatu zituzten eraikin publikoak apaintzeko.
1934
Krasner PWAPk kontratatu zuen urtarriletik martxora bitartean. Bere lehenbiziko zeregina izan zen gobernuak diruz lagundutako arrokei buruzko liburu baterako fosilen marrazki xehatuak sortzea.
Udazkenean, Hans Hofmann artista alemaniarrak, Munichen irakasle izandakoak eta Picasso eta Georges Braque bezalako artistak bere Parisko egonaldian ezagutu zituenak, haren arte modernoko School of Fine Arts ireki zuen East Fifty-Seventh Street 137. zenbakian.
Abenduan, Ohrbach’s saltoki handietako langileekin batera manifestazioa egin zuen Krasnerrek, eta pikete bat osatu zuen East Fourteenth Streeteko dendan, sindikatuen aitortza eta soldata igoerak eskatzeko.
Garai berean, Krasnerrek Willem de Kooning artista bisitatu zuen West Twenty-First Streeteko estudioan, Manhattango Chelsea auzoan.
1935
Krasner eta Pantuhoff pisu bat partekatzen hasi ziren East Villagen Bob Jonas eta Michael Loew artistekin.
PWAPren jarraipen gisa, Roosevelten gobernuak Works Progress Administration (WPA) sortu zuen, Federal Art Project (FAP) barne hartzen zuena. FAP artista-sare garrantzitsu bat bilakatu zen, eta geroago New Yorkeko Eskolako figura nabarmenak izango ziren askori lana eman zien, hala nola Stuart Davis eta Arshile Gorky-ri.
Hofmannek Provincetowneko (Massachusetts) udako eskola inauguratu zuen.
Abuztuan, Temporary Emergency Relief Administration-en lan egin ondoren, Krasner FAPeko Muralen Sailean sartu zen, non Burgoyne Diller artistak gainbegiratu zuen. Max Spivak muralistaren laguntzaile bihurtzeko eskatu zioten laster.
WPA emakumeen aurkako diskriminaziotik harrigarriki aske zegoela ohartu zen Krasner: “Emakume pila bat ginen garai hartan han lan egiten genuenak: Alice Trumbull Mason, Suzy Frelinghuysen, Gertrude Greene eta beste batzuk.
New Yorkeko proiektuaren zuzendaria emakume bat zen, Audrey McMahon “.
1936
Cubism and Abstract Art erakusketak (martxoaren 2tik apirilaren 19ra) ateak ireki zituen New Yorkeko Museum of Modern Arten: museoko lehenbiziko zuzendari Alfred H. Barr Jr. izan zen komisarioa. Krasnerrek erakusketa bisitatu eta katalogoa arretaz aztertu zuen.
Krasnerrek De Kooningek WPArentzat hasitako horma-irudi bat osatzeko enkargua jaso zuen (hark ezin izan zuen amaitu, estatubatuarra ez zelako). Geroago, Krasnerrek azaldu zuen De Kooning “nire estudioan estraofizialki agertzen zen, ni egiten ari nintzena ikusteko. Harentzat, hard-edge zen, eta oso abstraktua “.
Krasnerrek eta Pantuhoffek espazio bat alokatu zuten West Fourteenth Streeteko 333. zenbakiko zortzi logelako pisu batean, Harold Rosenbergekin batera, besteak beste.
Uztailaren 17an hasi zen Espainiako Gerra Zibila. 2.800 estatubatuarrek baino gehiagok, Artists Unioneko hainbat kidek tartean, Francisco Franco diktadore militarra buru zuen eta Adolf Hitler eta Benito Mussolinik babesten zuten estatu kolpearen aurka egiteko deia egin zuten.
Urrian, Hofmannek bere School of Fine Arts aldatu zuen West Ninth Street 52. zenbakira.
Abenduaren 1ean, Krasnerrek artista eta modelo talde handi batekin bat egin zuen East Thirty-Ninth Streeten egindako greba batean, non berehala gertatzera zihoan WPA-ko 500 langileren kaleratzearen kontra protesta egin baitzen. Poliziarekin izandako liskar bortitzen ondorioz, hainbat manifestari atxilotu zituzten, Krasner barne, zeina Mary Cassatt margolari inpresionista estatubatuarra balitz bezala identifikatu zen. Krasnerrek Mercedes Carles artista ezagutu zuen (geroago Mercedes Matter), eta hura ere atxilotu zuten. Biek WPAko Muralen Sailean lan egin zuten eta adiskide min bihurtu ziren.
Abenduan, Krasnerrek gizon bat ezagutu zuen Artists Unioneko loft batean egindako festa batean; geroago jakin zuen Jackson Pollock artista zela. Elkarrekin dantzatu zutela gogoratuz, Krasnerrek esan zuen: “Zapaldu eta zapaldu egiten ninduen!”.
Fantastic Art, Dada, Surrealism erakusketa (1937ko abenduaren 9tik 17ra) New Yorkeko Museum of Modern Arten inauguratu zen, berriro Barr komisario zela.
American Abstract Artists (AAA) elkartea sortu zen New Yorken artista abstraktu estatubatuarren obra sustatzeko, z baitzuten ia batere laguntzarik jasotzen erakundeetatik.
1937
Hans Hofmann School of Fine Artsen matrikulatu zen Krasner. Hofmannek eskolan proposatzen zituen abstrakzio kubistari buruzko teoriek erantzun sortzailea eragin zuten Krasnerrengan eta haren irakaslea emaitzarekin txundituta geratu zen, honako esaldi ospetsu hau ahoskatu zuelarik: “Hain da ona, inork ez bailuke esango emakume batek margotua denik”.
Geroago, Krasnerrek, txantxetan, esango zuen, Hofmannen doinu alemaniarraren ondorioz, lehen sei hilabeteetan ez zuela ulertu zer esaten zuen, eta George McNeil klaseetako begiraleari eskatu behar izaten ziola bere lanaren ebaluazioak itzultzeko. Hofmann Schooleko ikaskideen artean zeuden Perle Fine, Ray “Buddha” Kaiser (geroago Ray Eames), Mercedes Carles, Lillian Olinsey (geroago Lillian Kiesler), John Little, Fritz Bultman, Wilfrid Zogbaum eta George Mercer.
John Graham-en System and Dialectics of Art lana argitaratu zen (Delphic Studios, New York), eta horrek eragin zuzena izan zuen artista espresionista abstraktu gazte batzuengan, Krasner barne. Grahamek idatzi zuen: “Artearen helburua, zehazki, inkontzientearekin galdutako lotura berrezartzea da… eta lotura hori garatzea, gogo kontzientera ekartzeko gogo inkontzientearen bulkadak”.
Apirilean, Magazine of Art aldizkarian argitaratu zen Grahamen “Primitive Art and Picasso” artikulua.
Uztailaren 16an, WPAren “kitapena” (kaleratze gutuna) jaso zuen Krasnerrek, baina abuztuaren 19an berriro kontratatu zuten.
Krasnerrek bere lehenbiziko erakusketa publikoan parte hartu zuen: Pink Slips Over Culture, uztailaren 19tik 31ra bitartean New Yorkeko ACA Galleries-en egina. Artists Union eta Citizens Committee for the Support of the WPA elkarteek antolaturik, WPAko artisten lan egoera prekarioaren aurkako protesta egin zuen erakusketak. Harekin batera zihoan katalogoan Ford Madox Ford eleberrigileak idatzitako sostenguzko adierazpen bat eta Lewis Mumford historialariak Roosevelt presidenteari idatzitako gutun ireki bat zeuden (aurrenik New Republic-en argitaratua), non proiektu artistikoetan murrizketak saihesteko deia egiten zuten. Krasnerrek Natura hila (Still Life) izeneko obra bat erakutsi zuen.
1938
Harold Rosenbergek Clement Greenberg arte kritikaria aurkeztu zion Krasnerri, eta honek Greenberg Hans Hofmannek ostiralero ematen dituen hitzaldi publikoetara joatera animatu zuen; han askotan topo egin zuten biek.
Krasnerrek eta Pantuhoffek Provincetown-en pasatu zuten uda, lagun artista multzo batekin, besteak beste, Arshile Gorky eta David Margolis-ekin. Krasner Hofmannen udako ikastaroetara joan zen.
Abenduan, Barney Josephson-ek Café Society Downtown gau-kluba zabaldu zuen Greenwich Villageko Sheridan Square-n; bigarren lokal bat, Café Society Uptown, 1940ko urrian inauguratu zen. Krasner bi lokal horietara joan ohi zen dantzara.
1939
Maiatzean, Picassoren Guernica erakutsi zen Valentine Gallery-n, American Artists Congress elkarteak babestutako erakusketa baten barruan, Espainiako Errefuxiatuei Laguntzeko Funtserako dirua biltzeko asmoz. Krasner harrituta geratu zen obrarekin: “zirrarak harturik, gelatik atera behar izan nuen. Lauzpabost buelta eman nizkion etxe-sailari, eta, gero, berriro sartu nintzen hura ikustera”.
Abuztuaren 31n, Krasner WPAtik kaleratu zuten berriro. Hiru hilabete egon behar izan zuen zain, azaroaren 29an berriro kontratatu zuten arte.
Krasner Artists Unioneko zuzendaritza batzordeko kide eta AAAko partaide egin zen.
Irailaren 1ean Alemaniak Polonia inbaditu zuen, eta horrek Bigarren Mundu Gerraren hasiera markatu zuen. Europako artista ugarik, Max Ernst, Marc Chagall, Salvador Dalí, Fernand Léger eta Piet Mondrian barne, Ameriketara ihes egin zuten hurrengo urteetan.
Udazkeneko edizioan, Partisan Review-ek Clement Greenbergen “Avant-Garde and Kitsch” saiakera argitaratu zuen, arte ederren eta herri-kulturaren arteko banaketa zalantzan jarriz. Testuak Greenberg New Yorkeko ahots kritiko nagusienetakoa bihurtu zuen.
Urrian, Pantuhoffek New Yorken utzi zuen Krasner, gurasoekin denboraldi bat Floridan pasatzeko.
Solomon R. Guggenheimek Museum of Non-Objective Painting ireki zuen New Yorken, bere artista abstraktu estatubatuarren zein europarren bilduma erakusteko, Rudolf Bauer eta Alice Mason barne direla. Geroago, Krasnerrek gogoan izango zuen nola bisitatu zuen museoa, Vasili Kandinski margolari errusiarraren obraren erakusketa bat ikusi zuelarik.
