Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Wild Style

Olafur Eliasson

Izenburua:
Wild Style
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta identitatea | Artea eta musika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lankidetza artistikoa | Break dance | New York | Europa | Alemania | Hip hop | Jazz | Charlie Ahearn | Fab 5 Freddy | Jean-Michel Basquiat | Lee Quinones | Max Roach | Thelonious Monk | Nellie Monk | Arrazakeria | Kaleko kultura | Zinema | Wild Style
Artelan motak:
Grafitia
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

FAB 5 FREDDY (FRED BRATHWAITE) hip-hop musikaren aitzindarietako bat da. 1970ean hasi zen lanean New Yorken, eta erabakigarria izan zen Brooklyn eta Bronxeko kaleko kulturako gazteak downtown-eko artearekin eta punkaren eszenarekin biltzeko garaian. Pintore gazteen eta grafitien, break dance-aren eta raparen bultzatzaile gisa, Charlie Ahearn-en 1982–83ko Wild Style gurtzako filmaren atzean egon zen indar bultzatzailea izan zen. Film hori erreferentzia-puntu garrantzitsua izan zen Eliasson-entzat hau arte-ikasketak egiten hasi baino lehen, breakdancer-a zenean Eskandinavian.

 

Olafur Eliasson: Gaztetan, kaleko kulturak, interesatu ez ezik, obsesionatu egiten ninduen, eta Wild Style zure filmak [1982–83] ikaragarrizko zirrara eragin zidan ikusi nuenean. Mutil beltzen presentzia kalean kriminalizatu nahi izan da, kaleko kulturak eta kaleko jarduera kolektiboak definituriko komunitatearen ideia saihesteko xedearekin. Nola bizi izan zenituen kaleko kulturaren lehen denbora haiek?

Fred Brathwaite, aka Fab 5 Freddy: Nerabea nintzenean, hirurogeita hamarreko hamarkadan New Yorken, oso jende gutxik zeukan gauza positiborik esateko guk egiten genituen grafitien arteaz, break dance-az edo rap musikaz. New Yorkeko mutil zuri pobreek ere egiten zituzten grafitiak eta antzeko gauzak, baina arrazismoaren erruz, bertako prentsak etengabe kriminalizatzen zituen beltzak eta latinoak. Inork ez zuen ezer onik ikusten haiek egiten zituzten gauzetan. Hortik sortu zen Wild Style-ren ideia. Nik jendea konturatzea nahi nuen gu artistak ginela, adierazpide berriak erabiltzen genituela, sorkuntza-mugimendu garrantzitsu bat sortzen ari zela.

 

[OE:] Pelikulak ezin hobeto dokumentatzen zuen, eduki artistikoaren sen sendoa zeukan kultura guztiz sortzaile bat ez ezik, baita kultura haren erresilientzia, kultura haren ziurtasuna ere. Gaur egun argi dago jende guztiarentzat une hartan artearen historia ari zela egiten. Nondik zetozen erresilientzia hura eta zeuen buruarenganako konfiantza ezin sinetsizko hura?

[F5F:] Duela gutxi Shake the Dust izeneko dokumental bat ikusi nuen [2014]. Break dance-a aztertzen du, toki askotan, gerrak suntsituriko Ekialde Ertaineko eta Afrikako eskualdeetatik hasita, Hego Amerikako oso leku pobreetaraino. Neska-mutil horiek hain pobreak dira, non kartoi bat edo linolio-zati bat ere ez baitaukate haren gainean dantza egiteko, eta hauts-zirimolak altxatzen dira beren mugimenduak egiten dituztenean. Neska-mutil horiek ezertxo ere ez daukate: hiri batzuetan bonbek txikitu dituzte haien inguruko eraikin guztiak. Alabaina, sumatzen da nolako energia ematen dien break dance-aren mugimendu horiek guztiak egiteak. Energia eta harrotasuna igartzen zaie. Filma ikustean, New York hirian, 1970eko hamarkadako une hartantxe, istorio hura sortu zuten gazteen lehen ideia eta sentimenduak etorri zitzaizkidan gogora. Neska-mutil hauek ikusten ditudanean, New Yorkeko gazte pobreenek orduan zeukatena baino askoz ere gutxiago baitaukate, konturatzen naiz honen sustraiak oso sakonak direla. Une hartan grafitiak eta hip-hop musika sortzearen helburua jendeak existitzen ginela jakitea zen —“Hemen nago!” “Pertsona bat naiz!”—, eta espazio bat eskatzea: “Ikusten duzu horko eraikin hori? Zerrikeria bat da, ezta? Bertara joan eta kolore biziko zerbait ikusgarria pintatuko dut”. Kontua ez zen aberatsa edo famatua izatea, zeure komunitatean ezaguna izatea eta jende pobrearen autoestimua areagotzea baizik. Hain soila zen, hain oinarrizkoa eta hain garbia, non nik uste baitut, zuhaitz batean bezala, sustraiek oso sakon heldu zutela: hori guztia gertatzen zen musika-, zinema- eta telebista-arrakasta handiak baino lehen, kaleko artistak galeria eta museoetan erakusketak egiten hasi baino lehen. Eta ezin da sinetsi, baina badu oraindik ezaugarri egiazko, garbi, zintzo hori. Nik eska nezakeena baino gehiago da, berrogei urte pasa geroago. Ezin nuen imajinatu hura guztia hain indartsua izan zitekeenik hainbeste denboran, ez mundu osora zabalduko zenik ere.

