Surrealismoaren gauzak
Surrealismoa eta objektua
Atalak
Surrealismoa eta diseinua
- Izenburua:
- Surrealismoa eta diseinua
- Erakusketa:
- Surrealismoaren gauzak
- Gaiak:
- Artea eta ekonomia | Artea eta moda | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Diseinua | Kontsumoa | Marxismoa | Publizitatea | Antzerkia | André Breton | Automatismoa | Psikoanalisia | Subkontzientzia | Ametsak
- Mugimendu artistikoak:
- Surrealismoa
Karl Marxen ideologia politikoa eta Sigmund Freuden psikoanalisia oinarritzat hartuta sortua, XX. mendean erabateko eragina izan duen mugimendu artistikoa da Surrealismoa.
Termino hau arte-kritikari eta poeta Guillaume Apollinaire-k sortu zuen 1917an, eta 1924an André Breton-ek erabili zuen politikoki erradikala zen mugimendu hau deskribatzeko, munduaren ikuskera aldatzea lortu nahi zuen mugimendua, alegia. Hala, subkontzientearen erreinutik irudiak erauzteko teknika “automatikoak” erabiliz, ametsak eta irrazionaltasuna arakatu zituzten surrealistek.
Hogeita hamarreko urteetan, Surrealismoa, abangoardiako mugimendu artistiko erradikala, harago joan zen eta eremu zabalago batzuetan eragina izan zuen, antzerkian, diseinuan, modan eta publizitatean, adibidez. Batzuentzat, onartu edo ospatzeko moduko zerbait zen mundu komertzialak Surrealismoa bereganatu izana; beste batzuentzat, ordea, mugimenduaren printzipio politikoen kontra zihoan. Mugimendu artistikoa zena fenomeno komertzial bihurtu izana ez zen bakarrik gertatu ikonografia eta teknika surrealistak mugimenduarekin zerikusirik ez zuten artistek eta diseinatzaileek erabili izateagatik. Izan ere, mugimenduaren barrutik eragindako zerbait gehiagoagatik ere gertatu zen. Surrealistek gaien eta estrategia bisualen aurrean erakutsi izan zituzten kezkek sarri asko eman zuten bide apropiazio komertzialerako eta kontuan hartu beharrekoa da mugimenduko artista ugarik askotan lan egin ohi zutela diseinatzaile gisa.
Erakusketa honetan ikusiko dugu nola inspiratu ziren diseinatzaileak Surrealismoan, baita mugimenduko artistak diseinuaren eremu zabalenean sartu ziren modua ere.
Erakusketa hau Londresko Victoria & Albert Museum-ek antolatu du eta Guggenheim Bilbao Museoarekin batera ekoiztu du.