Surrealismoaren gauzak
Surrealismoa eta diseinua
Natura bitxi bihurtzen da
Atalak
Surrealismoa eta objektua
- Izenburua:
- Surrealismoa eta objektua
- Erakusketa:
- Surrealismoaren gauzak
- Gaiak:
- Artea eta ekonomia | Dekorazio-arteak | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Erakusketak | Kontsumoa | Automatismoa | Subkontzientzia | Ametsak
- Mugimendu artistikoak:
- Dadaismoa | Surrealismoa
- Teknikak:
- Collage | Marrazkia
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura | Ready-made
- Aipatutako artistak:
- Dalí, Salvador | Duchamp, Marcel | Oppenheim, Meret
1920 hamarkadan praktika surrealista teknika automatikoetan oinarritu zen batik bat, idazketan, marrazketan, collagean eta pinturan aplikatuta. 1930eko hamarkadan eztabaida berriak sortu ziren praktika berri bat zenaren inguruan: objektu surrealista. Eraikitako objektuetara hurbiltzeko testuetatik eta irudietatik urrundu izana mundu materialean, objektuen eta komertzializazioaren munduan, hain zuzen ere, zuzenean sartzeko premiak bultzatutako zerbait izan zen. Objektu surrealistak bizimodu modernoaren konplexutasunak eta kontraesanak irudika zitzakeela zirudien.
Salvador Dalí-k bultzatuta, artista batzuk objektu surrealistak sortzen hasi ziren. Haien oinarrizko baliabideetako bat hauxe izan zen, eskultura konposatuaren sortze-lanen kontra lehendik zeuden produktuetan —sarritan modaz kanpo zeudenetan— oinarrituta egindako objektu berriak sortzea. Eraikuntza horiek esanahi berriak sortzera behartzen zituzten amets edo desio subjektiboak aditzera ematen zituzten justaposizio arrotzen bidez.
Asmoa kontsumo-kultura kritikatzea bazen ere, objektu surrealistaren sorrera mugimenduaren ideiak hedarazteko modua izan zen. Kontsumorako produktuak erabiltzeak surrealismoaren hizkuntza arte aplikatuetan eta dekorazio-arteetan erabil zitekeela adierazten zuen, elementu desberdinak elkarren ondoan jartzeak diseinuaren munduan soluzio formal berriak aurkitzeko bide berriak irekitzen zituen bitartean.
Exposition Surréaliste d’Objets, 1936ko maiatzean Parisko Galerie Charles Ratton-en egin zen erakusketa, objektu surrealistei eskainitako aurrenekoa izan zen. Era askotako objektuak egon ziren ikusgai, katalogoan kategoria desberdinetan sailkatu zirenak. Ready-made sailean Duchamp-en Botila-altzaria (Porte-Bouteilles) zegoen, Dadaismoaren babesean 1914an asmatua eta hemen funtsezko objektu surrealistatzat aurkeztua. Objektu aurkituek, trouvailles direlakoek, ustekabean edo oharkabean zerbait topo egitearen ideia aztertzen zuten, kontsumo-ekonomiarekiko gaitzespena agerian utziz. Objektu folklorikoek, matematikoek eta mendebaldekoa ez zen arteak objektu artistikoaren testuinguruarekin bat ez zetozen ohiturak, pentsamoldeak eta sinesmen-sistemak adierazten zituzten. Objektu surrealistak era askotako materialak erabiliz eraiki ziren eta unitate eskultorikoaren ideiari aurka egin eta erabateko asoziazio-kate osatua iradokitzen zuten.
Erakusketa hartarako sortutako lan ugari, besteak beste Meret Oppenheim-en ilez estalitako katilua, objektu surrealista arketipikoak dira eta harritu eta txundiarazteko duten ahalmenak bere horretan jarraitzen du oraindik ere.