Frank Gehry, arkitektoa
New Yorkeko Guggenheim museo berria, New York, 1998–
Loyola University Law School, Los Angeles, Kalifornia, 1978
Iruzkinak
Gehry etxea, Santa Monica, Kalifornia, 1977–8 eta 1991–2
- Izenburua:
- Gehry etxea, Santa Monica, Kalifornia, 1977–8 eta 1991–2
- Erakusketa:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Gaiak:
- Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Gainazala | Materiala | Tamaina
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Bere lanbidean aritutako lehenengo hamabost urteetan zehar, Frank Gehry-k nahiko konbentzionalak ziren apartamentu-blokeak eta merkataritza-guneak diseinatu zituen Kalifornian. Geroago, 1977an, behin betiko pausua eman zuen bere etorkizun profesionalerantz Santa Monican zuen arrosa koloreko bere etxe xumea berritzeari ekin zionean.
Kaliforniako etxe tipikoa zen, hogeiko hamarkadako bi oineko zurezko etxea, asbestozko xaflez estalia, sinplea, apaindurarik gabea eta zurruntasunik ez zuen barne-egitura zuena. Bertan hasi zuten abentura Frankek, Bertak, bere emazteak, eta semeak.
Gehryk barrualdeko akabera zaharrak kendu zizkion etxeari eta bere jatorrizko armazoia argitara atera zuen —etxearen eskeletoa, nolabait esatearren—, bere barrenak ziren haien erradiografia antzeko bat izatea lortu arte. Beranduago, etxe zaharraren inguruan berri bat eraiki zuen literalki, metalezko txapa artekadunez, egur kontratxapatuz eta hesi metalikoz egina. Jatorrizko egitura arrosaren aztarna batzuk agerian uzten zituen estalki bat zen, beste galaxia batetik etorritako kreatura batek emakume zahar bat irentsi izan balu bezalaxe.
Frank Gehry:
Etxe zaharra estaltzea erabaki nuen, betiere kanpoaldetik antzemateko moduan, oraindik ukitu gabe egongo balitz bezala. Hasierako ideia hark esperimentu-pilo bat ekarri zuen berekin, eta horren ondorioz atalak gehitu eta kendu nituen, baina beti jatorrizko egitura errespetatuz, ordea. Hala, etxe zaharraren estetikarekin eta, aldi berean, bere estetikaren kontra jolasten aritu nintzen, eta bitartean aplikazio berriak probatu nituen ohi kanpoko materialak erabiliz.
Mugak nahastea erabaki nuen. Ezin zen esan non hasi eta non gelditu nintzen. Begien bistakoa zen etxea eraldatzen ari nintzela baina ezin zen zaharraren eta berriaren arteko mugapea ikusi.
"Etxebizitzak birmoldatzea" funtsean aluminiozko estaldurak gehitzea esan nahi zuen garaian, Gehryren dekonstrukzioak izugarrizko zalaparta eragin zuen. Izan ere, bere etxea tirokatu zuten behin.
Frank Gehry:
Erdi mailako klaseko gizona naiz. Erdi mailako klaseko auzo batean etxe bat eraikitzen ari nintzen, eta bertako etxebizitzetan klase honi dagozkion baloreak islatzen ziren. Eta nire klasearen barruan nire espazioa aurkitu nahi nuen, nire hizkuntza erabiliz.
Sare itxurako hesi metalikoz, txapa artekadunez, zur kontratxapatuz eta antzeko materialez egindako lana azterlan moralista antzeko bat zen. Material hauek, batez ere hesi metalikoa, izugarri erabiltzen ziren mundu guztian zehar eta, hala eta guztiz ere, mundu guztiak gorrotoa zien. Nahiko xelebrea izan zen gaitzespen-sentimendu hau behatzea, jendeak hesi bat eraikitzeko erabil zezakeela baina bere ezaugarriak aztertzen bazenituen, material hori nahita erabiltzeak, beldurra eta haserrea eragiten zuela ziurtatzea.
Egun batean bizilagun bat hurbildu zitzaidan esanez: “Zure etxea ez zait gustatzen ”. Eta erantzun nion esanez: “Zer da gustatzen ez zaizuna?”. Honela erantzun zidan: “Ba, material arraro horiek guztiak erabiltzen dituzula”. Erantzuna entzutean bere etxea seinalatu nion eta berak material berdin-berdintsuak zituela esan nion, atzealdean bote bat eta sarreran blokeen gainean utzitako automobil bat izateaz gain. Gero honela esan nion: “Zeuk gauza berdinak dituzu. Zer leporatzen didazu orduan?”. Baina bizilagunak berriro ere honela esan zidan: “Zurea arraroa egiten zait eta ez zait gustatzen”.
Batere ortodoxoa ez zen Gehryren etxe hark atentzio handia ematea lortu zuen bere alde eta bezero berriak erakarri zituen. Erakusketaren parte honetan aldi hartako bere eskarietako batzuk agertzen dira.
Bere proiektuetako asko inoiz gauzatu ez ziren arren, beste batzuk, aldiz, burutu ziren. Adibide bat Norton etxea dugu, Venice Beach-en, Kalifornian. Proiektu honetarako Gehryk bezeroen ibilbide pertsonala hartu zuen inspirazio-iturritzat, hau da, Lynn Norton artista eta aurretik sorosle izandako Bill Norton idazlearenak eta zuzendariarenak. Gehry Kaliforniako kostaldeko surflarien etxoletan erabilitako hondakinak gogorarazten zituzten materialez baliatu zen. Sorosleen jagoletza-dorrea balitz bezala goratutako estudio txiki bat ere diseinatu zuen, bertatik itsasoaren ikuspegi zoragarria ikus zitekeelarik.
Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasierarako, Gehrytarren premiak aldatu egin ziren eta arkitektoak bere etxea birmoldatzeari ekin zion berriro. Aldi horretan, horma altuagoak altxa zituen kanpoaldean, bere bizilekua ikusnahien eta arkitektura-zaleen begiradatik ezkutatzearren. Barrualdearen gordintasuna leuntzeko asmoz, akabera berria eman zion, urte batzuk lehenago agerian utzi zituen leku asko berriro itxi zituen eta, azkenean, erabat funtzionala zen jantzigela txukun bat egin zion emazteari. Obrak amaitu eta gero, bere etxeak aspaldiko esperimentu erradikal hura izateari utzi zion baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere bere ibilbide sortzailearen erakusgarria izaten jarraitzen du.