Anselm Kiefer
Les Reines de France – Frantziako erreginak
Eguzki-ontzia, 1984-95 (Guggenheimen Bilduma Iraunkorrekoa)
Iruzkinak
Berunezko liburu-piloari buruzko azalpen orokorra
- Izenburua:
- Berunezko liburu-piloari buruzko azalpen orokorra
- Erakusketa:
- Anselm Kiefer
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Beruna | Sinbologia | Tamaina | Nazismoa | Eguzki-loreak | Alemania | Liburuak | Johannes Gutenberg
- Artelan motak:
- Eskultura | Eskultura-objektua
- Aipatutako artistak:
- Kiefer, Anselm
Hemen, tamaina handiko liburu-piloa dago zoruan, baita eguzki-lore batzuk ere.
Kieferri asko interesatzen zaizkio liburuak, historia jasotzeko eta interpretatzeko balio dutelako. “Niretzat”, dio, “material bat da historia, paisaia eta kolorea materiala diren bezala”.
Liburuak Kieferren mitologia pertsonalaren sinbolo garrantzitsuenetako batzuk dira – ‘lanaren barruan dagoen lana’ dira, lan-multzo nagusiari berez dagozkionak bezain konplexuak diren gaiak biltzen dituztelako beretzat. Jakituriaren eta munduaren ezagutzaren biltegia balira bezala ikusten ditu, baita historiako gertaera izugarrien biltegia bezala ere, dena den. Hauxe dio liburuen ahalmenari buruz:
“Gure sorburuei buruzko kontakizuna betidanik hasi da ahozko tradizioan, baina azkenerako beti liburu itxura hartu izan du. Honek … memoria iraunarazteko balio du, baina kontakizuna zurrundu egiten du baita ere. Bakoitzak modu desberdin batean kontatzen ditu istorioak, baina idatziak daudenean izoztuak geratzeko arriskua dute”.
Liburuen eskulturak izan ezik (berunezko hauek adibidez), 1960ko hamarkadaren bukaeratik aritu izan da Kiefer liburu-objektuak egiten. Benetako liburuak dira, orrialdeak pasa ditzakegun horietakoak, eta eginda dauden materialengatik ezaugarri eskultorikoak hartzen dituzte. 1980ko urteetatik aurrera Kieferrek arreta handiagoa eman zien liburu-eskulturetan eta liburu-objektuetan erabiltzen zituen materialei. Liburu horietan gero eta prozesu eta baliabide konplexuagoak biltzen hasi zen. Buztinez ere egin izan ditu liburuak, lurrez azaleztatuak, eta antzina Mesopotamian egiten zituzten buztinezko plantxak gogorarazten dizkigute – munduan ezagutzen diren aurreneko liburu-formak, alegia. Eta berunezko liburu-serie ugari egin izan ditu, hauek adibidez – batzuk Koloniako katedraleko sabaitik berreskuratutako berunarekin eginak. Eskultura honetan, liburuen orrialdeak ezin dira irakurri eta, beraz, liburuen funtzio nagusietako bat – ezagutza transmititzearena – indargabetua geratzen da. Gainera, liburuek esanahi berezia dute Alemaniako historian eta Kieferri minbera eragiten dion horretan – 1450eko urteetan bertan inprimatu zuten lehenengo liburua, Gutenberg-en Biblia, eta 1930eko urteetan bertan erre zituzten Naziek liburuak.