Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Eguneko argia

Olafur Eliasson

Izenburua:
Eguneko argia
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Sorkuntza artistikoa | Argia | Eguneko argia | Jasangarritasuna | Eguzki-energia | Klima-aldaketa | Depresioa | Anna Wirz-Justice | Zentzumenak | Kronobiologia | Erritmo zirkadianoak
Artelan motak:
Arkitektura
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

ANNA WIRZ-JUSTICE Basileako Unibertsitateko Ospitale Psikiatrikoko Kronobiologia Zentroko irakasle emeritua da, eta ikerketa-proiektu aitzindariak bideratu ditu bai argi-terapiaren, bai desoreka depresiboen kronobiologiaren alorretan. Eliasson-ek 2016an ezagutu zuen Wirz-Justice, Kopenhageko Ny Carlsberg Glyptotek museoan, Daylight sariaren banaketa-ekitaldian. Urte hartan bertan Wirz-Justicek Daylight Academy-ren kide sortzaile izatera gonbidatu zuen Eliasson. Akademiak zientzialariak, arkitektoak eta bestelako profesionalak elkartzen ditu, eta eguneko argiari buruzko diziplinarteko eta diziplina-zeharkako pentsamendua sustatzen du.

 

Olafur Eliasson: Jakin dakizunez, argiarekin lan egin ohi dut nire artelanetan: eguneko argiarekin, LED argiekin eta frekuentzia bakarreko lanparekin, baita argia zabaltzen, islatzen eta errefraktatzen den moduarekin ere. Azkenaldi honetan, argi jasangarriarekin ere aritu izan naiz nire Little Sun eguzki-lanparen proiektuan. Gero eta gehiago interesatzen zait, alde batetik, estetikaren eta edertasunaren, eta, bestetik, medikuntzaren eta biologiaren artean egin ohi den bereizketa horren jarraitutasuna.

Elkarrizketa hauetan esploratzen ari naizen gaietako bat zera da, naturaren eta kulturaren arteko muga eraiki egiten dela, ez datorrela aldez aurretik emana. Argiaren esperientziak, esate baterako, uztartu egiten ditu elementu biologikoak eta elementu kultural eta interpretatiboak. Hasteko, deskribatuko al duzu labur-labur zure lan-eremua? Izena bera, kronobiologia, misteriotsua gertatzen da dagoeneko.

Anna Wirz-Justice: Kronobiologia denbora biologikoa aztertzen duen zientzia da; hau da, gure jokamoldea eta fisiologia gidatzen dituzten gure eguneroko erritmoak —erritmo zirkadianoak izenekoak— eta urtaro-erritmoak aztertzen ditu. Eboluzioan zehar, seinale indartsua izan da urtaro batetik bestera egunaren eta gauaren artean dagoen aldakortasuna. Organismo bizi guztiek barneratu dituzte kanpoko erritmo geofisiko horiek, erloju biologikoa bailiran. Bakteria txikienetatik, onddo eta landareetatik hasi eta euli, arrain eta ugaztunetaraino, izaki bizi guztiek dauzkate “erloju-gene” harrigarriro antzekoak, gutxi-asko hogeita lau orduko barne-ziklo bat sortzen dutenak. Erloju-geneen funtzionamendua eta erritmo zirkadianoen nonahi- kotasuna aurkitu izanak Nobel saria ekarri zien kronobiologoei 2017an.

 

[OE:] Konforme. Zeharo interesatzen zaizkit argiak gure osasunean eta gure eguneroko bizitzan dituen efektuak. Nola funtzionatzen du?

[AW-J:] Gure eguneroko erritmoak gidatzen dituen erloju biologikoak begien eta nerbio optikoen bitartez jasotzen du kanpoko munduko argiari buruko informazioa. Denok dakigu erretinan badaudela ikusmenerako fotorrezeptore arrunt batzuk —ilunpetan ikustea ahalbidetzen diguten makilak, eta egunez koloreak, formak, lerroak eta mugimendua ikusteko balio diguten konoak—, baina orain hamabost bat urte bestelako fotorrezeptore bat ere aurkitu zuten begian, erretinako gangoil-zelula azpimultzo batean; fotoerrezeptore horrek melanopsina izeneko fotopigmentu berezi bat dauka, argiarekiko sentikorra dena uhin-luzera urdinetan.

