Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa
Zeru-telebista (Sky TV), 1966/2014
Filma 4. zk. (Ipurdiak), Fluxus filma 16. zk. [Film Nº. 4 (Bottoms), Fluxus Film Nº. 16], 2 bertsio, 1966
Iruzkinak
Denok gara ur (We all are water), 2006
- Izenburua:
- Denok gara ur (We all are water), 2006
- Erakusketa:
- Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta emozioa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Ingurunea eta natura | Sentimenduak | Maitasuna
- Aipatutako artistak:
- Ono, Yoko
Hemen ditugu beirazko ontzi batzuk, ilaran jarriak; denetan ur kopuru berbera dago, eta ontzi bakoitzak pertsona baten izena du, txartel batean.
Denok gara ur da pieza honen izena eta denok pertsona garela gogorarazten digu: berdintasunari buruzko lan bat da. Hala idatzi du Yoko Ono-k ere: “Ura da gure bizitzako konstante garrantzitsuenetako bat. Gu geu ere uraren garraiatzaile gara. Gure gorputzaren %90 ura dugu. Termino paganoetan, ura emozioa da, maitasuna”. Adierazpen horrek gogorarazten digu Onorentzat, urak ere —zeruak eta aireak bezala— oihartzun poetikoa duela. Beste batean hau idatzi zuen: “Urak pentsatu, sentitu eta sendatu egiten du”.
Airea eta zerua bezalaxe, ura ere behin eta berriz azaltzen da Onoren lanean.1960ko hamarkadaren hasierako Jarraibideetan azaldu zen: Ur-tanta pintura (Water Drop Painting) izeneko lanean, ikusleak lurrean jarritako mihise batera ur-tantak botatzera gonbidatu zituen. Londresko Lisson Galleryn 1967an jarritako Half-A-Wind Show lanaren katalogoan ere azaldu zen, Ur-hitzak (Water Talk) izeneko pieza batean. Honela zioen:
“Ura zara / ura naiz / denok gara ur, bakoitza edukiontzi batean / horregatik da hain erraza elkar ezagutzea / egunen batean elkarrekin lurrunduko gara / baina ura desagertu ondoren ere / edukiontziei begiratuko diegu seguruenik / eta esango du ‘hura ni naiz, hango hori’ / edukiontzien zaintzaileak gara".