 

[OE:] Bai, entzuten ez direnei zuzentzen zaie oraindik ere kaleko kultura, periferiakotzat jotzen direnei. Eta bai, grafitiak egitea, auzoko festak egitea, kalean dantza egitea identitate bat aldarrikatzeko modu bat da, baita espazio bat aldarrikatzeko modu bat ere. Ni landaldean hazi nintzen, Danimarkan, eta Kopenhagera egin nuen txangoetako batean —hamahiru edo hamalau urte izango nituen— mutil batzuk ikusi nituen ni baino zaharxeagoak, erakusleiho baten aurrean, robotak bezala mugituz. Nire lehen harremana izan zen electric boogie-arekin. Harrezkero, hozkailura ere ezin nintzen joan baso bat esne hartzera robot bat bezala mugitu gabe. Errebelazio sinestezina izan zen!

Kableko telebista baino lehen, internet baino lehen, benetako altxorra zuen kaleko dantzen VHS zinta bat zeukanak. Handik urtebetera edo, konturatu nintzen hura gauza garrantzitsua zela. Grafitien mundua ezagutu nuen, Danimarkan oraindik zabaldu gabe zegoena, eta kontzientzia handiagoa hartu nuen breakdancing-aren eta electric boogie-aren ideia osoaz. Hantxe nengoen ni, landaldeko Danimarkako mutil zuri bat, ikusiz nola zetorren olatua zu zeunden lekutik. Eta zuek bultzatzen zenuten olatu hura. 1983 edo 1984 zen, nire lagun gehienek britainiar pop musika aditzen zutenean eta nik gauez irratia pizten nuenean Kurtis Blow eta Herbie Hancock entzuteko. Eserita geratzen nintzen nire zinta-grabagailuarekin eta grabatzeko botoia sakatzen nuen hip-hop-arekin nolabaiteko lotura zeukan zerbait jartzen bazuten. Wild Style atera zenean, nire lagunek eta nik menderatzen genituen jadanik mugimendu batzuk. Ez geunden inolaz ere finkatuta, baina bagenuen halako ospe bat Eskandinaviako kaleko kultura-eszena hartan. Dantzatzeak eta mugimendu horren parte izateak arrasto handia utzi zidan gaztetan. Bronxetik eta Harlemetik oso-oso urruti bageunden ere, bazen zerbait kaleko kulturaren erresilientzian nire identitatea erreklamatzera, nire gorputza erreklamatzera bultzatu ninduena. Huraxe izan zen gero niretzat hain garrantzitsua izango zenaren hasiera: espazio publikoarekin nuen erlazioa.

[F5F:] Ikaragarri gustatzen zait horrelako istorioak aditzea! Ez nuen sekula imajinatuko hainbeste pertsona honekin zaletuko zenik, eta hainbeste lekutan.

 

[OE:] Marraztea ere ikaragarri gustatzen zitzaidan niri garai hartan. Gure aita artista zen, eta amak ni artista izatea nahi zuen, eta, hortaz, dantzaren munduan sartu nintzenean, gauza naturala izan zen niretzat grafitiak egiten hastea. Ni nintzen mutil bakarra gauza zena halako antz batez marrazteko, adibidez, behi bat, eta, hala, laster eskuratu nuen espazio txiki bat geroago grafitiaren eszena izango zenean. Zu ere artista-lanetan ari zinen orduan, ezta? Pintatzen.

[F5F:] Bai, hasieran arkitektoa izan nahi nuen, gero artista bisuala. Margotu egin nahi nuen eta nire obra galerietan eta museoetan erakusgai jartzea, baina ez nuen argi ikusten nola lortu. Ez nuen ni bezalako jende askorik ikusten artearen munduan gauza garrantzitsu bat egiten. Baina, beste grafitero askori bezala, modu bat bururatu zitzaidan nire izena hiri osoan jartzeko eta gogoak ematen zidan tokian margotzeko. Modu errebelde eta subertsiboan, artearen munduan sartzeko gauza izango nintzela bururatu zitzaidan, Malcolm X-en esaldi famatuaren arabera, “beharrezkoak diren bitartekoak erabiliz”.