Egiaz interesgarria dena da badela aparteko traktu optiko bat zelula horiek zuzenean erloju biologikoarekin lotzen dituena, argia erabiliz garunari informazio ez-bisuala emateko. Argiak gure ikusmen-sistemarekin inolako harremanik ez duten efektu-kopuru harrigarri handia du; erloju zirkadianoaren sinkronizatzaile gisa jokatzea da haietan garrantzitsuena. Eta gauza arraro bat gertatzen da: ziklo zirkadianoa ez da hogeita lau ordukoa. Arratoietan hogeita hiru ordu ingurukoa da, eta gizakietan hogeita lau ordutik gorakoa. Hori zergatik gertatzen ote den jakin nahi izaten dugu, eta horren balizko azalpen bat fisikaren oszilazio-teorian oinarritzen da: erloju biologikoa hobeto sinkronizatzen da kanpoko hogeita lau orduko egunarekin periodikotasun apur bat bestelakoa baldin badu.

 

[OE:] Hori oso interesgarria da. Dimentsio existentziala ere badu: pixka bat desordutan gabiltza beti, behin ere ez gaude guztiz sinkronizatuak, eta horrek aktibo mantentzen gaitu, erne.

[AW-J:] Aizu, Olafur, izugarri gustatzen zait zure burua! Erlojuak eguneko argiaren seinale horren premia du sinkronizaturik mantentzeko. Gorputzeko zelula guzti-guztiek dauzkate erloju-geneak; bakoitzak bere erritmo naturala du, eta elkarrekin nahiz kanpoko munduarekin sinkronizatu behar dute. Imajinatuko duzu nolako lan konplikatua den hori eta zeinen erraz desegonkortzean den. Ondo daki hori jetlagaren erruz edo gaueko txandetan lan egiteagatik loaren eta apetituaren zein bestelako erritmoen desinkronizazioa bizi izan duen edonork.

Gauza bat da argiak duen efektu sinkronizatzailea, baina ondorio zuzenak ditu, baita ere, gogo-aldartean, eta arretari, kognizioari eta errendimenduari ere eragin diezaioke. Gero eta hobeto ulertzen dugu nolako garrantzia duen argiak gure eguneroko bizitzaren hainbat alderditan. Izugarria da argiak gure osasunean —burukoan zein fisikoan— duen eragina, eta alderdi askori eragiten die, nola diren loa, gogo-aldartea eta ongizate somatikoa.

 

[OE:] Egia al da argi hotzak jokamolde lagunkoiagoak eta erneagoak aktibatzen dituela, eta argi beroak, berriz, kontrakoa eragiten duela?

[AW-J:] Bai. Argi hotzak urdin asko du —erloju biologikoari eragiten dion uhin-luzera— eta horrek erneago, biziago egotea dakar. Argi beroak laranja eta gorri gehiago du, eta lasaigarriagoa da. Gogoan hartu behar den ezberdintasuna da hori, oinarrizko printzipio horiek aplikatu nahi ditugunean eguneko ordu ezberdinetarako edo egoera zein pertsona desberdinentzako argia aukeratzerakoan.

 

[OE:] Egia esateko, nik Fjordenhus-en aplikatu nituen, nire estudioarekin diseinatu nuen eraikinean, Vejlen, Danimarkan. Bulegoen erdialdearen argiztapena beroagoa da bulegoetan izan ohi dena baino. “Kanpamentuko su” moduko eremu bat sortu nahi genuen elkarrekin lan egiteko. Bestalde, bulego biribilen periferiako argiak tonu urdin gehiago du; han jendea bakarka esertzen da. Kanpoaldearen eta suaren erdigunearen artean dauden eremu horiek erne sentitzeko baldintzak eskaintzen dituzte.

[AW-J:] Biologikoki, bultzada txiki bat behar dugu goizeko lehen orduan gure erlojuak sinkronizatzeko: egunsentiaren seinalea. Eguneroko bizitzan, horrek esan nahi du ordu erdi eman behar dugula goizean goiz etxetik kanpo, edo egunsentia imitatzen duen lanpara bat eduki behar dugula ohe ondoan. Alegia, zoaz lanera oinez edo bizikletaz, eguraldia edonolakoa dela, eta hortxe duzu goizero aire zabalean egin beharreko ordu erdia. Horrek orduan jarriko du berriz zure erlojua. Baina zure gaueko ingurua iluna dela ere segurtatu behar duzu. Jendeari ahaztu egiten zaio hori. Argiaz mintzatzen gara etengabe, baina iluntasuna ere garrantzitsua da.