Azaroaren 5ean, Arthur Rimbaud-en Une saison en enfer (Denboraldi bat infernuan) lanaren ingelesezko itzulpen berri bat argitaratu zen, Delmore Schwartz-ek egina. Lanak Krasnerrengan erasan handia sortu zuen, eta bere lagun Byron Browneque margolariari eskatu zion honako pasarte hau idatz zezala bere estudioko horman (orain East Ninth Street 51. zenbakian): “Nori aloka nakioke? Ze piztia gurtu behar da? Ze iduri sainduri eraso? Ze bihotz xehatuko ditut? Ze gezur atxeki? Ze odoletan ibili?”. Krasnerrek geroago azalduko zuen moduan: “Nik bizi izan nuen. Horrekin identifikatzen nintzen. Banekien zertaz ari nintzen. Beste zer errealitate nahi duzu? Bertso horiek errealitatearekin dute zerikusia, ez gezurrekin”. Hitzak beltzez margotuta zeuden, “Zer gezur atxeki?” esaldia izan ezik, bereziki azpimarratu baitzuen urdinez margotuz. Azaroaren 15ean, Picasso: Forty Years of His Art erakusketa inauguratu zen New Yorkeko Museum of Modern Arten, eta 1940ko urtarrilaren 7ra arte egon zen zabalik.
1940
Otsailean, Pantuhoffek Krasnerri idatzi zion jakinaraziz ez zeukala New Yorkera itzultzeko asmorik. Krasner atsekabetuta geratu zen albistearekin, eta bere ondasun guztiak bidaltzeko lan astunari ekin behar izan zion.
Apirilaren 15ean, Krasnerrek New Yorkeko Museum of Modern Arten egindako manifestazio batean parte hartu zuen, AAAk antolatua, Museoko erakusketen egutegitik arte abstraktua baztertzearen aurka. Manifestariek Ad Reinhardt margolari abstraktuak diseinatutako liburuxkak banatzen zituzten, non galdetzen baitzen: “Zenbaterainoko modernoa da Arte Modernoaren Museoa?”, New York Times egunkariak “abangoardiaren gerra-oihua” bezala deskribatu zuelarik eslogana.
Ekainaren 5etik 6ra bitartean, Krasnerrek lehen aldiz erakutsi zuen bere obra AAArekin, American Abstract Artists Fourth Annual Exhibition erakusketaren barruan, New Yorkeko American Fine Art Galleries-en. “Lenore Krasner” erakusketako partaide gisa aipatu zuen Jerome Kleinek New York Post-en: egunkari batean egin zitzaion aurreneko aipamena.
Udan, Krasnerrek Carl Jung-en The Integration of the Personality (Kegan Paul, Londres, 1940) lana irakurri zuen, eta liluratuta geratu zen bere ideiekin: “Bere unibertsaltasunak erakarri ninduen, bere kontzeptuaren handitasunak, aldez maitagarrien ipuinekiko eta [Maurice] Maeterlinck eta Edgar Allan Poeren lanekiko izan dudan interes goiztiarragatik”.
Abuztuaren 20an, Leon Trotsky iraultzaile errusiarra hil zuen Mexikon Stalinen agenteetako batek. Krasnerri Trotskyren idatziak interesatzen zitzaizkion, eta bazeuzkan honako liburu hauen aleak: The History of the Russian Revolution (Simon & Schuster, New York, 1936) eta The Revolution Betrayed: What is the Soviet Union and Where is it Going? (Doubleday, Doran & Company, New York, 1937).
Azaroan, Krasnerrek Werner Drewes, Gertrude Greene, Ilya Bolotowsky eta George L. K. Morrisekin batera egindako txosten bat aintzakotzat hartuz, AAAk Piet Mondrian eta Fernand Léger taldeko kide bilakatzearen alde bozkatu zuen.
Tennessee Williams antzerkigileak Krasnerren estudioa bisitatu zuen Fritz Bultman-ekin. Krasnerrek Williamsi alde egiteko eskatu zion, honek horman grabatuta zeuzkan Rimbauden Denboraldi bat infernuan-eko bertsoak kritikatu ondoren. Geroago gogoratuko zuen: “Hainbeste eztabaidatu zuten [olerkiari buruz], non biak bota bainituen. Ez zitzaidan gustatu esaten ari zirena, beraz, esan nien: ‘Kanpora’”.
1941
George L. K. Morris-ek eta Suzy Frelinghuysen-ek antolatutako festa batean, Léger eta Mondrian AAAn sartzea ospatzeko egina izan baitzen, Krasnerrek azkenengo hau ezagutu zuen. Bikotea ohartzen da boogie-woogie dantzagatiko maitasuna partekatzen dutela, eta elkarrekin ateratzen dira dantzatzera. Krasnerrek une horiek gogoratzen ditu: “Nik jazza izugarri maite nuen, eta berak ere bai; beraz, hainbatetan ikusi genuen elkar, eta zoratzen ateratzen ginen dantzara”. Geroago, Mondrianek Boogie-woogie-a Broadway-n (Broadway Boogie Woogie, 1942–43) margolana egin zuen, musika estilo horren omenez.
Otsailaren 9tik 23ra bitartean, Krasnerrek Fifth Annual Exhibition of the American Abstract Artists-en parte hartu zuen, New Yorkeko Riverside Museum-en, AAAko kide berriak ziren Léger eta Mondrianekin batera. New York Times-en artista aipatzen zuten parte-hartzaileen artean. Krasnerrek erakusketan zuen pintura ikustean, hala esan zion Mondrianek: “Barne-erritmo oso indartsua daukazu. Ez duzu inoiz galdu behar “.
Udaberrian estualdi ekonomikoak pasatu zituen Krasnerrek, eta laguntza eskatu zien Pantuhoffi eta George Mercerri.
Ekainaren hasieran, André Breton idazle frantsesa, mugimendu surrealistaren sortzailea, New Yorkera joan zen, eta bost urtez bertan egon zen Parisera itzuli aurretik. Breton eragin handiko figura bihurtu zen New Yorkeko artista askorentzat, Arshile Gorky barne.
Krasnerrek proposamen arrakastatsu bat aurkeztu zuen WNYC irratiko A estudioko hormak apaintzeko mural abstraktu bat egiteko asmoz. Bertan lanean hasi aurretik, ordea, enkargua utzi eta beste artista batzuekin bat egitera behartuta ikusi zuen bere burua, ahalegin belikoaren aldeko proiektuetan lan egiteko.
Urtearen azkenaldera, Krasnerrek John Graham ezagutu zuen, System and Dialectics of Art lanaren egilea. Grahamek bere lana ikustea eskatu zuen, eta azaroaren 12an postal bat bidali zion Krasnerri parte hartzera gonbidatuz McMillen Galleryn, East Fifty-Sixth Streeten, antolatzen ari zen American and French Paintings izeneko erakusketa batean: “Lenore estimatua: hiriaren goiko aldeko galeria batean antolatzen ari naiz pintura frantsesen eta estatubatuarren erakusketa bat, publizitate bikainarekin, etab. Braque, Picasso, Derain, Segonzac, S. Davis eta beste batzuk dauzkat. Formatu handiko zure azkenengo pintura han izatea ere nahiko nuke. Zure estudiotik pasatuko naiz ostiral arratsaldean galeriako zuzendariarekin. Deitu ahal baduzu. Zurea, Graham.
Geroago, Krasnerrek kontatu zuen Grahamen erakusketan bildu ziren margolari estatubatuarren artean izenez ezagutzen ez zuen bakarra Jackson Pollock zela, eta, beraz, haren estudiora joan zen ezagutzera, kasualitatez harengandik etxe-sail bakar batera baitzegoen (Ninth Streeten zegoen Krasnerrena, eta Pollockena Eighth-en). Izugarri txundituta geratu zen haren lanarekin: “Jota nengoen, harrituta, hori da dena. Margo bikain horiek guztiak ikusi nituen, eta zorua nire oinen azpian hondoratuko balitz bezala sentitu nintzen… Nola zitekeen bera bezalako margolari bat egotea eta nik hura bazenik ere ez jakitea?”. Krasnerrek Pollocki beste artista asko aurkeztu zizkion, haien artean De Kooning.
Abenduaren 7an, ustekabeko operazio militar batean, Japongo Itsas Armada Inperialaren Aireko Zerbitzuak Pearl Harborreko itsas base estatubatuarrari eraso zion, Ameriketako Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerran sartzera behartuz.
1942
Urtarrilaren 20an ireki zituen ateak American and French Paintings erakusketak McMillen Gallery-n. Pollockez gain, erakusketako gainerako artista estatubatuarren artean Stuart Davis eta De Kooning zeuden. Krasnerrek Abstrakzioa (Abstraction) lana aurkeztu zuen, 1941ekoa; Pollockek, berriz, Jaiotza (Birth) agertu zuen, 1941ekoa; eta De Kooningek Gizona zutik (Standing Man), 1942koa. Aurrerago, Krasnerrek gogoratuko zuen: “Tira, gogo ikaragarri bizia jarria nuen. Matisse bat neukan alde batean eta Braque bat bestean”. Krasner eta Pollock batera joan ziren inauguraziora. 1942ko otsailaren 11ko data duen gutun batean, George Mercerrek galdetu zion: “Zer gertatzen da zurekin? Eta gustuko duzula uste duzun zure lagun eta erakusketako kidearekin? Idatzi eta kontatu”. Geroago, Krasnerrek Pollockekin izan zuen harremanaren hastapenak deskribatzen zituen: “Hasieran eutsi egin nion, baina onartu behar dut ez nuela luzaroan iraun. Izugarri erakartzen ninduen Jacksonek, eta hartaz —fisikoki eta intelektualki— maitemindu nintzen, hitzaren hedadura osoan”.
