Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Biografia

Izenburua:
Biografia
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Artea eta hezkuntza | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Lankidetza artistikoa | Institut für Raumexperimente | Studio Olafur Eliasson | Studio Other Spaces | Ingurunea eta natura | Jasangarritasuna | Eguzki-energia | Klima-aldaketa | Kjetil Thorsen | Sebastian Behmann | Frederik Ottesen | Immigrazioa eta emigrazioa
Artelan motak:
Arkitektura | Eskultura | Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

Olafur Eliasson 1967an jaio zen. Islandian eta Danimarkan hazi zen, eta 1989tik 1995era Danimarkako Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen. 1995ean Berlinera joan zen, eta han Olafur Eliasson estudioa sortu zuen. Gaur egun, ehun pertsona baino gehiago biltzen ditu estudioak, hainbat taldetan elkartuak: badira, besteak beste, artisauak, arkitektoak, artxibozainak, ikertzaileak, administratzaileak, sukaldariak, programatzaileak, artearen historialariak eta teknikari espezializatuak.

1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, Eliassonek erakusketa eta proiektu garrantzitsu ugari egin ditu mundu osoan zehar. 2003an Eliassonek Danimarka ordezkatu zuen Veneziako 50. Bienalean, Pabilioi itsua (The blind pavilion) lanarekin. Ondoren, urte horretan bertan, Eguraldiaren proiektua (The weather project) instalatu zuen Londresko Tate Moderneko Turbinen Aretoan. Gero, Take your time: Olafur Eliasson erakusketa orokorra antolatu zion SFMOMAk 2007an, hainbat egoitzatara joan zena 2010 arte, New Yorkeko Museum of Modern Art-era besteak beste. Innen Stadt Aussen proiektuarekin, Martin-Gropius-Bau museoan, 2010ean, zenbait interbentzio egin zituen, Berlinen nahiz museoan bertan.

Modu bertsuan, 2011n, Seu corpo da obra São Pauloko hiru erakundetan aurkeztu zen (SESC Pompeia, SESC Belenzinho eta Pinacoteca  do Estado de São Paulo), eta hirian bertan ere zabaldu zen. 2014an, Ibai-zola (Riverbed) izenekoak harriz eta urez bete zuen Louisiana Museum of Modern Art-en hegal oso bat, ibai bat paisaia harritsu batean tankeratuz; ondoren, urte berean, Parisko Fondation Louis Vuittonen inaugurazioko erakusketa izan zen Contact. Verklighetsmaskiner Stockholmeko Moderna Museet-en jarri zen erakusgai 2015ean, eta bisitari gehien izan zuen museo hartako artista bizi bati eskainitako erakusketa izan zen. 2016an, hainbat interbentzio egin zituen Eliassonek Versaillesko jauregi eta lorategietarako, eta bi erakusketa handi antolatu zituen: Nothingness is not nothing at all, Shanghaiko Long Museum-en, eta The parliament of possibilities Leeum, Samsung Museum of Art-en, Seulen. Argi berdea – Lantegi artistiko bat (Green light – An artistic workshop) TBA21ekin elkarlanean sortu zuen (Thyssen-Bornemisza Art Contemporary), masen joan-etorrien eta migrazioaren erronkei erantzun bat eskaintzeko asmoarekin. Hasieran Vienako TBA21en egoitzan antolatu zen, eta gero proiektua Viva Arte Viva, Nazioarteko 57. Arte-Erakusketaren parte izan zen, 2017ko Veneziako Bienalean. Errealitate-proiektorea (Reality projector), Eliassonen kokapen zehatzeko instalazioa, Los Angeleseko Marciano Foundationen inauguratu zen 2018ko martxoan, eta hilabete berean egin zen Beijing-eko Red Brick Art Museum-en The unspeakable openness of things, egilearen bakarkako erakusketa. Olafur Eliasson: WASSERfarben Municheko Staatliche Graphische Sammlung-en inauguratu zen 2018ko ekainean.

