Brancusi–Serra
Richard Serra, Uhalak (Belts), 1966–67
Constantin Brancusi, Sorgina (La sorcière), 1916–24
Atari-txakurra (Chien de garde), 1916
Iruzkinak
Constantin Brancusi, Haurra munduan, talde mugikorra (L’enfant au monde, groupe mobile), 1917
- Izenburua:
- Constantin Brancusi, Haurra munduan, talde mugikorra (L’enfant au monde, groupe mobile), 1917
- Erakusketa:
- Brancusi–Serra
- Gaiak:
- Giza gorputza | Giza harremanak | Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Tamaina
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Brancusi, Constantin
Argazki hori 1917an atera zuen Brancusik; bertan agertzen dira Neskatxa frantsesa, Kopa eta Zutabe amaigabea lanen hasierako bertsioak. Azken lan hori erakusketa honetarako birsortu egin da. Lan hauei eman zien azpititulua, Talde mugikorra, funtsezkoa da Brancusik bere eskultura-lanaz zuen ikusmoldea ulertzeko. “Mugikor” terminoak objektuak moldatzen zituen moduarekin du lotura, aldi baterako zirela uste baitzuen hark, edozein unetan aldarazi, forma berria eman eta eralda baitzitzakeen.
Beste osagarririk gabe, zurezko Kopa eguneroko objektu arrunt baten handitutako bertsioa da. Ez du funtziorik: barrualdea ez da hustu. Zer ikusten dugun begiratzen diogun angeluaren eta lanaren kokagunearen araberakoa da. Zutabe baten gainean ikusten dugunean —argazkian bezala— buru bat ematen du. Gainazal laua aurpegia da eta kirtena belarri bat.
Neskatxa frantsesa zurezkoa da eta pieza bakar batean zizelatua dago. Bi hankek eta gorputz lirainak ume bat dela aditzera eman nahi digute. Oso adierazgarria da lan hau izendatzeko Brancusik “mugikor” terminoa erabili izana: haurraren oinak ibiltzen ikasten ari dela iradokitzeko asmoz egin zituen.
Objektu hauek urteetan egon ziren gordeak Brancusiren estudioan. Izan ere, hantxe hartu zuten beretzat esanahi pribatua eta pertsonala. Eskultorea Erik Satie-ren laguna zen, Sokrates opera idatzi zuen konpositorearena. Satiek txantxetan deitzen zion “Platon” Brancusiri; honek, berriz, “Sokrates” deitzen zion. Geroago, Brancusik esan zuenez, Haurra munduan lanak Platonen eta Sokratesen ume moduko harremana jasotzen du. Kopak, berriz, Sokrates hil zuen astaperrexil-ontzia.