Eta, berriz ere, itxura hobea izatea, jendeak gutaz zuen pertzepzioa aldatzea zen Wild Style pelikulan bildu genituen ideientzat nik neukan motibazioa. Nik frogatu nahi nuen artistak ginela, eta ez gaizkileak, gansterrak eta kriminalak. Kultura berri hartako alderdi guztiak lotuak zeudelako ideia sortu nahi nuen. Nahiz eta grafitero guztiak sartuak ez egon hip-hop musikan, eta hip-hop musika egiten zuten guztiak ez baziren ere grafiteroak edo breakdancer-ak, nire asmoa zen zinema erabiltzea lotura horiek sortzeko eta gure mugimendua indartsu eta kohesionaturik agertzea lortzeko. Ni seguru nengoen, dena lotzen zuen historia bat sortzea lortuz gero, inpaktu indartsu bat izango zela, irudi negatiboa aldatuko zuena. Lee Quinones grafiti-artistak, nirekin batera konspirazio hartan aritu zenak [paper garrantzitsua izan zuen filmean], artearen munduan bidea egiteko ideia partekatzen zuen nirekin, eta erabakita geunden gure kultura berria ikusaraztera eta gu errespetuz trataraztera.

1980an ezagutu nuen Charlie Ahearn zinemagilea, Times Square Show erakusketa zela-eta, zeina 1913ko Armory Showren baliokide antzeko bat baitzen [Armory Show arte modernoko erakusketa berritzaile bat izan zen]. John, Charlieren anaia bikia, eskultorea zen eta hainbat obra erakutsi zituen erakusketa hartan. Charliek egina zuen ordurako underground film bat, merkea, hiriko kung-fu estilokoa, The Deadly Art of Survival [1979]. Hala, proposamen bat egin nion, film bat egitea musika haren, grafitien eta break dance-aren gainean. Hala bada, Times Square Show hartan, esan zidan: “Lan egin dezagun elkarrekin, etorri bihar nire bulegora”. Arazoa izan zen, ordea, jo genuela pelikula independenteak finantzatzen zituen jendearengana, eta ez zigutela dirurik eman.

 

[OE:] Zergatik?

[F5F:] Lehenik, jendeak ez zuelako hartan sinesten. Argazkiak eraman genizkien, zinta grabatuak, argudioak, baina hedabideek ez zuten gaiaz hitz egin, artikulu bat ere ez geneukan. Esan genien: “Hau kultura berri garrantzitsu bat da, New Yorkeko hirian garatzen ari dena: lagundu iezaguzu pelikula bat egiten”. Inork ez zigun dirurik eman nahi. Areago, Europan zeuden zenbait pertsonek eman ziguten lehenak. ZDF telebista-kate alemaniarrak hogeita bost edo hogeita hamar mila dolar inguru eman zizkigun —ibiltzen hasteko— pelikula telebistan emateagatik, emisio-eskubideen truke. Gero Londresko Channel 4k antzeko kopuru bat eman zigun. Eta horrekin Estatu Batuetan lehenago hitz egin genuen pertsona batzuk ikusi genituen berriz eta esan genien: “Ikusi, Europan guri laguntzeko prest daude”.

Eta halaxe egin genuen Wild Style. Eta alemaniar telebistan eman zuten, baita Ameriketako Estatu Batuetako zinema-aretoetan eman baino lehen ere! Gazteek grabatu egin zuten, guk baino lehenago izan zenituzten zuek-eta bideo-grabagailuak —modu horretan ikusiko zuten beharbada zure lagunek—, eta, hortaz, kalean arrakasta izaten hasi zen, eta bideo-grabazioak Europan barna mugitzen hasi ziren. Gogoan dut aditzen nuela nola egiten zituzten neska-mutilek mugimenduak, hain zuzen ere Rock Steady Crew-koek filmean egiten zituzten mugimendu berak. Orduan konturatu nintzen nik espero nuena baina harantzago ari zela filma zabaltzen.