Horiez gainera, Eliassonek proiektu ugari sortu ditu espazio publikoetan. Ibai berdea (Green river) hainbat hiritan egin zen 1998 eta 2001 artean. Eliassonek Serpentine Gallery-rako pabiloia diseinatu zuen 2007an, Londresko Kensington Gardens lorategietarako, Kjetil Thorsen arkitektoarekin batera. New York Hiriko ur-jauziak (The New York City Waterfalls), Public Art Funden eskaeraz egindako lana, hiriko kaietan ipini ziren 2008an. 2011n inauguratu zen Zure ortzadar-panorama (Your rainbow panorama), koloretako beirazko egitura zirkular bat, Aarhuseko ARoS Museum-eko estalkian, Danimarkan. Reykjavikeko Harpa Kontzertu-aretoaren eta Hitzaldi-zentroaren fatxadak egin zituen Eliassonek gero (2005–11), Henning Larsen Architects etxearekin elkarlanean, eta proiektuak 2013ko Mies van der Rohe saria irabazi zuen. Izotzaren behaketa (Ice Watch) proiekturako, 2014an, icebergak ekarri zituen Groenlandiatik Kopenhageraino, nola urtzen ziren ikusteko; Parisera eraman zuten obra gero, 2015ean, COP21 Klimari buruzko Konferentzian; eta Londresera, Katowiceko COP24 zela-eta, 2018an.

Eliassonen proiektuen artean, honako hauek aipatu behar dira: Zirkunskripzioa (Umschreibung, 2004), “amaierarik gabeko eskailera” bat KPMGrentzat sortua, Munichen; Begiak ikusten zaitu (Eye see you, 2006), mundu osoan zehar sakabanatutako Louis Vuittonen dendentzat pentsatutako eskultura argitsua; Zure itxaropen mugikorrak (Your mobile expectations, 2007), BMWren eskaeraz egindako Art Car proiektu bat, zeinarengandik sortu baitziren estudioan zenbait esperimentu eta sinposio; eta Fjordenhus, Kirk Kapitalentzako egindako eraikin bat Vejle-n, Danimarkan, Eliassonek eta Sebastian Behmann arkitektoak Studio Olafur Eliassonekin batera osorik diseinatutako lehen eraikina, 2018ko ekainean amaitua.

Eliasson sarritan agertzen da jendaurrean hitzaldi eta mahai-inguruetan. Besteak beste, ondorengo hauek azpimarratuko ditugu: TED Talk hitzaldi bat 2009an; hitzaldi batzuk Addis Abebako Unibertsitateko Alle School of Fine Arts and Design-en, 2012an; mahai-inguru bat Dalai Lamarekin Mind & Life konferentzian, 2016an; eta elkarrizketa bat Minik Rosing geologoarekin, The Arctic Imagination Project izenekoren parte gisa, New Yorkeko Liburutegi Publikoan, 2017an.

Berlingo UdK Arte Unibertsitateko irakasle gisa, Eliassonek Institut für Raumexperimente zuzendu zuen (2009–2014), bere estudioaren eraikin berean dagoen arteen hezkuntzari buruzko bost urteko programa esperimental bat.

2012an Eliassonek eta Frederik Ottesen ingeniariak Little Sun negozio soziala sortu zuten. Proiektu global horrek energia garbia eta eskuragarria ematen die argindarrik ez duten komunitateei, garapen jasangarria sustatzen du Little Sun eguzki-lanpara eta -kargagailuen bidez, eta energia eta argia berdintasun-baldintzetan eskuratzeko premiari buruzko kontzientzia globala bultzatzen du.

Eliassonek eta Sebastian Behmannek Studio Other Spaces nazioarteko arte- eta arkitektura-estudioa sortu zuten Berlinen, 2014an. Studio Other Spaces horrek, eraikin berean kokatutako Studio Olafur Eliassonen arkitektura-enpresa osagarri gisa, espazio publikoan egiten diren eraikuntza-proiektu eta lan diziplinartekoak eta esperimentalak lantzen ditu.

Eliasson Kopenhagenen eta Berlinen bizi da, eta bi hirietan lan egiten du.

Webguneak

littlesun.com
olafureliasson.net
raumexperimente.net
soe.tv
studiootherspaces.net

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]