Migel Anjel eta bere garaia
Francesco Francia, [Parisen judizioa, ca. 1505-1506]
Rafael, [Kumas-eko Sibila, ca. 1511]
Iruzkinak
Marcantonio Raimondi, [Errugabeen hilketa, 1509-1510]
- Izenburua:
- Marcantonio Raimondi, [Errugabeen hilketa, 1509-1510]
- Erakusketa:
- Migel Anjel eta bere garaia
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Erlijio-margoa | Erroma | Bolonia | Alberto Durero
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Grabatua
- Aipatutako artistak:
- Buonarroti, Michelangelo | Francia, Francesco | Raimondi, Marcantonio | Sanzio, Rafael
Errugabeen hilketa Marcantonio Raimondi grabatzaile handiaren aurreneko obra nagusia izan zen. Rafaelen marrazki batean oinarrituta dago, grabatu honetarako propio egindakoan. Grabatuaren ezkerraldean, idulkiaren inskripzioa begiratzen baduzu, MA siglen ondoan (Marcantonio izenarena) Rafael de Urbinoren laburdura ikusiko duzu. Grabatuaren historian jatorrizko marrazkilaria grabatzailearengandik bereizten den lehenengo adibideetako bat dugu hau.
Bolonian, Raimondi Rafaelen laguna zen Francesco Francia-ren aprendiz izan zen. Alberto Durero-ren eta Lucas van Leyden-en grabatuak ere aztertu zituen. Bere maisutasun teknikoari esker tonu-gradazio sotilenak erreproduzitu ohi zituen, eta horrek argitasun eskultorikoa ematen zien bere irudiei. Bere estiloak luze iraundako eragina izan zuen Europan, berun gaineko grabatuan, eta, izan ere, Raimondiren trebezia izugarriak ezagutzera eman zuen, neurri batean, Rafaelen obra Italiatik kanpo.
Obra honetan Belemgo haurren hilketa izugarria aditzera ematen zaigu, Herodes erregeak agindutakoa, baina Tiber ibai bazterrean. Atzealdean Erromako zubi ezagunetako bat ikus daiteke, Ponte Quattro Capi, alegia. Dramatismo handiko eszena da. Hiriaren profilaren kontra, amak, desesperatuta, Herodesen soldaduei aurka egiten ari zaie, heroi grekoak balira bezala biluzik agertzen direlarik.
Grabatuak haurrak hil aurreko momentuaren bertsio desberdinak erakusten ditu. Ezkerraldeko taldean, soldadu bat oldarka hasten da aurrerantz haur bat hankatik harrapatuz eta ezpata zorrotik atereaz. Amak, larrituta, gogor heltzen dio haurrari. Eskuinetara, aurrealdean, belauniko dagoen emakume bat, etsipenean eroria, zimitarra astintzen ari den beste soldadu batengandik babesten saiatzen ari da.
Irudiaren erdialdean, aurrerantz ihesi doan emakume bat nagusitzen da, Rafaelek, antza, Migel Anjelen Cascinako guduko marrazkitik hartu zuen konposizio-elementua izanik, Florentziako Kontseilu Nagusiaren Ganberarako marraztu zuen freskotik, alegia. Hala eta guztiz ere, Migel Anjelek konposizioaren lehenengo planoan oinarritu zuen ekintza. Rafaelen irudiek, berriz, erdigunetik alde egiten ari direla ematen dute eta zirkulu bat osatzen dute ikuslearengana ihesi datorren amaren erdiko irudiaren inguruan.