Egon Schiele
Gerti oihal okreen aurrean, 1910
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Egon Schiele
- Gaiak:
- Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta identitatea | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lerroa | Erretratua eta autorretratua | Viena | Sentimenduak
- Teknikak:
- Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Schiele, Egon
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora eta Egon Schiele-ren eta haren marrazkien erakusketara. Irudi hauetako askok liluratuko zaituzte, bikainak baitira. Schieleren estiloa bizkorra eta larritasunez betea da. Marrazkilari trebea zen; erakusketako artelanen lerro ausartak eta kolore gordinak horren erakusgarri ditugu.
Marrazteak berritzeko aukera eman zion Schieleri. Marraztea margotzea baino merkeagoa zenez, artista gazte eta baliabide gutxiko batentzat eskura errazagoa zen, eta, marrazkiak ez zirenez margolanak bezain maiz erakusten eta saltzen, askatasun gehiago zeukan lan egiteko. Schielerentzat, marrazkiak arte-molde autonomoa ziren, ez pinturetarako zirriborroak; beraz, sinadura eta data jartzen zien, harro.
Erakusketa honetako lanak Vienako Albertina Museoaren bildumatik datoz. Ikusiko duzunez, Schielek artista batek garai hartan marraz zezakeenaren inguruko arauei muzin egin zien, eta lotsagabetasuna oinarri estetiko bihurtu zuen.
Haren erretratuek tabuaren inguruko azterketa osatzen dute, mendebaldeko artean parekorik ez duena. Sakonak dira, irekitasunagatik hunkigarriak. Norbanakoaren zein sexu-nortasunaren inguruko hausnarketa etengabea dira.
Biziak dira, arakatzaileak, gorputzaren eszenaratze kontzientea. Alabaina, gogo-aldarte baten adierazpena ere badira. Erretratatutakoak espazio-huts batean daude, erabat isolatua. Horrela, kanpoko mundu materialetik aldenduta, Schieleren pertsonaiak haien gogo-aldartearen pertsonifikazio bilakatzen dira.
Erretratuen ezaugarri horiek eta ezohiko perspektibak dinamika berri bat sortzen dute ikuslearen eta erretratatutako modeloaren artean.
Vienan, Austria-Hungariako Inperio handi eta anitzeko hiriburuan, XIX. mende bukaeran, sortu zuen Schielek bere arte erradikala. Bertan, garai bertsuan, Sigmund Freud gizakien sexualitateari buruzko bere lan aitzindarian zegoen murgilduta. “Nia”ren eta “zera”ren (norbanakoari buruzko bi kontzeptu erabat berri) inguruko ideiak garatu zituen orduan.
Garai hartako Vienan Wittgenstein filosofoa eta Mahler eta Schoenberg musikari esperimentalak, besteak beste, bizi ziren. Era berean, antzerki-abangoardiaren hiriburua zen. Esoterismo-aktibitate handia ere bazegoen. Rudolph Steiner teosofoak bertan lan egiten zuen; Erik Jan Hanussen igarle famatuak Vienan egin zuen bere lehen okultismo-saioa, 1911n.
Sexualitatea eta arima, horrenbestez, Schieleren garaiko gai nagusiak ziren, psikoanalisian eta artean. Schieleren aita sifiliak jota hil zen, artistak 14 urte zituela. Ordutik aurrera, isolamendu-, heriotza- eta gainbehera-pentsamenduak nagusitu ziren Schieleren psikean.
Ehun urteren buruan, haren lanek oraindik ere ikuslea harritzen dute.
Erakusketa osatzeko hainbat euskarri didaktiko daude, Egon Schieleren ingurukoak argibide gehiago dituztenak. Aretoetan pareta-testuak daude, besteren artean, artistaren aipuak eta biografia labur bat jasotzen dituzte. Korridorean XIX. eta XX. mende arteko igarotzearen funtsezko aldeak azaltzen dira, zehazki, Vienan, bai eta Schielek beste artista batzuekin izandako harremana.