Urtarrilean, Mondrianen lehen bakarkako erakusketa inauguratu zen Valentine Galleryn. Krasner eta lagun batzuk urtarrilaren 23an artistak “Toward the True Vision of Reality” izenburupean emandako hitzaldi batean izan ziren. Kutsu autobiografikoa izan zuen solasaldiak eta gerora argitaratua izan zen, eta han Mondrianek praktika tradizionala nola utzi zuen deskribatzen zuen: “Nire pinturan aldatu zen lehenengo gauza kolorea izan zen. Berezko kolorea utzi nuen, kolore garbiaren mesedetan. Hasi nintzen sentitzen ezinezkoa dela naturaren koloreak mihisean erreproduzitzea. Instintiboki, pinturak naturaren edertasuna adierazteko modu berri bat aurkitu behar zuela sentitu nuen”.
Martxoan, Clement Greenberg The Nation-eko ohiko arte kritikari bihurtu zen.
Krasnerrek Hans Hofmann eraman zuen Pollocken estudioa ezagutzera. Gogoan zuen bi artistek talka egin zutela Hofmannek oihu egin zuenean: “Bihotzetik egiten duzu lan: hori ez dago ondo. Naturatik abiatu behar duzu, edo zeure burua errepikatzen amaituko duzu”, eta Pollockek honela erantzun zion: “Neu naiz natura”. Lan egiteko modu berri horrek Krasner pinturaren ikuspegi propioa birplanteatzera eraman zuen, “harlauza grisak” besterik sortzen ez zituen aldi luze eta zail batera eramanez. Mihise horiek behin eta berriz margotu eta bermargotzen zituen, eta horren emaitza pigmentuzko ore trinko eta eitegabe bat izaten zen, eta sentitzen zuen handik ez zela “irudirik sortzen”.
WPA War Services Project bihurtu zen. Maiatzean, Krasner aukeratu zuten New York osoan zehar zabaldu ziren merkataritza-guneetako erakusleihoetarako tamaina handiko iragarkien diseinua eta ekoizpena ikuskatzeko, zeinek udal unibertsitateetan emango ziren heziketa militarreko ikastaroen berri emango baitzuten. Bere taldean Pollock zegoen. Krasnerren diseinuek Bauhaus gogorarazten diguten fotomontajeak sortzeko tipografia ezberdinak eta ikastaroen argazki dokumentalak uztartzen zituzten.
Maiatzean bertan, Krasnerrek Roosevelt presidenteari helarazitako eskaera bat sinatu zuen, WPAko sormen jardueren murrizketen aurka protesta egiteko.
Udazkenean, Krasner Pollockekin bizitzen jarri zen East Eighth Street 46. zk-an. Pollockek anaia Sanford McCoy eta Arloie emaztearekin partekatzen zuen etxebizitza eta haiek Connecticutera alde egin eta gero Krasner sartu zen.
Urriaren 20an, Peggy Guggenheimek Art of This Century galeria inauguratu zuen, Frederick Kiesler arkitekto, diseinatzaile eta eskultoreak diseinatua eta West Fifty-Seventh Street 30-ean kokatua. Bertan, arte surrealista europarra erakusten zuen, baita sortzen ari ziren artista estatubatuarren lanak ere, hala nola Pollock, De Kooning, Ad Reinhardt eta Robert Motherwellenak. Abenduaren 2an, Holokaustoaren biktimen aldeko lehen isilaldi publikoa egin zen, jendeari gertatzen ari zen genozidioaz kontzientzia harrarazteko.
1943
Otsailaren 2an, Sobietar Batasunak naziak garaitu zituen Stalingradoko guduan.
Krasner zein Pollock hegazkingintzarako metal ijeztuaren industriako ikastun izendatuak izan ziren: Pollock Brooklyngo WPA Project Service Trade Center-en, eta Krasner, berriz, East Seventh Streeteko New York Trade School-en.
Martxoan, New Yorkeko Madison Square Garden-en “We Will Never Die” obra antzeztu zen. Ben Hecht gidoilariak antolatu zuen, publiko estatubatuarrari Europan gertatzen ari zen juduen pogromoaren berri emateko.
Apirilaren 6an, Krasnerrek New Yorkeko Udalari eskatu zion bere jaiotza-agirian ageri zen “Lena Kreisner” izena “Lenore Krassner” izatera pasatzeko.
Apirilaren 21ean hasita, Krasnerrek 488 orduko prestakuntza egin zuen marrazketa teknikoan. Geroago, bere irakasleak esango zuen “ikasle distiratsuenetako bat” izan zela.
Krasnerrek AAA utzi zuen, desilusionatuta sentitzen baitzen: “AAAk ez zuen onartzen aire surrealistak atea zeharkatzea. Edozein groupie bezain probintzianoak ziren. Ni oraindik irekia izaten saiatzen nintzen. Saiatu nintzen, adibidez, [Alexander] Calder gonbida zezaten, eta esan zidaten: “Ez”. Saiatu nintzen Hofmann ekar zezaten hitzaldi bat ematera, eta esan zidaten: “Ez”.
Azaroaren 8an, Pollocken bakarkako lehen erakusketa inauguratu zen Art of This Century galerian.
War Services Project amaitu egin zen, artista ugari diru-iturri erregularrik gabe utziz, baina beren lanean zentratzeko denbora gehiagorekin.
1944
San Francisco Museum of Art-ek antolatutako Abstract and Surrealist Art in America erakusketan parte hartu zuen Krasnerrek, Sidney Janis-ek hautatutako obrekin. Otsailaren 8an Cincinnati Art Museum izan zuen aurreneko egoitza eta Ameriketako Estatu Batuetako beste hiru museotan ere egon zen. Janisek egindako erakusketa-katalogoak Krasnerren 1943ko Konposizioa (Composition) pieza darama barruan. Bere obra beste artista abstraktu batzuekin batera aurkeztu zen, hala nola Hofmann, De Kooning, Stuart Davis eta Robert Motherwell.
Martxoaren 7an zabaldu zituen ateak Hofmannen Art of This Century-ko erakusketak, eta hilaren azkenera arte egon zen bertan. Krasner eta Pollock funtsezkoak izan ziren horretarako Hofmann eta Peggy Guggenheim aurkeztean.
Azaroaren 17an, Krasnerren aita hil zen, bi urtez gaixorik egon ondoren. Artista atsekabetuta zegoen, eta Mercedes Matteri idatzi zion: “Esan liteke txikitua uzten zaituela, eta erupzio izugarri baten erakoa dela, non dena apurtzen baita […] Zain egon beharra daukat zauriak itxi eta denboraren joanak sentipen hau aldatu artean”.
Pollockengandik hain gertu zegoen leku batean lan egin behar ez izateko, Krasnerrek leku bat alokatu zion Reuben Kadish artistari Roberto Matta pintore surrealistaren estudioa izandakoan, Sixth Avenue eta Twelfth Street artean.
1945
Krasnerrek The Women izeneko erakusketa kolektibo batean ez parte hartzea erabaki zuen; ekainean Art of This Century-n inauguratzea aurreikusita zegoen. Uste denez, gonbidapenari uko egin zion ez zuelako emakume hutsez osatutako erakusketa batean parte hartu nahi, eta nolabaiteko antipatia ziolako Peggy Guggenheimi. Ondorengo elkarrizketa batean, Krasnerrek esan zuen: “Ez nuen azaldu nahi. [Guggenheim] ez zen emakumeen oso laguna. Ez zitzaizkion emakumeak gustatzen “.
Apirilean, Samuel Kootz-ek bere galeria ireki zuen East Fifty-Seventh Street 15. zenbakian, Fernand Légerren obren erakusketa batekin. Geroago, urte horretan bertan, Hofmannek, Robert Motherwellek eta Adolph Gottlieb-ek ere Kootzekin sinatu zuten urte horretan.
Howard Putzel-ek, Guggenheimen laguntzaile ohiak, Art of This Century utzi eta bere espazio propioa ireki zuen, Gallery 67. Bere lehen erakusketa, A Problem for Critics, maiatzaren 14an inauguratu zen. Krasner izan zen emakumezko parte-hartzaile bakarra, eta Pollock, Mark Rothko, Arshile Gorky eta Richard Pousette-Dart-ekin batera erakutsi zuen bere obra, baita Picasso, Jean Arp eta Joan Mirórekin batera ere, besteak beste.
Udan, Krasner eta Pollock Reuben eta Barbara Kadish-i batu zitzaizkien Long Island-eko South Fork-en. Hainbat aste inguru hartan igaro ondoren, Pollock eta Krasnerrek hiria utzi eta Long Islanden bizitzen jartzea erabaki zuten. Lehenago, haien lagun Harold eta May Rosenbergek etxe zahar bat erosi zuten ondoko Springs herrixkan.
Abuztuaren 6an eta 9an, Ameriketako Estatu Batuek bonba atomikoak jaurti zituzten Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hirietan. Bigarren Mundu Gerra irailaren 2an amaitu zen.
Urriaren 25ean, Krasner eta Pollock ezkondu egin ziren New Yorkeko Marble Collegiate Church-en. May Tabak Rosenberg eta sakristaua izan ziren lekukoak, Peggy Guggenheimek Krasnerrek zeremonian parte hartzeko egin zion eskaintzari uko egin ondoren, esanez: “Ez al zaudete jada aski ezkonduak?”.
Azaroaren 5ean, Guggenheimen laguntza ekonomikoarekin, ezkonberriek egurrezko etxe bat erosi zuten Fireplace Road, Springs, Long Islanden, 5.000 USD-en truke. Geroago, Krasnerrek gogoratu zuen nola heldu zioten beren landako bizimodu berriari: “Sukaldean aritzen ginen, kontserbak egiten genituen, baratzea lantzen genuen: dena zen esperientzia berria eta ederra”.
1946
Udaberrian, Krasnerrek aurrerapen handia egin zuen bere Irudi txikiak (Little Images) izeneko obra sorta berriarekin: “Azkenean, kaleen grisa irekitzen hasi zen… Aldaketa handia izan zen”. Krasnerrek gogoan zuen Clement Greenbergek sortako lehenbiziko lanetako bat ikusi zuenean zera esan zuela: “goria dago. Egiten ari da [!]”.
Hans Hofmannen Mortimer Brandt Gallery-ko bakarkako erakusketaren aipamen batean, Robert Coates arte kritikariak “espresionismo abstraktuaren” nozioa erabili zuen, garaiko abstrakzio estatubatuarrarekin lotuta.
Krasner Ad Reinhardten How to Look at Modern Art in America tira komikoan sartu zuten, zeina ekainaren 2an agertu baitzen PM egunkarian. Banaketa zabaleko bineta horretan, Krasner De Kooningen ondoan kokatu zuen, eta horrek agerian uzten du garai hartan bere obrak zeukan aitortza.
