katalogoa
Berrikuntza berdea
Olafur Eliasson
- Izenburua:
- Berrikuntza berdea
- Egilea:
- Olafur Eliasson
- Argitalpena:
- Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
- Neurriak:
- 25,5 x 19,5 cm
- Orrialdeak:
- 237
- ISBN:
- 978-84-95216-90-8
- Lege gordailua:
- BI-02613-2019
- Erakusketa:
- Olafur Eliasson: Bizitza errealean
- Gaiak:
- Sorkuntza artistikoa | Lankidetza artistikoa | Thyssen-Bornemisza Art Contemporary | Jasangarritasuna | Eguzki-energia | Klima-aldaketa | Afganistan | Christine Macel | Zubaida Tahiri | Giza harremanak | Errefuxiatuak
- Aipatutako artistak:
- Eliasson, Olafur
ZUBAIDA TAHIRI Afganistanen jaio zen, eta gaur egun master bat egiten ari da Ferrarako Unibertsitatean, Italian, Ekonomia Berdeaz eta Jasangarritasunaz. 2015ean iritsi zen Tahiri Afganistandik Italiara, Kabulen lan egin eta Afganistango American University-n Ekonomia, Administrazio Publikoa eta Zientzia Politikoak ikasi ondoren. 2017ko ezagutu zuen Eliasson, Veneziako Bienalean, non Argi berdea – Lantegi artistiko bat proiektuan parte hartu zuen, zeina Eliassonek eta Thyssen-Bornemisza Art Contemporary-k (TBA21) abian jarri baitzuten 2015ean Vienan. Besteak beste, Italiako asilo-eskatzaile gisa izandako esperientziari buruzko blog pertsonal bat eta film labur original bat izan ziren Tahirik Argi berdea proiektuari egindako ekarpenak. Eliassonen Little Sun eguzki-lanpararen proiektuan bekadun gisa lan egin zuen 2018an eta 2019an.
Olafur Eliasson: Zubaida, eskerrik asko nirekin hitz egiteagatik. 2017an Argi berdea – Lantegi artistiko bat proiektua zela-eta Venezian elkar ezagutu genuenetik egin duzun bidean aritu naiz pentsatzen. Afganistanen jaio zinen, baina Italiara joan zinen 2015ean. Zergatik?
Zubaida Tahiri: Afganistandik alde egitera bultzatu ninduten faktore batzuk egon ziren: hango bizitza oso zaila bihurtu zen niretzat pertsonalki, eta jada ez nintzen seguru sentitzen. Pakistanen hazi nintzen errefuxiatu gisa; hala, banekien Pakistan eta Iran, aldameneko beste herrialde bat, ez zirela jomuga onak niretzat. Ameriketako Estatu Batuak oso urrun zeuden, eta Australian zaila zen sartzea; beraz, niretzat, Europa zen onena. Baina garai hartan oso gutxi nekien Europari buruz, eta are gutxiago asiloa eskatzeko prozedurari buruz. Zorionez, Italian bost urtez geratzeko baimena eman zidaten.
[OE:] Nola iritsi zinen Italiara?
[ZT:] Egia esan, hegazkinez iritsi nintzen. Nahiko erraza izan zen: Kabuletik Istanbulera hegan egin nuen, eta Turkiatik Italiara gero, beste hegaldi batean. Ez nuen egin behar izan jende askok eta askok egin behar duen bide zailetik.
[OE:] Kabulgo unibertsitatean ikasten ari zinela ulertzen dut; Italiara iritsi zinenean zure ikasketekin jarraitzeko aukera izan zenuen?
[ZT:] Kabulen, Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoa ikasten ari nintzen, Afganistango American Universityn, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadaren Afganistango emakumeentzako beka bati esker. Ia bi urte eta erdi igaro ziren Afganistandik atera eta berriz ikasketei heltzeko aukera izan nuen arte. Garai hartan eternitatea iruditzen zitzaidan. Orain Italiako gobernuaren beka bat dut, eta master bat egiten ari naiz Ferrarako Unibertsitatean Ekonomia Berdeaz eta Jasangarritasunaz.
[OE:] Nola sartu zinen Argi berdea tailerrean Venezian zeundenean, eta zein izan zen zure esperientzia proiektuko parte-hartzaile gisa?
[ZT:] Venezian bizi diren errefuxiatuei laguntzen dien programa bateko pisu batean bizi nintzen. Jakin genuen Bienaleko proiektu batean parte hartzera gonbidatu gintuztela. Bagenekien Pabiloi Nagusian antolatuko zela, eta horrek aukera eskaintzen zigun erakusketako beste artelan batzuk ikusteko, eta, gainera, jakin-mina nuen proiektua bera zertan zetzan ikusteko, nahiz eta lanpara berde bat eraikitzea zela besterik ez ziguten esan, eta, garai hartan, ez nekien ezer zutaz, ezta zure obraz eta proiektuez ere. Baina inguru hartan bizi nintzen, Giardinin, eta banekien espazio haren berri, nahiz eta barruan inoiz egon ez.