 

[OE:] Zuk uste duzu jendeak orain argi-baldintzen kontzientzia handiagoa duela? Sumatzen al duzu argiaren kontzientzia handiagoaren aldeko mugimendurik?

[AW-J:] Bai. Orain hogeita hamar urte hasi zen dena, argi-terapia erabili genuenean urtaroko depresioa sendatzeko. Tratamendu hori —zientifikoki aztertu zen botikarik gabeko lehen tratamendu psikiatrikoa— egunaren luzerak beste ugaztunen urtaroko hibernazio- eta ugalketa-erritmoetan duen garrantziaz dakigunean oinarrituta dago. Guk frogatu nahi genuen ea pertsonek hobera egiten zuten neguaren erdian udako egun bat itxuratuta. Eta gauza da funtzionatu zuela! Neguko depresioan usadiozko tratamendu gisa erabiltzen da gaur argi-terapia, depresio mota hori maiz gertatzen baita negu luzeak dauzkaten herrialdeetan.

Jendeak badaki aplikazio kliniko horren berri, baina eguneroko bizitzan dituen inplikazioak gutxiestera jotzen du. Oso pertsona gutxi konturatzen da nolako garrantzia duen intentsitate egokiko argia izateak eguneko une egokian. Argi-terapiaren gaineko azterlanak zabaldu egin dira, eta era guztietako depresioei eta loaren gorabeherei aplikatzen zaie; era berean, argia erabiltzen da egunez ongizatea, arreta eta errendimendua hobetzeko, esate baterako, eskoletan eta bulegoetan.

 

[OE:] Esan zenidan zure ikerketen ondorioz ospitaleetan aldatu egin zela jaioberrien unitateetako argiztapena. Erizainek argia beti piztuta uzten zutenean, ume goiztiarrek ezin zituzten beren erloju biologikoak sinkronizatu, eta hori traba zen umeek hobera egiteko.

[AW-J:] Argia/iluntasuna zikloa ume goiztiarrentzat, eta areago, jaioberri guztientzat, ondo finkatua dagoen ikerketa-eremua da. Sehaskak leihotik gertu ipini behar dira, egunsentia/ilunabarra seinalea jaso dezaten haurrek! Ikerketak berebat agertzen du zeinen garrantzitsua den eguna/gaua seinaleak sortzea zainketa intentsiboetako unitateetan, haietan ezin baita argia/iluntasuna ziklorik izan, argia beti behar da-eta. Halako kasuetan, argia/iluntasuna zikloak izatea ezinezkoa denean, argi zuria eta anbar-koloreko argia tartekatzen dituen ziklo bat edukitzea da sistema, anbar-koloreak blokeatu egiten baitu gure erlojua martxan jartzen duen uhin-luzera urdina. Erizainek eta sendagileek ikusten dute zer egiten ari diren, baina erloju zirkadianoarentzat “gaua da”, eta horrek loa eta susperraldia errazten ditu. Aplikazio hori berebat da egokia zaharren egoitzetarako eta Alzheimerra duten pazienteentzat: gaueko argiak anbar-kolorekoak izatea, eta ez zuriak, ezta urdinak ere.

 

[OE:] Nik seme-alaben mugikorrak programatu ditut arratsaldeko seietan edo zazpietan anbar-kolorean jar daitezen, beren mugikorrekin duten erlazio obsesiboa nolabait eteteko, gau osoa esna pasarazten diete-eta.

[AW-J:] Primeran! Zeure buruari galdetzen diozunean nola aplikatu jakintza hori gure ongizatea hobetzeko, egizkiozu zure bizi-estiloari buruzko galdera erraz batzuk. Ordenagailuaren aurrean ematen al duzu egun osoa? Lanean aritzen al zara iluntzean, edo iPada zein mugikorra erabiltzen gaueko azken ordua arte? Ordenagailuko pantaila gehienak urdinak dira; horrek zuzenean eragiten dio sistema zirkadianoari eta esna mantentzen zaitu, hau da, lotarako gogoa atzeratzen eta insomnioa eragiten du. Hortaz, pantaila programatu behar da gauez anbar-kolorekoa izan dadin. Lanera joateko altxatzen zarenean oraindik argitu ez badu, argiztapen ona behar duzu, agian baita argi-kutxa bat ere, goizean esnatzearen efektua lortzeko. Eta atera zaitez kanpora bazkalorduko etenaldian, baita Reykjavikeko negu gorrian ere. Aprobetxatu benetako egun-argi horren ordu erdia!