Northwest Coast Indian Painting erakusketarekin Betty Parsons Gallery inauguratu zen New Yorken (irailaren 30etik urriaren 19ra). Peggy Guggenheim Italiara lekualdatu eta gero, Parsons margolari espresionista abstraktuen (Pollock, Rothko eta Barnett Newman barne) jarraitzaile garrantzitsua bihurtu zen.
1947
Udaberrian, Guggenheimek Art of This Century itxi zuen eta Veneziara lekualdatu zen behin betirako; bertan erakutsi zuen bere bilduma.
Springseko bere etxean, Krasnerrek goiko gela hartu zuen lantoki bezala, eta Pollock, berriz, aletegia erabiltzen hasi zen estudio moduan.
1948
Krasner eta Pollockek zailtasun ekonomikoak zituzten, eta hargatik idatzi zion Betty Parsonsek Guggenheimi “Pollocktarren finantza egoera larriaren” berri emanez. James Johnson Sweeney-k, New Yorkeko Museum of Modern Art-eko arte-arduradunetako batek, haiei laguntzea lortu zuen, Pollocki 1.500 USD bermatuz, artea sustatzeko Eben Demarest Trust delakoaren kontura.
Udan, Krasner eta Pollockek Elaine eta Willem de Kooning gonbidatu zituzten haiekin egun batzuk Springsen pasatzera.
Uztailaren 21ean, Arshile Gorkyk, Krasnerrek FAPrentzat lan egin zuen garaitik ezagutzen baitzuen, bere buruaz beste egin zuen. Biek denbora asko eman zuten elkarrekin Greenwich Villageko jatetxe ezaguna zen Jumble Shop-en, arteaz, filosofiaz eta, bereziki, Picassori buruz eztabaidatzen. Gorkyri buruz, Krasnerrek maitekiro esan zuen: “Borroka asko izan nituen Arshilerekin. Bai, gurea ez zen beti eztizko bidean ibili zen harremana”.
Udazkenean, Krasner “Lee Krasner” deitura erabiltzen hasi zen testuinguru publiko eta profesionaletan.
Irailean, Krasnerrek The Modern House Comes Alive 1948– 49 erakusketan parte hartu zuen, New Yorkeko Bertha Schaefer Galleryn. Artistak bere Irudi txikien saileko aukeraketa bat erakutsi zuen, 1943ko Konposizioa (Composition) eta 1946–48ko Abstraktua, 2. zk. (Abstract No. 2) barne, bai eta bere mosaikodun mahaietako bat ere. New York Herald Tribune-n iruzkina egiten zuen Ann Pringle-k “bikaintzat” jo zuen Krasnerren obra: kritikak haren artea goraipatzen zuen lehenbiziko aldia zen.
Irailean bertan, Sidney Janisek galeria bat ireki zuen East Fifty-Seventh Streeteko 15.ean, Légerren obren erakusketa batekin. Artista abstraktu estatubatuarren lana erakusteaz gainera, Europako margolari modernoen lanak ere erakusten zituen, hala nola Mondrian, Pierre Bonnard eta Paul Kleerenak.
1949
Martxoan Grace Hartigan margolari espresionista abstraktua, zeina bere estilo ausart eta imintziotsuagatik ezaguna baitzen, Harry Jackson artistarekin ezkondu zen Krasner eta Pollocken Springseko etxean.
Abuztuan Life-k erreportaje bat argitaratu zuen, honako titulu honekin: “Jackson Pollock: is He the Greatest Living Painter in the United States?” (Jackson Pollock: Estatu Batuetako pintore bizi handienaren aurrean ote gaude?). Artikuluak Pollockek New Yorkeko eszena artistikoan zeukan ospea sendotu zuen, eta izugarri lagundu zion bere obraren nazioarteko ezagutzari.
Krasner eta Pollockek Artists: Man and Wife-n parte hartu zuten, irailean Sidney Janisen galerian egindako erakusketan. Erakusketak beste zortzi artista bikote aurkeztu zituen, tartean zirela De Kooningtarrak, Max Ernst eta Dorothea Tanning, Picasso eta Françoise Gilot, Ben Nicholson eta Barbara Hepworth, eta Jean Arp eta Sophie Taeuber-Arp. Kritika askok emakumeak gutxietsi zituzten; ARTnews-eko artikulu batek honela zioen: “Lee Krasnerrek (Jackson Pollocken andreak) bere senarraren pinturak eta esmalteak hartzen ditu, eta bere lerro dramatiko eta neurrigabeak karratu txiki eta triangelu txukun eta ordenatu bihurtzen ditu”.
Urrian, East Eighth Street 39 zenbakiko loft batean The Club sortu zen, artisten foro bat. Kide sortzaileen artean De Kooning, Franz Kline eta Philip Pavia zeuden.
1950
Urteko lehenbiziko hilabeteetan, Krasner eta Pollock Alfonso Ossorio margolariaren etxean bizi izan ziren, Manhattango MacDougal Alley 9an, hura kanpoan zen bitartean. Martxoan, Krasner eta Pollock Springsera itzuli ziren, non Krasner bere Irudi txikiak sailetik urrundu zen, bere bakarkako lehenbiziko erakusketarako prestatzen zuen bitartean, zeina Betty Parsons Galleryn izango baitzen. Geroago, tamaina handiko obra horiek berrerabiliak edo suntsituak izan ziren.
Maiatzaren 20an, artista talde batek Metropolitan Museum of Art-eko lehendakari Ronald L. Redmond-i gutun irekia bidali zion, American Painting Today, 1950 erakusketaren joera kontserbadorearen aurka protesta eginez. Artistak, 1951ko urtarrileko Life aldizkariko erreportaje batean agertu ziren Nina Lee-k egindako argazki batean, oinean “Haserrekorrak” goitizenez izendatzen zirelarik. Pollock taldearen erdian dago, eta Hedda Sterne da argazkian ageri den emakume bakarra (nahiz eta Louise Bourgeois, Mary Callery eta Day Schnabel eskultoreek ere sinatu zuten gutuna). Krasner ez zen gonbidatua izan parte hartzera: “Barney Newmanek deitu zuen, eta, telefonoa hartu nuenean, Jacksonengatik galdetu zidan. Ez zidan protestaren berri eman ere egin”.
Ekainean, Betty Parsonsen margolari eta eskultoreen erakusketan ageri zen Krasner. Hogeita hamahiru artistetako bat izan zen, Pollock eta bere lagun Bradley Walker Tomlin-ekin batera.
Uda partean, Le Corbusierrek Krasner eta Pollock bisitatu zituen Springsen. Arkitektoa hauen bizilagun Costantino Nivola eskultorearekin agertu zen, zeinak geroago Le Corbusierrek Pollocken obraren aurrean izandako erreakzioa kontatu baitzuen: “Gizon hau apuntatu gabe tiro egiten duen ehiztaria bezalakoa da. Baina emazteak, berak bai, talentua du: emakumeek beti dute talentu handiegia”.
1951
Urtarrilean, Pollock kiribil alkoholiko bereziki indartsu batean murgildua zegoen, eta honako hau idatzi zion Alfonso Ossoriori: “Benetan hondoa jotzen ari naiz: depresioarekin eta edariarekin”. Geroago, martxoaren 9an, Pollockek testamentua idatzi zuen eta dena Krasnerri utzi zion.
Krasnerrek eta Pollockek parte hartu zuten The Club-en Ninth Street Exhibition tituluarekin egin zen erakusketan, Leo Castellik komisariatua eta East Ninth Street 60. zenbakiko establezimendu huts batean egina; maiatzaren 21ean zabaldu zituen ateak. New Yorkeko eszena artistikoaren historian mitikoa izatera iritsi zen erakusketa honek ospe handiko hainbat emakumeren lanak aurkeztu zituen, tartean Perle Fine, Helen Frankenthaler, Grace Hartigan, Joan Mitchell eta Anne Ryan artistenak.
Urriaren 15ean, Krasnerren bakarkako lehen erakusketa inauguratu zen Betty Parsons Galleryn, Paintings 1951, Lee Krasner izenarekin. Hamalau mihise egon ziren ikusgai, baina, saltzen ez zirenez, Krasnerrek horietako asko berrerabili zituen 1955ean Stable Galleryn erakutsi zituen collageak sortzeko. Stuart Prestonek, New York Timesen, lanetako baten “eraikuntza bikain eta gogoangarria” deskribatu zuen, eta adierazi zuen nola sortzen zuen sentipen bat “harmonia formal eta kromatikoak bilatzekoa, irtenbide ukaezinak proposatzekoa baino gehiago”.
Krasner eta Pollockek bultzatua, Ossoriok The Creeks erosi zuen, East Hamptoneko jabetza bat, lehenago Albert eta Adele Herter margolariena izandakoa.
Pollockek Betty Parsons Gallerytik alde egitea erabaki zuen, ez zuelako nahikoa obra saltzen. Ondorioz, Parsonsek eskatu zion Krasnerri bera ere joan zedila handik. Bere etsimendua gogoratuz, Krasnerrek esango zuen: “Ia urtebete behar izan nuen kolpe hartatik sendatu eta berriro lanean hasteko […] Galeriatik bota ninduten Jackson Pollocken andrea nintzelako”.
1952
Udan, Clement Greenberg eta haren neskalagun Helen Frankenthaler, Krasner eta Pollockekin gelditu ziren haien Springseko etxean.
Abenduan, Harold Rosenbergen “The American Action Painters” artikulu funtsezkoa argitaratu zen ARTnews-en, non lehenbiziko aldiz action painting (“ekintza-pintura”) terminoa erabili zen. Rosenbergek zioenez, pintore abstraktu estatubatuarrek “ekiteko agertoki baten moduan ikusten dute mihisea […] Mihisean pasatu behar dena ez da pintura bat, gertaera bat baizik”.
1953
Krasnerrek bere estudioa eranskin txiki batera eraman zuen, zeina Pollock eta biek jarria baitzuten etxearen ondoan erosi zuten akre beteko lur-sail batean. Springsera joan zirenetik, aurreneko aldia da Krasnerrek bere sortzeko lekua izan zuena.