[OE:] Zer iruditu zitzaizun han bildu zen jende-taldea? Oso pertsona desberdinak ziren, zein bere iraganarekin.
[ZT:] Niretzat interesgarriena izan zen ni bezalako jende asko ikustea, nire egoera berean zegoen jende asko: herrialde desberdinetatik etorritako pertsonak, zeinen arteko aldeak, han elkarturik, oso ederrak gertatzen baitziren. Denok elkarrekin lan egiten genuen, eta sekulako gauza mordoa ikasi genuen: hizkuntza-eskolak, filmen edizioa… Tailerra bisitatzen zuten pertsonekin eta gurekin lan egiten zuten ikasleekin izan genuen interakzioa izan zen beste gauza benetan positibo eta interesgarri bat. Pertsona asko etorri eta gurekin esertzen ziren, eta gure herrialdeez galdetzen ziguten, nola heldu ginen Bienalera eta zer egiten genuen han. Aukera asko izan genuen erakusketara joaten ziren pertsonekin gure ikuspuntuak partekatzeko.
[OE:] Erraza izan al zen erakusketara zihoan jendearekin hitz egitea?
[ZT:] Hasieran sekulako jendetza zegoen. Kamera mordo bat zegoen, komunikabide mordo bat, eta, hortaz, lehen unean batzuk ez geunden oso eroso. Baina gero dena hobea izan zen, gu ikustera etortzen ziren bisitariekin, gurekin lanean ari zirenekin edo, besterik gabe, gurekin hitz egitera esertzen zirenekin. Denbora pixka bat behar izan genuen ohitzeko, baina gero oso atsegina izan zen. Eta kontua ez zen guk pertsona haiekin gauzak partekatzea bakarrik; haiek ere kontatzen ziguten nola iritsi ziren haraino.
[OE:] Interesgarria dela uste dut beste pertsonekin denbora pasatzearen alderdi hori. Bisitari askok ere ez zekiten zer egin behar zuten, batez ere hasieran. “Begiratu besterik ez dut egin behar, edo parte har dezaket?”. Eta elkarrizketa benetan posible izango zen espazio bat sortu behar zenuten.
[ZT:] Bai, bisitari batzuk oso harrituta geratu ziren gurekin elkartu zitezkeela ikusita!
[OE:] Zure blogean, proiektuan izandako esperientziari buruz argitaratu zenuen testu batean, hango giro, atmosfera irekia aipatzen zenuen, nola han pertsonek elkarrekin hitz egiten zuten eta elkar ulertzen zuten. Egia esan, asko interesatzen zait atmosferaren eta atmosfera baten irekitasunaren ideia hori; leku bateko atmosferak gure sentimenduetan duen eragin-maila gutxiesteko joera dugula uste dut. Argi berdearekin, berriz, eskuzabaltasunezko atmosfera bat sortzeko itxaropena nuen.
[ZT:] Jakina. Eta benetan irudipena izan genuen hura zela gure lekua, guretzako leku bat. Kontua ez zen: “Lana egiteko bakarrik gaude hemen”. Ez zen bereziki egituratutako zerbait. Askatasuna genuen egin nahi genuena aukeratzeko, eta gauza jakin bat egiteaz pixka bat aspertzen nintzenean, beste atal batera joaten nintzen beste zerbaitetan lan egitera. Askatasun handia genuen, eroso sentitzen ginen batzuk besteekin, eta elkarrizketa luzeak izaten genituen lanean ari ginen bitartean. Aukera asko eskaintzen zitzaizkigun; gerora sortu zen filmazio-proiektua, esaterako, eta eskaintzen ziren klase guztiak. Beraz, oso garrantzitsuak izan ziren espazio hark ematen zizkigun baliabideak eta antolatzeko modua.
[OE:] Asko gustatzen zait hori entzutea; izan ere, nire estudioko taldearekin espazioa diseinatzen ari nintzela, zeuek erabakitzera bultzatu nahi zintuztedan, nora joan, norekin lan egin, noiz ikasi, noiz irakatsi. Eta Christine Macel-entzat —Bienaleko komisarioa—, garrantzitsua zen estudio baten antzeko atmosfera sortzea. Baina, egia esan, ez genekien proiektuak nola funtzionatuko zuen muntatu eta martxan jarri zen arte, bisitarien presentzia barne. Zure ustez, irekitasun-modu hori, non aldi berean askatasuna eta erantzukizuna baitago, eraman daiteke beste espazio batzuetara?
[ZT:] Pentsatzen aritu naiz nola aplikatu daitezkeen printzipio horiek errefuxiatuak hartzen dituzten komunitateetan. Suedian errefuxiatu-esparru batean bizi izan nintzenean, norabiderik gabe ibiltzen ginen han geunden ehunka pertsonak: ez genuen zereginik. Agian, pertsona guztiei produktiboak izateko eta lan egiteko aukera eskaintzen dieten proiektuak antola litezke eremu horietan. Uste dut era horretako proiektu partekatuetara sartzeko aukera izateak ere lagunduko lukeela errefuxiatuen arteko harremanak sortzen; horrekin lortuko litzateke espazio horiek atseginagoak eta hobeak izatea haietan bizi diren pertsonentzat.