 

[OE:] Zoragarria da. Oilo-ipurdia jarri zait kasik hori esaten aditu dizudanean. Izan ere, gogoan dut pelikulaz hitz egiten aditu eta tren bat hartu nuela Kopenhagera joateko ikustera. Ni nire kuadrillarekin nindoan, eta aretoa leporaino zegoen, grafiteroz eta breakdancer-ez eta electric boogie dantzariz eta DJz eta sekulako jendetzaz betea. Zuriak ziren denak, erabat eta guztiz zuriak! Filma hasi zen unean, jende guztiak salto egin zuen eta denak zutik jarri ginen. Sinestekoa ere ez zen. Eta pelikulak aurrera egin ahala, dantzan hasi ginen denok eta besaulkietara igotzen. Eta Crazy Legs-ek festa batean bere oin-lana egin zuenean, pelikularen erdian, korrika hasi ginen denak aretoan barna, korrika egiaz —langileek oihu egiten ziguten— eta agertokian, pantailaren aurrean, oin-mugimenduak eta swipe-ak eta turtle-ak egiten genituen. Pelikulan sartu nahian ari bagina bezala zen. Eta gaur egun oso arraroa ematen badu ere, Michael Jacksonen tankerako janzkerarekin —belaun-babesak, sorbalda-babes ikaragarriak— ibiltzen nintzen batera eta bestera, eta kartoi-puska bat neukan haren gainean dantzatzeko. Kopenhageko erdialdeko oinezkoen alderdian jartzen genuen irrati-kasetea, eta pausoak egiten genituen. Eta diruz juxtu bageunden, txanoa pasatzen genuen.

[F5F:] Klasikoa da!

 

[OE:] Handik urte gutxira, dantzan hain sartua ez nengoenean, arte-akademian matrikulatu nintzen. Han jakin nuen historian zehar artista askok kalean lan egin izan dutela —performance-artistek, Marcel Marceau-k, situazionistek— eta bat-batean konturatu nintzen zenbat ikasi nuen kalean dantzan. Gero, artearen, espazioaren eta arkitekturaren munduan sartu nintzenean, pentsatzera jarri nintzen zer esan nahi duen egiazki zeure espazio propioa edukitzeak, eta horrek esan nahi du espazio hori erreklamatu egiten dela eta esaten dela: “Espazio honek nire mundu emozionala islatzen du”. Orain ulertzen dut kaleko kulturan eta espazio publikoan sustraituriko gauza zela. Eta horregatik daukat oraindik gordeta Wild Style-ren musikaren diska, eta oraindik ere entzuten dut.

[F5F:] Nik ez nuen zure obra askorik ezagutzen New York Hiriko ur-jauziak (New York City Waterfalls, 2008) ikusi nuen arte, gauez ikusten bainuen, etxerako bidean East River gurutzatzen nuenean, Harlemera nindoala. Nik uste dut espazio hura osorik erreklamatu zenuela! Batez ere gauez. Argitua zegoen puntu batzuetan, eta hunkigarria zen gauean pasatzean ikustea. Ia-ia bazterra jo nuen autoarekin hura ondo ikusi nahian. Zoragarria da jakitea hip-hop-aren hiri-kultura eta kaleko dantza zeudela haren jatorrian. Zure historia nik ezagutzen dudan berezienetako bat da mugimendu honek pertsona batengan izan duen eraginari dagokionez. Ez nuen imajinatuko!

 

[OE:] Argi dago hip-hop-a joera nagusia eta negozio handia bihurtu zela. Zuk sorkuntzaren ahalmena komertzializazioarekin orekatzea lortu duzu, honek ahalmen horren kontra joka lezake-eta. Baina itzul gaitezen lehen denboretara: handixeagoa izan nintzenean, halako batean MTV agertu zen [musikari eskainitako telebista-katea]. Zure programa, Yo! MTV Raps, hasi zen ematen, eta mugimendurako sarbidea izan zuen kolpetik jendeak. Orduan konturatu nintzen, berandu samar bide batez esanda, inprobisazioa ere faktore garrantzitsua dela. Inprobisazioa hortxe dago, espazioa erreklamatzeko modu bakoitzean, eta hori oso garrantzitsua da nire egungo lanean. Zuretzat nola hasi zen?

