Migel Anjel eta bere garaia
Rafael, Eneas
Pordenone, [Lumazko kapeladun gizonezkoaren gorputz-enborra, 1520-21]
Iruzkinak
Rafael, [Biluzien estudioa, 1515]
- Izenburua:
- Rafael, [Biluzien estudioa, 1515]
- Erakusketa:
- Migel Anjel eta bere garaia
- Gaiak:
- Giza gorputza | Arte klasikoa | Bildumagintza | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Historia-margoa | Vatikanoa | Alberto Durero | Leon X.a
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Marradura | Marrazkia
- Artelan motak:
- Freskoa
- Aipatutako artistak:
- Sanzio, Rafael | Vasari, Giorgio
Rafaelek egindako biluzien estudio honek esanahi historiko berezia du. Lamina Alberto Durero-ren bildumakoa zen eta agerian uzten du Errenazimentuko bi maisu haiek izan zuten harreman estua. Eskuinaldeko inskripzioa, 1515eko data duena, Durerok berak idatzitakoa da, eta bertan dioenez, biluzien marrazki hau Rafael de Urbinok, Aita Santuak hainbeste miresten zuen pertsonak bidali zion Nurembergera. Vasari-ren esanetan, honako marrazki hau beste batzuekin batera jaso zuen Durerok Rafaelengandik, maisu italiarrari autorretratu bat bidali ondoren, zoritxarrez galduta badago ere. Rafaelek nahita aukeratu zuen marrazki hau. Ondo ezagutzen zituen Durerok naturari buruz egiten zituen estudioak baita Italiako Errenazimenduko teoria artistikoen aurrean erakutsi ohi zuen jakin-mina ere, batik bat giza formaren proportzio idealei buruzkoak.
Rafaelen marrazkiak antzinate klasikoko irudiak, horien artean Belvedereko Apolo, zein neurritaraino bereganatu zituen erakusten digu. Eta biluzien estudio errealista hauetan ere argi eta garbi antzeman daiteke ideal klasikoa.
Lehenik, hiru gizon biluzien zirriborroa egin zuen punta metalikoz, hirugarren irudian, amaitu gabe dagoen horretan antzeman daitekeenez. Gorputz-adarrak, muskuluak eta artikulazioak trazu zabalez zehaztu zituen. Ondoren, gorputzak sanginaz marraztu zituen berriro, fintasun handiaz gainera. Azkenik, irudien ingerada marraztu zuen eta gorputz gainazalak trazu paraleloen eta gurutzatuen marradura bidez modelatu zituen.
Eskuinaldeko irudia Ostiako guduaren freskoan erabili zuen, Vatikanon Leon Aita Santuaren geletan pintatu zuen freskoan, alegia. Jakin badakigu Rafael 1514 eta 1517 urte bitartean lanean aritu zela fresko horretan eta, beraz, marrazki hau Durerori bidali izanak badu bere interesa: Alpeetako beste aldean zuen kideari aurrera eramaten ari zen proiektuaren zati bat eskaini baitzion.