[OE:] Ados nago. Bada joera bat, integrazioaz hitz egiten denean, atzerritarrak aldez aurretik zehaztutako espazio nahiko estatiko batean integratzen diren zerbaiten moduan ikusteko. Baina uste dut gehiago pentsatu behar dela topaketa baten kalitatean —elkartu eta ezagutzak trukatzea—, eta ez pertsona bat egoera mugiezin batean integratzeko beharrean, hori erabat inproduktiboa baita, eta erabat galtzen da elkarrekikotasunerako edozein aukera. Horregatik, istorio, identitate eta narratiben topaketa sustatuko zuen espazio bat nahi nuen bultzatu.
Orain hemen zaude Berlinen, gurekin lanean ari zara Little Sun nire eguzki-energiaren proiektuan. Ekonomia berdea eta jasangarritasuna aztertu dituzu, eta, bistan denez, Little Sunek zerikusi handia du gai horiekin.
[ZT:] Interesgarria da eguzki-energiaren inpaktuan pentsatzea. Little Sun bezalako proiektuek agerian jartzen dute mundu osoan jende askok, milioika pertsonak, ez duela argindarra eskuratzeko aukerarik. Bakoitzak bere ikuspegia du planetari laguntzeko moduaz —dela produktu birziklatuak erabiliz, beganismora joaz edo baita ondorengoak izateari uko eginez ere—, eta nik uste dut Little Sunek neurri handi batean lagun dezakeela horretan. Premia duten pertsonei laguntzeko gaitasuna badugu, eta hori da niretzat garrantzitsuena. Elkarri laguntzen diogunean eta gure baliabideak partekatzen ditugunean, munduari egiaz mesede egingo diogu.
[OE:] Hemen zauden bitartean, ba al dago Little Sunen bereziki landu nahi duzun zerbait?
[ZT:] Oraintxe bertan, ikertzen ari naiz nola erabili eguzki-energiako lanparak errefuxiatu-guneetan, non emakumeen eta nesken segurtasuna areagotu baitezakete, eta elkarlanean ari naiz beste pertsona batekin Afganistanen lanparak banatzeko proiektu batean. Little Sun lanparek emisioak murrizteko egiten duten ekarpenari buruzko kalkuluak ere aritu naiz egiten, kerosenozko lanpara bat eguzki-energiako lanpara batez ordezten den bakoitzean murrizten diren emisioak kalkulatuz. Ikasteko aukera ematen dit.
[OE:] Ikasketak amaitzen dituzunean zer egin nahi duzu, zer itxaropen duzu?
[ZT:] Berehala nire espezialitatean lanean hastea gustatuko litzaidake; egia esan, asko gustatzen zait berrikuntza berdeari buruz ikertzea, adibidez. Baina lanpostu askotan esperientzia duen jendea eskatzen dute, eta, Afganistanen lau urtez finantza- eta administrazio-sektoreetan lan egin nuen arren, nire herrialdean izan nituen enpleguak ez dira oso adierazgarriak hemen nire curriculumerako. Beraz, oinarri-oinarrizko mailan hasiko naiz, esperientzia hartzeko, etorkizunean ekonomia berdearekin lotutako lan bat lortzeko itxaropenarekin, ahal delarik alderdi finantzarioekin uztartuta.
[OE:] Jakin nahi nuke ea zure ustez posible izango den Afganistanek etorkizunean ekonomia berdea izatea, egoera hobetzen denean.
[ZT:] Bai, ziur! Gaur egun gure BPGa oso baxua da, jende guztiak ez du edateko urik, ez dugu premiarik oinarrizkoenetarako sarbiderik ere. Nire herrialdean jendeak hainbeste kezka ditu bizitzan egoera politikoa eta ekonomikoa eta oinarrizko segurtasun pertsonala direla-eta, non ez baitzaie leku askorik geratzen jasangarritasuna bezalako gauzetan pentsatzeko.
Norbanako gisa, asko kezkatzen nau klima-aldaketak. Denok sufrituko dugu. Asko pentsatu dut, nire herria berriro bakean dagoenean, garrantzitsua izan daitekeela klimaren inguruko auziak kontuan hartzea gure gizartea eta ekonomia nola berreraiki behar ditugun erabakitzeko orduan. Eta belaunaldirik gazteena gero eta kontzienteagoa da, eta hobeto informatuta dago klimaren kontuei buruz. Duela gutxi gauza hutsal eta berezi baina inspiratzaile bati buruzko erreportaje bat ikusi nuen. Afganistango telebista-kate bateko bideo bat zen, plastikozko botilekin zabor-ontzi bat diseinatu zuen gizon bati buruzkoa; plastikozko botilak biltzen zituen, eta hiriko hainbat lekutan jartzen zituen zabor-ontziak egiten zituen haiekin. Beraz, ez dira milioika dolar behar proiektu batean inbertitzeko; garrantzitsuak dira hondakinak murriztera eta birziklatzera bideratutako proiektu apal-apalak ere.
2018ko azaroa/abendua
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]