[F5F:] Nire aurrekariak jazzean daude. Nire aitak lotura handia zuen bebop munduarekin eta Max Roach bateriarekin; ni txikia nintzela, aita eta haren lagunak jazzaren kulturaz aritzen ziren beti. Thelonious Monk zen nire musikaririk gogokoena. Egun batean haren telefono-zenbakia topatu nuen aitaren agendan, eta deitu egin nion berriketaldi bat egiteko. Nik bederatzi edo hamar urte izango nituen. Hogei bat minutuz hitz egin zuen nirekin Theloniousen emazteak, Nellie Monk-ek! Jazza solasaldi bat bezalakoa dela esan zidan: kantaren hasieran zer pentsatzen duzun esaten duzu, eta gero adibideak ematen dituzu; aurkeztu duzuna azaltzen eta defendatzen duzu. Musikari bakoitzak bere modura egiten du hori, eta horrexetan datza inprobisazioa. Ideia neureganatu nuenean, beste gauzetara aplikatu ahal izan nuen. Niretzat —eta afroamerikarrentzat nik uste, oso gutxi dutenentzat— zuk duzun ideia gertatzeko modua aurkitzea da inprobisazioaren egiazko ardatza. Ez daukazu gauza handirik —ez janaririk, ez arroparik, ez baliabiderik—, hortaz, nola inprobisatuko duzu eta egingo duzu daukazuna zureagoa, originalagoa, mamitsuagoa den zerbait? Nola lortu hori bestelakotzea, bestelakoa izatea? Hura izan zen emaitza positiboa.

 

[OE:] Eta elkarrizketa bat sortzea bezala da. Jazzean bidea zabaltzen duzu, entzuten ari den pertsonak zurekin konposatzen ari dela imajina dezan.

[F5F:] Edo zurekin konspiratzen ari dela! Danimarkako hip-hop kulturaz egin duzun deskribapenak gogorarazten dit Max Roach-i eta haren lagunei aditu niela esaten onartuagoak sentitzen zirela Europan, Ameriketako Estatu Batuetan pairatu behar zituzten txorakeriak gabe. Horregatik atzerriratu ziren jazzeko musikari asko. Haietako asko ikasiak eta intelektualak ziren, eta atzerrian hobeto tratatuak sentitzen ziren. Kontua ez da Europan arrazismorik ez zela, baina Europak aitortzen zuen haien sormena. Europako lehen ekarpenak jaso genituenean Wild Style grabatzeko, egoera, nolabait ere, jazzeko artistek bizi izan zutenaren antzekoa zen.

 

[OE:] Ez dut uste suerte kontua izan zenik huts-hutsik Alemaniak diru publikoa ematea filma egiteko. Alemania, gerra bat pairatu ondoren, azpikulturak sustatzeko eta identitateak errespetatzeko modu berrien bila zebilen. Gaur egun nonahi mozketak egiten ari dira, baina Estatu Batuetan bereziki, oinarrizko jarduera kulturalaren eta kultura dibertsifikatuaren finantzaketa publikoan. Eta AEBko museo handi guztiak zuriak dira hein handi batean: haien patronatuak zuriak dira gehienbat; erakusketak hein handi batean zurienak dira; artearen historiaren gaineko testuak oso zuriak dira oraindik. Bide luzea geratzen da egiteko, bestelako esperientzia moten berdintasunezko aurkezpenera heldu arte, izan latinoa, izan beltza edo asiarra.

[F5F:] Pozten naiz zuri hori entzunda, Olafur. Hau bezalako elkarrizketak izan ziren Jean-Michel Basquiat-ekin izan nuen adiskidetasunaren abiapuntua. “Nola sar gaitezke, badakigularik galerietan, museoetako patronatuetan ez dagoela inprobisaziorik erakunde horietako arte-arduradunekin?’. Jean-Michelek eta biok eraso-estrategia bat diseinatu genuen pop kulturaren kontra, eta gure Museo Kluba izendatu genuena lortu genuen. Elkarrekin joaten ginen Metropolitan Museum of Art-era, berriketan aritzen ginen koadroei buruz, bazkaltzen genuen eta zirriborroak egiten genituen arteko ikasleak bagina bezala. Umetan denbora asko pasatuak ginen biak museoetan, eta, hortaz, elkartzen ginenean, artista askoz hitz egin genezakeen, Jasper Johns-engandik Caravaggio-renganaino. Emozionatu egiten ginen gazteak eta beltzak sentituz, eta pintore haiez guztiez hitz egin genezakeelako, beste pertsona askorekin ezin genuen-eta haiez hitz egin. Gure garaikide gutxik ezagutzen zituzten pertsonaia haiek. Erakunde haietan sartzeko moduaren bila gindoazen: musikarekin, zinemarekin, artearekin lan eginez. Horixe egin zuen Jean-Michelek, eta horixe jarraitzen dut nik egiten.

 

[OE:] Asko pozten naiz hitz egiteko abagunea izan dugulako, Fab. Oso garrantzitsua da niretzat nire bizitzaren aldi hori partekatu ahal izatea. Izan ere, nire bizitzako garai hura, hitzaurre hura, ez da askorik azaldu nire artean, eta, hortaz, oso pozik nago azkenean agertu dudalako. Eta egiazko protagonistarekin. Fab Fiverekin berarekin... hau emozioa!

2018ko iraila

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]