Krasnerrek bere lan zaharretako zatiekin (tartean Betty Parsons Galleryko erakusketako mihiseetakoak) egindako collage handien sorta bati ekin zion. Artistak bere obrak zatikatzen zituen, eta horiek erabiltzen zituen oso konposizio dinamikoak sortzeko. “Ez zen erabaki bat izan, egiten ari nintzenari erreparatzen nion bitartean gertatu zen, besterik gabe”. Geroago, berak Barbara Novak-i kontatu zion obra zaharrak suntsitzeko eta berrerabiltzeko zeukan joera ikusten zuela “argitzeko era baten moduan […] Neure baitara itzultzen banaiz, hazkunde modu bat dela pentsatu nahiko nuke”.
Eleanor Ward-ek Stable Gallery zabaldu zuen antzinako zalditegi batean, Seventh Avenue eta West Fifty-Eighth Street artean. Galeriak jarraipena eman zion Ninth Street Exhibition-en legatuari, New Yorkeko panorama artistiko garaikidearen onena aurkezteko urtean behingo erakusketa batekin. Erakusketa horiek 1957ra arte iraun zuten, eta parte hartu zuten artistek antolatu zituzten, tartean De Kooning, Pollock, Franz Kline, Ad Reinhardt eta Philip Guston.
Bradley Walker Tomlin bihotzekoak jota hil zen berrogeita hamahiru urterekin. Aurreko gauean Krasnerrek eta Pollockek Springseko beren etxean antolatutako festa batean egona zen.
1954
Patsy Southgate idazleak, berriki Long Islandera bizitzera joan zelarik, Krasnerri gidatzeko eskolak eman zizkion pintura lezioen truke, eta horrek independentzia piska bat eman zion artistari.
Abuztuaren 15ean, Krasnerrek egun bateko bakarkako erakusketa bat inauguratu zuen East Hamptoneko House of Books and Music-en, Donald eta Carol Braider-ek zuzendurik. Bere Irudi txiki batzuk erakutsi ziren aurreneko aldiz, bere collage berriekin batera.
1955
Clement Greenbergek artikulu bat idatzi zuen Partisan Review-ren udaberriko ediziorako, Harold Rosenbergen action painting kontzeptua zalantzan jartzen zuena bere esamolde propioa proposatuz: American-Type Painting (“amerikar erako pintura”). Krasnerrek sutsuki erantzun zuen Greenbergen terminologiaren aurrean: “Mindu egiten nau. Eslogan bat jaurtitzen duzun unean, edozer sar dezakezu zakuan eta esloganak berekin darama: aspergarria eta probintzianoa da ideia gisa eta kontzeptu gisa, eta nik arteaz ulertzen dudanaren antitesia da”.
Udan, Krasner psikoanalisi saioetara joaten hasi zen, Harry Stack Sullivan psikologo estatubatuarraren ikasle Leonard Siegel doktorearekin.
Hans Namuth-ek abuztuan ateratako argazki sorta batean Pollock ageri zen Krasnerren 1955eko Kolorezko totema (Color Totem) obrari eusten, zeina baita collage bat bere nahiz Pollocken obrako elementuz osatua.
Krasnerren bakarkako erakusketa inauguratu zen Stable Galleryn, irailaren 26tik urriaren 15era arte, eta kritikaren erantzun positiboa sortu zuen. Fairfield Porter margolari eta kritikariak ARTnews-en idatzi zuen: “Krasnerren arteak, naturari buruzkoa dela dirudielarik, ikuslea diseinu handi batez kontziente egin beharrean, ohartarazten du berez posibletzat joko lukeena baino handiagoa den desordena ezkutu batez”. Hamar urte geroago, 1965ean Londresko Whitechapel Gallery-n egindako Krasnerren atzerabegirakoaren katalogoan, Bryan Robertsonek zioen Clement Greenbergek erakusketa hura deskribatzen zuela “garai hartako eszena artistiko estatubatuarrari egindako ekarpen handi” gisa.
Geroago, Eleanor Wardek Krasnerren ausardia gogoratuko zuen erakusketa inauguratu aurreko aldian: “Esan nion [Leeri] pentsatzen nuela une egokia zela nik haren obra aukeratzeko. Hark esan zidan: ‘Zuk aukeratu nire obra? Neuk aukeratuko dut nire obra, eta bi solairuetan zintzilikatuko dut’. Eta nik erantzun: ‘Lee, orduan ez da erakusketarik izango, non ez den solairu bakar batean eta ez dudan neuk aukeratzen’. Konturatu nintzen, behin bakarrik uzten banion nire gaineko kontrola izaten, nirekin nahi zuena egingo nuela. Oso emakume indartsua [zen]”.
1956
Udan, Krasnerrek gerora Profezia (Prophecy) izendatuko zuen margolan bat landu zuen: “Koadroak ezinegon handia sortzen zidan, eta Jacksoni deitu nion ikus zezan. Margolan ona zela, eta buelta gehiago ez emateko, aurrera jarraitzeko esan zidan, beste bat egiteko”.
Pollocken alkoholismoak txarrera egin zuen, eta abentura bat hasi zuen Ruth Kligman-ekin. Uztailean, Krasnerrek ultimatum bat eman zion, eta esan zion bakarrik joango zela bere lagun Paul eta Esther Jenkins bisitatzeko Europara egin asmo zuten hiru asteko bidaiara.
Parisen, Krasnerrek aspaldiko lagun batzuk bisitatu zituen, hala nola, John Graham eta Betty Parsons, eta bildu zen Charles Gimpel, Rene Drouin eta Michel Tapié arte-salerosleekin. Geroago, Krasnerrek gogoratuko zuen Chartresko katedrala eta Louvre-ko pinturaren maisu handiak ikusteak beregan izan zuen eragina, esanez “harri bihurturik utzi” zutela honako hiru margolan hauek: Paolo Uccello-ren San Romanoko gudua (Battaglia di San Romano, 1435–40 ingurukoa); Andrea Mantegna-ren San Sebastian (San Sebastiano, 1480 ingurukoa), eta Carpioko kondesa, La Solanako markesa (La condesa del Carpio, marquesa de La Solana, 1794–95), Francisco de Goyarena. Krasner, Charles eta Kay Gimpelen etxera joan zen Ménerbes-era, eta han Helen Frankenthaler aurkitu zuen. Douglas Cooper artearen historialari britainiarra ere ikusi zuen Mentonen, Frantziako Rivieran.
Abuztuaren 12an, igandearekin, Krasner Parisera itzuli eta berehala, Clement Greenbergek telefonoz eman zion Pollocken heriotzaren berri. Abuztuaren 11ko gauean, Pollockek autoz irten zuen Ruth Kligman eta haren lagun Edith Metzger-ekin eta Fireplace Road-en bazterra jo zuen gehiegizko abiaduraren ondorioz. Kligman bakarrik atera zen bizirik. Krasner New Yorkera itzuli zen gau horretan bertan eta Barnett Newmanek eta Annalee emazteak jaso zuten aireportuan. Pollocken hileta abuztuaren 15ean egin zuten Springs Chapel-en. Green River hilerrian lurperatu zuten, Springsen.
Urrian, Krasnerren bi lagun, Charlotte Park-ek eta James Brooks-ek osatutako artista bikotea, Springsen geratu ziren berarekin. Haiek alde egin ondoren, hilabete batzuetan Fritz eta Jeanne Bultmanen etxera joan zen bizitzera, Manhattango East Ninety-Fifth Streetera, B. H. Friedman arte kritikariarekin eta haren emazte Abbyrekin denboraldi bat igaro aurretik. Krasnerrek bertan igaro zuen Gabon gaua Helen Frankenthaler, Betty Parsons, Robert Motherwell eta Philip Guston eta haren emazte Musarekin.
New Yorkeko Museum of Modern Arten egin zen Pollocken hil ondorengo atzerabegirakoa abenduaren 19an hasi eta otsailaren 3an amaitu zen. Krasnerrek aktiboki hartu zuen parte antolakuntzan.
1957
Uda partean, Krasnerrek Pollocken Springseko aletegiko estudioa bereganatu zuen.
Springsen bakarrik bizitzeko gai ez zenez, Krasner Manhattanera itzuli zen udazkenean, eta bizitza landaren eta hiriaren artean banatzea erabaki zuen, eta East Seventy-Second Street 147ko etxebizitza batean alokairu kontratua sinatu zuen bi urterako.
Alfonso Ossoriok, John Little-k eta Elizabeth Parker-ek Signa Gallery inauguratu zuten East Hamptonen, inguruko lehen galeria komertziala, New Yorkeko eszena artistikoaren abangoardiako artista garaikideen lanak erakusteko asmoarekin. Inaugurazioko erakusketak hogeita bederatzi artistaren lanak aurkeztu zituen, Krasner barne zela.
1958
Otsailean, Krasnerren azken margolanak bakarkako erakusketa batean ikusgai egon ziren New Yorkeko Martha Jackson Galleryn. Erakutsitako hamazazpi lanak, guztiak 1956 edo 1957koak, honako hauek izan ziren: Entzun (Listen), Lurraren berdea (Earth Green), Udaberriko joa (Spring Beat), Urgoiti (Upstream), Eguzkitako emakumea I (Sun Woman I), Urtaroak (The Seasons), Besarkada (Embrace) eta Jaiotza (Birth). Time aldizkariak Krasnerri jasotako hitz batzuk aipatzen zituen: “Pintura bereziak dira niretzat. Oso garai zailetik datoz, hil edo biziko garai batetik”. Erakusketak arreta handia jaso zuen prentsaren aldetik, Stuart Prestonek New York Times-en egindako aipamena nabarmentzen delarik: “Lee Krasnerren pintura abstraktu berri eta erraldoien ausardiak […] erronka gogorra suposatzen du ikusmenarentzat […] Pintura sentiberak, sentsualak eta oldarki apaingarriak dira, eta artista bere konposizioak zuzentzen ari dela nabarmentzen dute, ez bakarrik materialari errenditzen edo automatismoari bidea libre uzten”.
Apirilean, Krasnerren lana International Art of a New Era erakusketan sartu zuten; erakusketa hura Michel Tapiék antolatu zuen Gallery of Takashimaya-n, Osakako Arte Jaialdirako, Japonian. Krasnerrek Urtaroak (1957) eta Arrosa-gorria (Rose Red) aukeratu zituen erakusketarako.
