Frank Gehry, arkitektoa
Chiat/Day eraikina, Venice, Kalifornia, 1985–91
Vitra International altzari-fabrika eta diseinuaren museoa, Weil Am Rhein, Alemania, 1987–9
Iruzkinak
Winton gonbidatuentzako etxea, Wayzata, Minnesota, 1982–7
- Izenburua:
- Winton gonbidatuentzako etxea, Wayzata, Minnesota, 1982–7
- Erakusketa:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Gainazala | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Tamaina
- Artelan motak:
- Arkitektura | Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar Frank Gehry-k diseinatu zituen etxe batzuk aire zabaleko naturguneak aztertzeko eta ezohiko eraikuntza-materialak aplikatzeko nahiaren emaitza izan ziren. Hamarkada bat beranduago, aitzitik, bere aurreko lanei zegokien gordintasun esperimentaletik aldendu zen eta oso ortodoxoak ez ziren formak eta materialak ikertzeari utzi ez zion arren, modu sotilagoan aplikatu zituen itxiagoak, elkartuagoak eta leunagoak ematen zuten egituretan.
Winton gonbidatuentzako etxea Minneapolis-en inguruetan dago, Minnesotan, eta adierazi dugun horren guztiaren adibide argia da. Urteak igaro ahala, etxe nagusia —Philip Johnson arkitektoaren 1952ko lana— txiki geratu zen eta laurogeiko hamarkadaren hasierarako bertako familiari sinplea eta ezohikoa izango zen eta beren bilobak jolasean aritzeko eta ezkutuan ibiltzeko zirrikituz betea egongo zen etxe bat eraikitzeko ideia bururatu zitzaion.
Proiekturako Gehryk hasieran eraikitako lehenengo maketetako batzuk jostailuen artean nagusi den Lego‑an inspiratuak zeuden. Bere asmoa egitura eskultorikoen multzo bat sortzea zen, herrixka txiki baten antzera antolatuak, eta helburu hori betetzeko Giorgio Morandi pintore italiarraren natura hilak hartu zituen inspirazio-iturritzat.
Frank Gehry:
Multzoa hainbat osagaitan xehekatzearen arrazoi nagusia eskala haustea izan zen, elementu handiak sekziotan banatzea dekorazioaren premia saihestearren. Horrela eraikinak ez zuen uzkurtzen, aitzitik, zatikatze horren eraginez errazagoa izango zen bertan ibiltzea.
Eraikinak aurrekontu txikiekin eta epe laburretan eraikitzen direnean oso zaila da lerrozuzenetik, bloke kubikotik aldentzea eta hori guztia saihestea. Aurrena, erabili nahi nituen formak asmatu behar izan nituen, benetan interesatzen zitzaizkidanak eta, gero, forma horiek eraikitzeko moduak, guztia arrazoizko aurrekontu baten arabera bezeroek porrot egin ez zezaten.
Egiturak elkartzearen kontzeptu hori mendebaldeko kostaldeko zenbait etxebizitzatan aplikatu zuen Gehryk. Gehienek eraikin independenteak erakusten dituzte, Kaliforniako klimarekin bat datozenak. Hala eta guztiz ere, eta Minnesotan neguak oso latzak direnez, Winton gonbidatuentzako etxearen sekzio desberdinak elkarlotuak daude, horrek bertan bizi direnei kanpora irten izan beharrik gabe etxebizitzaren sekzio batetik bestera mugitzeko aukera ematen baitie.
Gehryk mota guztietako materialak erabili zituen sekzio hauek eraikitzeko: kare-harria, zura eta asfaltoa; eta metalezko txapa eta zur kontratxapatua kanpoalderako. Bizitza sozialerako espazioetan beirazko panelak agertzen dira zerua eta paisaia ikusi ahal izateko. Etxebizitza nagusitik begiratuta, hala ere, gonbidatuentzako etxeak leihorik ez duela ematen du. Ikusten den gauza bakarra Gehryren forma eskultorikoak dira.
Etxe-eskultura kontzeptu honek eboluzionatzen jarraitu zuen arkitektoak laurogeita hamarreko hamarkadan sartuta bere gain hartu zituen eskarietan. Erakusketaren gune honetan eraikuntza horietako batzuk ikus ditzakegu, Coloradoko Telluride etxea barne, hain zuzen ere Jay Chiat-entzat diseinatua eta ur-jauzi baten antzera beherantz doan kobre beltzezko teilatuagatik bereizten dena.
Arkitekturan, beti liluratu izan nau mugimenduaren ideiak eta ideia horren sorburua antzinako eskulturekiko sentitzen dudan zaletasunean dago, eskultura horiek mugimendua dutelako. Ziurrenez, antzina, eskultore handiek emozioa eragiteko mugimendua tresna gisa erabiltzeak berekin dakarren zailtasun horri aurre egin behar izan zieten. Nire ustez, eskulturak erantzun emozionalen bat eragin behar du, ezinbesteko baldintza izanik bere zeregina betetzeko.
Inguratzen gaituen guztia mugitzen da. Eta horixe zen gakoa, hau da, eraikinak mugimendu-sentsazioaren jabe izateko gai izatea, hiriko paisaiaren osagai diren aldetik. Eta gako horrek eraman ninduen sentsazio hori beren baitan hartzen zuten formak sortzera. Kurbak izan ziren ondoren etorriko zirenak.
Berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaera aldera, Gehryk etxe bat diseinatu zuen Bel Air-en, Kalifornian. Etxe horrek bere aurreko Frank Lloyd Wright arkitektoaren erreferentzia argiak zituen. 1981ean, jabe berriek, Smiths familiak, eranskin bat proiektatzeko eskaria egin zioten. Nahiz eta Gehryren obrak lehenengo eraikuntza hartatik erabateko aldaketa izan zuen arren, bezeroek atseginez onartu zuten forma berriak eta arriskutsuak gehitzearen ideiari. Gehryk proposatu zien gehitze-lanak elementu bat baino gehiago barne hartzen zuen —berde koloreko baldosez osatutako estaldura, estukoa eta zur kontratxapatua— eta elementu horiek unitate bakar bat sortzeko elkartu zituen. Zoritxarrez, tokiko aginteek ez zieten beharrezko obra-baimena eman, arkitektoaren proiektu erradikalak etxe baten itxurarik ez zuela argudiatuz.
Frank Gehry:
Etxeak eraikitzeari utzi nion zeren eta denbora asko eman behar baituzu horretan. Asko inplikatzen zara familiekin eta senar-emazteak zuregatik borrokan hasten dira. Oso gauza bitxiak gertatzen dira. Oso intimoa den zerbait bihurtzen da, nahiz eta, bestalde, nire ustez arkitekturaren formarik puruena izan. Eskulturara hurbiltzeko aukera handiena ematen dizun eraikuntza da.