 

[OE:] Zenbateko interesa ikusi duzu gai honen inguruan azken hamar edo hogei urteotan, zientzia hau hedatu ahala, arkitektoen eta urbanisten aldetik?

[AW-J:] Kronobiologia mantso-mantso ari da sartzen arkitekturaren praktikan; eta ez hori bakarrik: urdinarekiko sentikorrak diren fotorrezeptore ez-bisualen aurkikuntzak erabat aldatu du argiztapenaren industria. Gaur egun badira eginkizun ezberdinetarako kolore-tenperatura desberdinak dituzten lanparak. Badira LED lanparak kanpoko eguneko argia itxuratzeko programatuak, egunean zehar gertatzen diren tonu kromatikoen aldaketa dinamikoen bitartez. Eta argiztapenaren nazioarteko arau ofizialak finkatzen dituzten erakundeak hasiak dira beren gidalerroetan erritmo zirkadianoen gaineko efektuak txertatzen. Orain arte, gidalerro horiek ikusmenaren erosotasuna baizik ez zuten gogoan hartzen, beraz, aintzat hartu da, bai, argiaren alderdi ez-bisualen garrantzia.

 

[OE:] Sekulako aplikazio posibleak daude jakintza-alor honetarako; ez aplikazio funtzionalak bakarrik, baita estetikaz egiten dugun definizioari eta gizakien eta animalien ongizateaz dugun ulerpenari lotutako inplikazioak ere. Badira inplikazioak bizitza onaren kontzeptuari lotuak. Zuri iruditzen zaizu jendea hasi dela argia modu sofistikatuagoan erabiltzen? Hainbat motiborengatik interesatzen zait jendeak argiaren kontzientzia handiagoa izatea —argiarekin dugun erlazioa esplizituagoa egitea—, eta horietako bat da klimarekin dugun loturak argiarekin duela funtsean zerikusia. Hau da, argiarekiko dugun harremanak nola sor lezakeen erlazio zuzenagoa klima-aldaketa bezalako erronkekin.

[AW-J:] Dudarik ez dago modu zabalagoan onartu behar dela argiarekin dugun konexio “biologikoa”. Zu Daylight Academyko kidea zara; duela gutxi sorturiko erakundea da, eta gai hau interesatzen zaien ekozientzialari, botanikari, kronobiologo, urbanista, fisikari eta artistek osatzen dute. Oraindik ez daukagu erantzunik, baina segurua da diziplinarteko ikerketak klimari buruzko kezka txertatzen duten eta bizitzeko modu naturala eskaintzen duten aurreramenduak ekarriko dituela arkitektura eta hirigintza-planifikazio arloetan.

 

[OE:] Nire esperientziaren arabera, ulertzen hasten zarenean nolako eragina duen argiak zugan, orobat hasten zara konturatzen zuk inguruko argiarengan sor dezakezun eraginaz, eta, horren bitartez, munduan sor dezakezunaz. Niri inporta zaidana ez da bakarrik zure jakintza-eremua ulertzea, baizik eta hori konprenitzeak nolako ondorioa duen nik mundua ulertzeko dudan moduan. Izan ditugun solasaldi batzuekin lotzen da hori, jardun garenean elkarrekin helduko ote diogun talde-agenda artistiko bati, eta artelan bat sortzeko aukeraz.

[AW-J:] Bai! Izugarri gustatuko litzaidake fisikoki eta emozionalki esperimentatzeko aukera ematen duen instalazio edo interbentzio bati aplikatzea eguneroko erritmo biologikoen gaineko jakintza hau. Erritmo zirkadianoez ari garenean, naturako argi-seinaleez ari gara. Ilunantza da egiazki garrantzitsua den seinalea: egunsentia eta ilunabarra; uste dut hori dela jendeak esperimentatzea nahi duguna.

2018ko abuztua

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]