Surrealismoaren gauzak
Galerie Drouin-go erakusketa
Giacometti eta Frank
Atalak
Edward James eta Monkton
- Izenburua:
- Edward James eta Monkton
- Erakusketa:
- Surrealismoaren gauzak
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Diseinua | Altzari-diseinua | Edward James
- Mugimendu artistikoak:
- Surrealismoa
- Artelan motak:
- Arkitektura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Dalí, Salvador | Delvaux, Paul | Magritte, René
Edward James aberats ingelesa Surrealismoaren mezenas handienetakoa eta zaleenetakoa izan zen. René Magritte-ren eta Salvador Dalí-ren babesle izan zen, Minotaure aldizkari surrealista finantzatu zuen, eta bilduma zabala osatu zuen arte surrealistaren inguruan.
Monkton, Sussexen (Ingalaterra) hark zuen etxea, 1930eko hamarkadako proiektu arkitektoniko surrealisten adibide banaketako bat da. Etxea, hasiera batean 1902an Edwin Lutyens-ek ehizarako pabilioi izateko diseinatua, Christopher Nicholson-ek eta Hugh Casson-ek eraberritu zuten 1930etik aurrera. Jatorrizko adreilua bioleta kolorezko geruza batez estali zuten, sarreraren alboetan palmondo erraldoi batzuk jarri zituzten eta lehenengo solairuko leihoetan igeltsuzko pieza batzuk ipini zituzten, berde lima kolorekoak, zintzilikatutako oihal batzuk imitatuz.
Antzineko gauzen, bitxikerien, objektu aurkituen eta obra surrealista modernoen pilaketak esanahien justaposizio eta desplazamendu makurrak sorrarazten zituen konnotazio psikologikoez betetako barne batean. Ideia eta objektu haietako asko Jamesek landu zituen Dalírekin elkarlanean. Lehenengo solairuko korridorearen arkitekturan, dekorazioa eta objektuak konbinatuta agertzen ziren elkarrizketa txundigarriak sortzeko. Lehoi hankak zituen aulkiaren ezaugarri zoomorfoak moketan erreproduzitutako otso-zakurraren oinatzek nabarmentzen zituzten, altzariak bizitza hartu izan balu bezala. Paul Delvaux-en Gaueko emakume ederrak (Les Belles de Nuit, 1936) koadroan irudikatutako egitura arkitektonikoak korridoreko ganga formako sabaiarena imitatzen zuen, jarraitasun espazialaren irudipena sorraraziz.