B. H. Friedman garai hartan lehendakariordea zen Uris Buildings Corporation-en (Percy eta Harold Uris osaba-izeben jabetzakoa zen higiezinen enpresa bat), eta Krasnerri enkargatu zion enpresak Manhattango erdialdean zuen egoitzarako tamaina handiko bi mosaiko-panel diseinatzea. Krasnerrek bere iloba Ronald Stein izan zuen laguntzaile, baina murala langile talde batek egin zuen, artistaren begiradapean, araudi sindikalak hala aginduta. Berak bazuen eskarmentua, WPAko garaitik, eskala monumentalean lan egiten: “Uris Brothers-en eraikinean, Manhattango erdialdean, laurogeita sei oin luzeko mosaiko bat egin behar izan nuenerako, eskala hori ez zen batere berria niretzat. Pollock ezagutu baino askoz lehenago ere eskala horretan lan egina nintzen”.
Uda horretan Friedmanen anaia Sanford, nobelagilea, eta haren bikotea, Richard Howard poeta, Springseko aletegi txikian bizi izan ziren, orain apopilo etxe gisa funtzionatzen baitzuen.
1959
Krasnerren ama hil zen. Heriotza horrek, Pollockena gertatu eta laster, Krasner depresio sakon batean sartu zuen. “Ezin izan nuen dolua neure erritmoan egin”, esan zuen geroago.
Krasnerrek Arrea (Umber) saila deitu zuen obra multzo berri bat hasi zuen. Pinturetako batzuk Springseko aletegian sortu zituen; beste batzuk, New York hirian. Guztiak gauez eginak daude, argi artifizialarekin, Krasnerrek insomnio kronikoa baitzuen. Richard Howardek “doluzko” irudi gisa deskribatzen zituen, horietako bakoitza “gaueko bidaia” batean sortua litzatekeelarik.
Clement Greenbergek ez zuen gustukoa Krasnerren obra berria hartzen ari zen norabidea, eta haserretu egin zen berarekin; horrek French & Company galerian aurreikusita zeukan bere lanaren bakarkako erakusketa bertan behera uztea eragin zuen. Geroago gogoratuko zuen bezala: “Barru-barruraino ari [nintzen] sartzen erraza ez atsegina ez zen zerbaitetan… Bueno, hainbeste gauza gertatzen ari ziren: nire ama garai hartan hil zen. Gauza asko gertatzen ari ziren, Jacksonen heriotzagatiko tristuraz gainera. Elementu asko zeuden: Greenbergen erakusketa, French & Co-n programatutakoa, bertan behera. Eta koadro horiek martxan jada”.
Krasnerrek New Yorkeko Howard Wise Galleryrekin kontratua sinatu zuen.
Uztailaren 18an, Jack Kerouac Krasnerrek Springsen ematen zuen festa batean azaldu zen bat-batean, bere segizioarekin batera, eta esan zuen: “Festa irekia zela uste nuen”; Krasnerrek erantzun zion: “Ez hain irekia”.
Lee Krasner Paintings: 1947–59 erakusketa inauguratu zen Signa Galleryn (uztailaren 24tik abuztuaren 20ra). Erakusketak bere baitan hartu zituen Irudi txikiak saileko aukeraketa bat, eta orobat Kornukopia (Cornucopia, 1958) eta Arnasa (Breath, 1959) lanak.
Udan, Krasnerrek David Gibbs galerista eta arte-merkataria ezagutu zuen, eta Pollocken ondarea administratzen laguntzeko eskatuko zion.
1960
Udan, Krasnerrek Louise Elliott Rago-ri eman zion bere lehenbiziko elkarrizketa, izanik hura bigarren hezkuntzako irakasle bat School Arts-entzat “jendeak zergatik sortzen duen” gaiaz idazten zuena. Krasnerrek esan zion: “Obsesionatuta nago neure burua ezagutzen saiatzearekin, gero beste batzuekin komunikatzeko. Pintatzea ez da bizitzatik aparteko gauza. Gauza bera da. Bizitzeko gogorik dudan galdetuko balidate bezala da. Nire erantzuna baiezkoa da, eta horregatik margotzen dut”.
Exhibition of Recent Paintings by Lee Krasner erakusketa zabaldu zen Howard Wise Galleryn (azaroaren 15etik abenduaren 10era). Arrea saileko margolanak erakutsi zituen han Krasnerrek.
1961
John Graham, Krasnerren aspaldiko laguna, Londresen hil zen.
1962
New Work by Lee Krasner erakusketa inauguratu zen Howard Wise Galleryn (martxoaren 6tik 30era). Arrea saileko margolanak bildu zituen erakusketak.
Gabon gauean, Ronald Stein eta haren emazte Frances-ekin afaltzen ari zela, East Hamptonen, Krasnerrek garun isuria izan zuen. New Yorkeko Saint Luke’s Hospital-en kirurgia egin ondoren, Adams hotelean geratu zen oneratzen Krasner, Upper East Side-n.
1963
Maiatzaren 6an, Denver-eko International House-n, Coloradon, Hans Hofmann and His Students erakusketa inauguratu zen; 1965eko apirilaren 11ra arte AEBn zehar ibili zen.
Ekainean, Howard Wise Galleryrekin zuen kontratutik libre geratu zen Krasner. Zalantzan jarri zuen Wisek bere karrerarekin zuen konpromisoa, hark uko egin baitzion Londresko bere hurrengo atzerabegirakoaren bidalketa gastuak ordaintzeari. Krasner Springsera itzuli zen uda pasatzera. Main Streeten, East Hamptonen, paseatzen ari zen bitartean, zorabiatu eta erori egin zen, eta eskuineko besoa hautsi zuen. Nahiz eta beso nagusia orain igeltsutan eduki, lanean jarraitu zuen, pintura hoditik zuzenean mihisearen gainean aplikatuz, eskuineko eskuko hatz-mamiak erabiliz ezkerreko eskuaren mugimenduak gidatzeko. Mihise horiek beren Oinarrizko saila (Primary Series) berria sortzen lagundu zioten, non kolorea berriz ere bere pinturan sartu baitzen.
Emakumeek judaismoan duten rolari buruzko antzinako polemikarekin jarraituz, Barnett Newmanek Krasnerri galdetu zion ea ikusi zuen berak egindako sinagoga baten diseinua, Jewish Museumen ikusgai zegoena Recent American Synagogue Architecture erakusketan (urriaren 6tik abenduaren 8ra). Horrek eztabaida bukatuko zuela zioen. Krasnerrek gogoan zuen elkarrizketa hori: “Galdetu nion: ‘Tira, non daude emakumeak zure sinagogan?’. ‘Ikusiko duzu eta ulertuko duzu!’ —erantzun zidan— ‘aldarearen gain-gainean!’. Eta nik erantzun nion: ‘Ezta pentsatu ere. Aldarearen gainean esertzen bazara, sakrifikatu egiten zaituzte. Nik korridoreko aurreneko eserleku librea nahi dut’”.
1965
Irailean, Londresko Whitechapel Galleryn inauguratu zen Krasnerren Lee Krasner: Paintings, Drawings and Collages atzerabegirakoa, Bryan Robertsonek komisariatua. Arts Council of Great Britain-ek kudeatu zuen erakusketaren ondorengo ibilbidea: Ferens Art Gallery, Hull; Victoria Street Gallery, Nottingham; City Art Gallery, Manchester; Arts Council Gallery, Cardiff; eta City Art Gallery, York. Herald Tribune-ren Parisko edizioan, Sheldon Williamsek idatzi zuen erakusketak “merezi duen estatusa ematen [diola Krasnerri]”, eta erantsi zuen “publiko britainiarra apurka-apurka Estatu Batuetatik pop edo hard-edge orbanduna itxaroteko programatua izan den garai honetan, atsegina [dela] Lee Krasner bezalako artista on bat aurkitzea, bide tatxistatik aldaratu gabe jarraitzen baitu”. John Russellek, bere aldetik, “esperientzia bizigarri” moduan kalifikatu zuen atzerabegirakoa.
Lee Krasner, Gouaches and Drawings erakusketak Detroiteko Franklin Siden Gallery-n zabaldu zituen ateak (azaroaren 8tik 27ra).
1966
Krasner New Yorkeko Marlborough-Gerson Gallery-ra batu zen.
1967
Otsailean, Alabamako Unibertsitatean, Tuscaloosa-n, Paintings by Lee Krasner inauguratu zuen, bakarkako erakusketa bat, hogeita hiru mihise handi zekartzana. Krasnerrek astebete eman zuen campusean bizitzen, artista egoiliar gisa.
Krasnerrek gero eta denbora gehiago pasatzen zuen Manhattanen, eta East Seventy-Ninth Street 180. zenbakian pisu bat erosi zuen logela erraldoi batekin eta hura bere estudio bihurtu zuen.
Krasnerrek In Memory of My Feelings: a Selection of Poems by Frank O’Hara liburuan parte hartu zuen. New Yorkeko Museum of Modern Artek argitaratu zuen Bill Berkson poeta editore zelarik. Liburuak O’Hara oroitzen zuen, Museum of Modern Arteko arte kritikaria eta Museoko arte-arduraduna izandakoa, aurreko urtean istripu batean hil zena. Horretarako, hark idatzitako poemen aukeraketa bat ilustratzeko berak ezagutzen zituen hogeita hamar artista gonbidatu zituen museoak.
Ad Reinhardt abuztuaren 30ean hil zen eta Green River hilerrian lurperatu zuten. Krasnerrek bere Springseko etxean antolatu zuen hil-beila.
1968
Martxoan, Krasnerrek bere obra berriaren lehen erakusketa egin zuen Marlborough-Gerson Galleryn: Lee Krasner Recent Paintings. Krasnerren lanen lehenbiziko erakusketa izan zen mugimendu feminista hasiberriaren testuinguruan asko nabarmendu zena.
Apirilean, Krasnerrek Jorge Luis Borges entzun zuen bere obra irakurtzen YM-YWHAn, New Yorkeko poesia areto garrantzizko batean. Bere Ficciones eta Laberintos liburuak berriki argitaratuak ziren AEBn (Grove Press, New York, 1962). “Lehengoan Borges entzutera joan nintzen. Tira, benetako gozamena izan zen: ez dut egia berririk aurkitzen, baina atsegina da egia errepikatuak entzutea. Baieztapen eder bat ematen dizu, benetan ederra”.
