Brancusi–Serra
Sarrera
Richard Serra, Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Iruzkinak
Constantin Brancusi, Musua (Le baiser), 1907–08
Musua (Le baiser), 1916
Musua (Le baiser), 1923–25
- Izenburua:
- Constantin Brancusi, Musua (Le baiser), 1907–08
Musua (Le baiser), 1916
Musua (Le baiser), 1923–25 - Erakusketa:
- Brancusi–Serra
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Gainazala | Geometria | Materiala | Dualtasuna | Maitasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Brancusi, Constantin | Serra, Richard
Hemen ikusten dituzun bi irudiak –gizon bat eta emakume bat– besarkatzen ari dira. Lotuak dituzte besoak, eta aurpegiek elkar ukitzen dute. Are begi irtenak ere batzen dira, eta ziklopeen moduko begi bakar bat ematen dute.
Eskultura hau egiteko harri-bloke bakarra zizelatu zuen zuzenean Brancusi-k. Lanaren forma soil geometrikoak garrantzizko abiapuntua izan ziren eskultorearen estiloaren garapenean. Haren garaian, maila goreneko eskultoretzat zuten, baina lan honekin aldendu egin zen metodo tradizionaletik eta formalagotik: aldaketa handia izan zen, ibilbidearen nondik norakoa aldatu baitzuen. Hemen erabilitako metodoak, harria zuzenean zizelatzekoak, aukera eman zion ordura arteko teknika errazteko. Dena den, artistak azaldu zuenez “artearen helburua ez da soiltasuna; gauzen benetako esanahia bilatzeak, soiltasuna dakar”. Irudiak bularraldearen azpian moztuak egon arren, Brancusik osotasuna ikusten zuen artelanean. Oinarriari buruz galdetu ziotenean, honela aurkeztu behar zela erantzun zuen:
“Dagoen bezala. Oinarririk jartzekotan, exentua beharko luke. Bestela, beste edozeren gainean jarriz, atonduz, gero, anputazio bat emango luke”.
Brancusik Musua izenburua aukeratzean, argi eta garbi zeukan buruan Auguste Rodin eskultore frantsesaren izen bereko lana. Hala ere, Rodinen eskultura figuratiboa da guztiz, eta horrek ematen dio indarra; Brancusirena, aldiz, lerro gutxi batzuez eginda dago, eta soiltasun horrexek ematen dio bizitasuna. Maitaleen hazpegiak bakandu eta besarkada harri-bloke bakar batean bildu du. Materialak, harriak —haren bolumenak, testurak eta trinkotasunak—, zizelatutako gaiak bezain besteko garrantzia du obra honetan.
Brancusiren lan honetako gaia, besarkatutako irudiak, Richard Serra-ren Denboraren materia instalazioaren gaiarekin lot daiteke; izan ere, azken horren bihurgune handiek inguratu edo besarkatzen ditu ikusleak.