Kaligrafia eta eskuizkribu argituekiko zeukan interesak darama Krasner Kellseko Liburua-ri buruzko hitzaldi sorta batera New Yorkeko Morgan Library-n, Meyer Schapiro arte historialaria zelarik hizlaria.
1969
Krasnerrek kolorezko esperimentu kaligrafiko txikiz osatutako lau sail sortu zituen, urkolorearekin eginak Long Islandeko Douglass Morse Howell artistak eskuz egindako paperean. Sailek izena zuten Lurra (Earth), Ura (Water), Hazia (Seed) eta Hieroglifikoak (Hieroglyphs).
William Rubin komisarioak New Yorkeko Museum of Modern Arten antolatutako The New American Painting and Sculpture: The First Generation erakusketan (ekainaren 18tik urriaren 5era) parte hartu zuen emakumezko artista bakarra izan zen Krasner.
Udan, Mark Patiky-k, Frances Steinen neba gazteenak, Krasnerri margotzen ari zen bitartean egindako lehenbiziko argazkiak atera zizkion Springseko bere estudioan margotzen ari zela. Erretratua berdez (Portrait in Green) bihurtuko zen horretan lan eginez erretratatu zuen Patikyk.
Irailaren 27an inauguratu zen Marlborough-Gerson Galleryn Lee Krasner: Recent Gouaches erakusketa, eta urriaren 18ra arte iraun zuen. Erakusketa San Frantziskoko Reese Palley Galleryra joan zen gero. San Francisco Chronicle-n Alfred Frankenstein-ek idatzi zuen: “Krasnerren lanak […] hainbesteko indarra, aberastasuna eta nortasuna dauka, ezen norbera galdezka hasten baita, kasu honetan, nork nori eragin dion”.
1971
ARTnews-en urtarrileko edizioan Linda Nochlin-en “Why Have There Been No Great Women Artists?” saiakera iraultzailea argitaratu zen. Artikuluak emakume artistek historian zehar jasan dituzten ezkutuko oztopo instituzionalak argitara ateratzea zuen helburu, eta eragin sakona izan zuen panorama artistikoan eta arte feministaren historian.
1972
Apirilaren 12an, Krasnerrek Women in the Arts izeneko talde batekin bat egin zuen eta pikete batean parte hartu zuen New Yorkeko Museum of Modern Arten, honek emakume artistak baztertzen zituen moduaren kontra protesta egiteko. Taldean hirurehun manifestari inguru bildu ziren, eta emakume artisten obraren erakusketa bat egitea eskatzen zuten Brooklyn, Metropolitan, Whitney eta Guggenheim museoetan, baita Museum of Modern Arten ere. Manifestarien artean Louise Bourgeois eta jatorri greziarreko Chryssa artista zeuden.
Krasnerrek Pollocken ondarea eta artxiboak Eugene Victor Thaw bildumagile eta merkatariari laga zizkion (Krasner hil ondoren, Thaw haren ondarearen betearazlea ere bihurtu zen, eta Pollock-Krasner Foundation izenekoa sortzen lagundu zuen). “Orain, berriz ere, Lee Krasner pintorea izaten kontzentratu naiteke”.
Ekainean, Barbara Rose arte-arduradunak Vogue aldizkarian historia egingo zuen elkarrizketa argitaratu zuen: “American Great: Lee Krasner”. Horretan Krasnerrek gezurtatu egin zuen Pollock figura agintzaile eta despotiko gisa irudikatzen zuen estereotipo zabaldua, eta batera egon ziren bitartean elkarrentzat zeukaten miresmena eta errespetua nabarmendu zituen. Hala zioen: “Artista bat naiz, ez ‘emakume artista bat’, ez ‘artista estatubatuar bat’”.
1973
Apirilean, Marlborough Gallery-k (lehenago Marlborough-Gerson Gallery) Lee Krasner: Recent Paintings erakusketa inauguratu zuen (apirilaren 19tik maiatzaren 12ra), Krasnerren mihise berrien lehenbiziko erakusketa publikoa. Bertan, azken bi urteetan egindako hamabi margolan aurkeztu zituen, tartean Palingenesia (Palingenesis), Maiuskula (Majuscule) eta Berde gorakorra (Rising Green). Kritikak ondo hartu zuen erakusketa. New York Times-en Hilton Kramer-ek “ikusi dudan Krasner andrearen obraren erakusketarik onena” bezala deskribatu zuen, eta Barbara Rosek “aurrerapen” gisa kalifikatu zituen mihiseak.
Twenty-One over Sixty erakusketak East Hamptoneko Guild Hall-en zabaldu zituen ateak (uztailaren 21etik abuztuaren 12ra). Nahiz eta Krasner izan hasiera batean erakusketaren kontzeptua iradoki zuena, geroago nozio horri buruz zituen zalantzak adieraziko zituen: “Orain nahiago nuke ideia hori hasieratik inoiz izan ez banu. Ameriketako Estatu Batuetako gazteriaren irudiaz aspertu egiten dela bat, hori besterik ez da. Egoitza auzoak eta Hollywood dira, dena batera. Hirurogeiko hamarkadan hasi zen, nik hirurogeiko hamarkada antzua deitzen dudan horretan. Hogeita hamabost urte betetzen dituzunerako erakusketa garrantzitsurik izan ez baduzu, ez zara inor”.
Azaroan, Whitney Museum of American Artek aurkeztu zuen Lee Krasner: Large Paintings (1974ko azaroaren 13tik urtarrilaren 6ra). Krasnerrek New Yorkeko museo handi batean egindako bakarkako lehenbiziko erakusketa izan zen. Marcia Tucker-ek komisario lanetan jardun zuen eta aurreko hogei urteetako hemezortzi lan erakutsi zituen, horien artean Urtaroak (The Seasons, 1957), Ikaraldi polarra (Polar Stampede, 1960) eta Gea (Gaea, 1966).
1974
Martxoan, Miriam Schapiroren Arte Feministako Programako ikasleek, California Institute of the Arts-en, Krasnerri eskatu zioten “emakume artista gazte bati” gutun bat idaztea. Krasnerrek erantzun zien Cindy Nemser-ekin 1973an egindako elkarrizketa batetik egokitutako aipu batekin: “Denborari dagokiola planteatuz gero, iragan-orain-etorkizunei loturik, eta batasun baten eran ulertzen baldin badituzu, ohartuko zara pendulua etengabe kulunkarazten duzula orainean egoteko […] Uste dut ordena bat dagoela, baina ez da hobea, hobea, hoberena. Ez dut sinesten eskala klase horretan”.
Martxoan bertan, Miami-Dade Community College-k aurkeztu zuen Lee Krasner, Selections from 1946–1972. Erakusketa Glenside-ko (Pennsylvania) Beaver Collegera joango zen gero, eta baita Charlestongo (Hego Carolina) Gibbes Art Galleryra ere.
1975
Gene Baro arte kritikariak antolatutako Lee Krasner: Collages and Works on Paper, 1933–1974 erakusketak urtarrilean ireki zituen ateak Washington DC-ko Corcoran Gallery of Art-en. Erakusketa gero Pennsylvania State University Museum of Art-era joan zen, eta baita Massachusettseko Brandeis Unibertsitateko Rose Art Museumera ere.
Uztailean, Krasnerrek egonaldi bat hasi zuen Marge Schilling-en artista-konferentzian, Rhode Islandeko Dune Hame Cottage-n.
Krasnerrek Springseko Ashawagh Hall-en antolatutako Women Artists Here and Now izeneko erakusketa kolektiboan parte hartzeko gonbidapenari uko egin zion. Erakusketak iraun zuen bitartean, abuztuaren 29an zehazki, Carolee Schneemann performance-artista feministak Barruko bilkaria (Interior Scroll) bere obra nagusia antzeztu zuen.
New Yorkeko Marlborough Prints and Drawings Gallery-k Works on Paper: 1937–39 erakusketa inauguratu zuen, eta azarora arte iraun zuen.
1976
Ekainean, Krasnerrek Marlborough Gallery utzi eta New Yorkeko Pace Gallery-rekin bat egin zuen, eta, horrela, Pacek ordezkatutako hirugarren emakumea bihurtu zen, Louise Nevelson eskultore monokromatikoarekin eta Agnes Martin margolari abstraktuarekin batera.
Women Artists: 1550–1950 erakusketan parte hartu zuen Krasnerrek (1977ko abenduaren 21etik martxoaren 13ra), Linda Nochlin eta Ann Sutherland Harris komisario izan zirelarik, Los Angelesko County Museum of Art-en. Erakusketa Texasko Unibertsitateko University Art Museumera (Austin), Pittsburgheko Unibertsitatera eta Brooklyn Museumera ere eraman zuten.
1977
Otsailean Pace Galleryk Eleven Ways to Use the Words to See erakusketa inauguratu zuen (otsailaren 19tik martxoaren 19ra). Erakusketan aurkeztu ziren formatu handiko hamaika collageak Krasnerrek 1937 eta 1940 bitartean Hofmann Schoolentzat egindako ikatz-zirizko marrazki pila baten ustekabeko aurkikuntzaren emaitza dira. Krasnerrek marrazki horiek moztea eta berrerabiltzea erabaki zuen, New York Times egunkariko kritikari Grace Glueck-ek “oraina iragana irensten” hitzekin deskribatu zuen estrategia erabiliz.
New Yorkeko Museum of Modern Arteko Extraordinary Women erakusketan sartu zuten Krasner (uztailaren 22tik irailaren 20ra). Hannah Höch, Sonia Delaunay, Sophie Taeuber-Arp, Natalia Goncharova eta Suzanne Valadon-en lanak ere aurkeztu zituen erakusketak.
Henri Matisse: Paper Cut-Outs erakusketa bisitatu zuen Krasnerrek Detroit Institute of Arts-en (1978ko azaroaren 23tik urtarrilaren 8ra); Washington DC-ko National Gallery of Art-en irailaren 10etik urriaren 23ra egon ondoren eramana izan zen hara.
1978
Abstract Expressionism: The FormativeYears erakusketak, Gail Levin eta Robert Hobbs-ek komisariatua, ateak ireki zituen Cornell Unibertsitateko Herbert F. Johnson Museum-en, Ithacan, New Yorken (martxoaren 30etik maiatzaren 14ra). Krasnerren Irudi txikiek eta 1934 eta 1941 artean egindako lanek leku nabarmena hartu zuten. Erakusketa Tokioko Seibu Museumera (ekainaren 17tik uztailaren 12ra) eta New Yorkeko Whitney Museum of American Artera (urriaren 5etik abenduaren 3ra) mugitu zen ondoren. Aurreneko erakusketa handia izan zen hori Krasnerrek lehenbiziko belaunaldiko espresionista abstraktu gisa izan zuen garrantzia aitortzen zuena, eta baita gerra aurretik modu abstraktuan lan egin zuen New Yorkeko artista bakarrenetakoa izan zela azpimarratzen zuena ere. Geroago, Hilton Kramerrek honako hau esan zuen: “Mugimenduaren historian ohorezko postu bat eman zion lehen erakusketetako bat izan zen”.
Barbara Roseren Lee Krasner: The Long View dokumentala estreinatu zen. Abstract Expressionism: The Formative Years erakusketan proiektatu zen Whitney Museumen.
Irailaren 23an, Lee Krasner: Works on Paper, 1938 to 1977 erakusketak zabaldu zituen ateak Houstongo Janie C. Lee Galleryn.
1979
New Yorkeko Metropolitan Museum of Arteko Hans Hofmann as Teacher: Drawings by His Students erakusketan sartu zuten Krasner (urtarrilaren 23tik martxoaren 4ra). Gero Massachusettseko Provincetown Art Association and Museumera eraman zuten erakusketa (1980ko abuztuaren 1etik 1980ko urriaren 12ra).
Otsailaren 3an Pace Galleryk Lee Krasner Paintings 1959– 1962 inauguratu zuen, eta martxoaren 10era arte iraun zuen. Erakusketak Krasnerren Arrea (Umber) saileko obrak aurkeztu zituen, 1960ko hamarkadaren hasieran Howard Wise Galleryn erakutsi ziren bezala.
Azaroaren 28an, Krasnerrek gutun bat jaso zuen Women’s Caucus for Art-eko lehendakari Lee Anne Miller-engandik, eta bertan jakinarazi zitzaion Outstanding Achievement in the Visual Arts saria jasotzeko aukeratu zutela, “pintore gisa egindako ekarpen bikaina” aintzat hartuta. Beste saridun batzuk Anni Albers eta Louise Bourgeois izan ziren. Saria onartzeko hitzaldian (Gail Levinek irakurria), Krasnerrek zera zioen: “Benetan pozik nago eta ohorea da niretzat Women’s Caucus for Arten sari hau jasotzea. Hala ere, espero dut iritsiko dela sari hau gizon eta emakumeen aintzatespen bateratua bihurtzeko eguna. Azken aldian jaso dudan aitortza berantiar hau, neurri handi batean, mugimendu feministak egin duen kontzientziazio lanari zor zaio, zeina baita, nire ustez, gure garaiko iraultzarik handiena. Eskerrik asko”.
1980
Martxoan, Stony Brook Foundation-ek Distinguished Contributions to Higher Education saria eman zion Krasnerri. Sariak honako hau dio: “Artista ospetsu ugarik ikasi dute zugandik. Azkenean, kritikoek zure presentziaren berria zabaldu dute. Eta orain Lee Krasner margolaria artista original eta ospetsu gisa sendotzen da berezko eskubidez, Jackson Pollock margolari handi zenduaren legatuaren administratzaile eraginkor eta saiatua izateaz gainera […] Lorpen horiek guztiek artearentzako debozio sendo bat daukate oinarrian”.
Lee Krasner, Recent Works on Paper erakusketak ateak ireki zituen Tower Galleryn, New Yorkeko Southamptonen (abuztuaren 16tik 29ra).
1981
Otsailaren 7an, Janie C. Lee Gallery-k Lee Krasner: Paintings 1956–1971 erakusketa inauguratu zuen.
Pace Gallery-k Lee Krasner / Solstice erakusketa antolatu zuen (martxoaren 20tik apirilaren 18ra).
Irailean, Guild Hall-ek Krasner / Pollock: a Working Relationship erakusketa inauguratu zuen, Barbara Rosek komisariatua (irailaren 8tik urriaren 4ra). Erakusketa New Yorkeko Unibertsitateko Grey Art Gallery and Study Center-era joan zen gero (azaroaren 3tik abenduaren 12ra). Krasnerrek aitortu zuenez, “[erakusketa] tranpa beldurgarria bihur zitekeen niretzat artista gisa. Jakinaren gainean nago. Kontu guztiak dakizkit. Baina bost axola izan zait. Neure baitatik ikusi nahi dut, neure begiekin […] ez baitut inoiz neure begiekin ikusi, eta neure begiekin ikusi arte ez dut jakingo zertaz ari diren. Eta jakinmin amaigabea dudanez, jendearen batezbestekotik oso gorakoa, bost axola zait zein den haien erreakzioa”. Izan ere, kritikaren erantzuna positiboa izan zen, eta aipamenetako batek, William Pellicone-renak, honako hau esan zuen: “Agerian geratu den errebelazioa da Lee Krasnerrek Pollocki dena eman ziola Krasnerrek berak talentu handiagoa zuelako, eta azkenean Pollockek suntsitu egin zuela Krasnerren benetako bidea, ar basaren goragoko indarragatik […] Guild Halleko erakusketak Krasner eta Pollocken arteko loturaren erabateko berrebaluazioa eskatzen du”.
Urte amaiera aldera, Krasnerrek Pace Gallery utzi zuen, honako hau esan ondoren: “Inoiz ez dugu borrorik izan. Lagunak izaten jarraitzen dugu. Baina gogoan dut Pierre Matisse arte merkatariak esandakoa: ‘Artistak dira nire galeria sortu dutenak’. Arne [Glimcher-ek], aldiz, uste du galeria dela artistak egin dituena, eta hori eragozpen larria da. Ez nintzen eroso sentitzen han”. Krasnerrek New Yorkeko Robert Miller Gallery-rekin bat egin zuen. Robert Miller aspaldiko adiskide bat da, Krasnerren estudioko kudeatzaile lanetan aritutakoa.
1982
Urtarrilaren 11n, Krasner Chevalier de l’Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuen. Saria Jack Lang Frantziako Kultura ministroak eman zion, Parisko Centre Pompidou-ko Musée National d’Art Moderne-n Pollocken atzerabegirakoa inauguratu baino egun batzuk lehenago, Krasnerrek ahalbidetu baitzuen erakusketa hura haren legatutik egindako mailegu handiei esker.
Urrian, Robert Miller Galleryn hasi zen Lee Krasnerren inaugurazio erakusketa: Paintings from the Late Fifties (urriaren 26tik azaroaren 20ra). Ikusgai zeuden obren artean zeuden Izotz-urtzea (Thaw, 1957), Kornukopia (Cornucopia, 1958) eta Zezena (The Bull, 1959).
1983
Urriaren 27an, Krasnerren hirurogeita hamabosgarren urtebetetze egunean, Lee Krasner: a Retrospective erakusketak ateak zabaldu zituen Houstongo Museum of Fine Arts-en, 1984ko urtarrilaren 8ra bitartean. Barbara Rosek komisariaturik eta 152 margolan eta marrazkirekin, erakusketa, ondoren, San Francisco Museum of Modern Art, Virginiako Norfolkeko Chrysler Museum of Art, Arizonako Phoenix Art Museum eta New Yorkeko Museum of Modern Artera mugitu zen.
1984
Krasner ondoezik sentitzen zen eta ez zen joan San Francisco Museum of Modern Arteko bere atzerabegirakoaren inauguraziora (otsailaren 16tik apirilaren 14ra).
Charcoal Drawings from 1938–1940 erakusketa inauguratu zen Robert Miller Galleryn (martxoaren 5etik 30era).
Maiatzaren 20an, New Yorkeko Stony Brook Estatu Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen Arte Ederretan in absentia.
Ekainaren 14an, Women Artists Visibility Event izeneko elkarretaratze batek laurehun manifestari inguru bildu zituen New Yorkeko Museum of Modern Arten zabaltzea ospatzen zuen An International Survey of Painting and Sculpture erakusketan emakume artisten ordezkaritza eskasa salatzeko. Manifestarien pankartek eta banderek Museoaren erretorika bera parodiatzen zuten, berrirekiera handiaren harira: “Museum of Modern Art Opens but Not to Women Artists” (“Museum of Modern Art zabaltzen da, baina ez emakume artistentzat”).
Ekainaren 19an, Krasner Manhattango New York Ospitalean hil zen. Bere hileta, Ruth ahizpa txikiak antolatua, uztailaren 25ean egin zen Long Islandeko Sag Harbor-en. Springseko Green River hilerrian lurperatu zuten artista, Pollocken ondoan. Hilarriak Springseko haien etxearen aurrean zeuden gatzagetan zegoen landu gabeko harri berarekin eginak daude.
Irailaren 17an, William Lieberman arte-arduradun ospetsuak oroigarrizko ekitaldi bat antolatu zuen Metropolitan Museum of Arteko Medieval Sculpture Court-en. Parte hartu zuten hizlarien artean egon ziren Susan Sontag idazlea, Robert Hughes arte-kritikaria eta Edward Albee antzerkigilea. Sontagek nabarmendu zituen haren “adiskidetasunerako talentua, benetako bizitasuna eta esperientziara irekitako izaera”.
Abenduaren 19an, New Yorkeko Museum of Modern Arten Lee Krasner: a Retrospective erakusketa inauguratu zen. Erakusketa 1985eko otsailaren 12ra arte egon zen zabalik. Krasner Museo horretan bakarkako erakusketa bat egitea lortu zuen emakume artista apurretako bat izan zen.
Atzerabegirako horrekin batera, erakusketak inauguratu ziren Brooklyn Museumen (Lee Krasner, Works on Paper, abenduaren 20tik 1985eko otsailaren 25era) eta Krasnerren alma mater izan zen Cooper Unionen (Lee Krasner: The Education of an American Artist, 1985eko urtarrilaren 16an irekia).
1985
Ekainaren 23an, juduen tradizioari jarraiki, Krasnerren hilarria agerrarazi zuten hil eta urtebetera.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]