Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Sorgortzearen kontra

Olafur Eliasson

Izenburua:
Sorgortzearen kontra
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Filosofia | Andreas Roepstorff | Barry C. Smith | Victoria Eliasdóttir | Psikologia | Pertzepzioa | Zentzumenak | Neurozientzia
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

BARRY C. SMITH filosofoa da, eta zentzumenak aztertzen ditu —dastamena eta usaimena bereziki— neurozientzialariekin eta psikologoekin elkarlanean. Londresko Unibertsitateko Ikasketa Aurreratuen Eskolako Filosofia Institutua zuzentzen du, eta bertan sortu zuen berebat zuzentzen duen Zentzumenen Azterketarako Zentroa ere (CenSes). 2017an esperientzia multisentsorialari buruzko sail bat aurkeztu zuen BBC Radio 4 irratian, The Uncommon Senses izenekoa. Eliasson-ek Berlinera gonbidatu zuen 2018an, egun osoko iraupena izan zuen “Experimenting, Experiencing, Reflecting: Art and Science at Work in the Public Realm” tailerrean parte har zezan. Tailer hori Andreas Roepstorff antropologoarekin batera sortu eta antolatu zuen Eliassonek.

 

Olafur Eliasson: Barry, harrigarria gertatzen zait zeinen ongi txertatzen duzun zientzia, bereziki psikologia eta neurozientzia, zure filosofo jardunean. Nola lortu duzu hain eremu desberdinetan horren eroso egotea?

Barry C. Smith: Pertzepzioa eta esperientzia interesatzen zaizkit, baina filosofia tradizionalaren planteamenduak frustrazioa sortzen zidan. Filosofoek pertzepzioaz hitz egiten dutenean, ikusmenari buruz aritu ohi dira, inguratzen gaituen mundua nola ikusten dugun azaltzen duen teorian zentratuz. Nik dastamenaz, usaimenaz, ukimenaz eta abarrez hitz egin nahi nuen. Ardoa eta ardo-dastaketa interesatzen zitzaizkidan, eta pentsatu nuen: “Tira, dastamenak nola funtzionatzen duen jakin nahi badut, hobe izango dut psikologia eta neurozientzia arloetako kideekin hitz egitea”. Esan zidaten dastamena beti izaten dela esperientzia multisentsoriala, dastamenak ez ezik, ukimenak eta usaimenak ere parte hartzen baitute prozesuan. Gauzak ikusteko moduak eta entzuten ditugun soinuek ere badute horretan eraginik. Eta horrek bultzatu ninduen esperientziengan eragina duten eta haiek tankeratzen dituzten fenomeno guztiak benetan ulertzen saiatzera.

Pentsa ezazu dastamenean. Oso azkar gertatzen da. Ahoan zerbait sartu eta jan egiten duzu; mastekatu, irentsi, eta desagertu da. Iragankorra da, eta, hala ere, lan intelektual handia dago atzean. Zentzumen asko daude tartean.

Artista gisa gauza batzuk egiteko, Olafur, materialak ezagutu behar dituzu, prozesuak ezagutu behar dituzu. Niri gauza bera gertatzen zait filosofo gisa. Esperientzia bati buruz hitz egingo badut —jateak eta gauzak dastatzeak guretzat zer esan nahi duen ulertuko badut—, ezagutza zientifikoa izan behar dut. Ulertu behar dut esperientzia horiek zergatik diren posible eta zerk osatzen dituen. Baina, zientzialariekin lanean eta haiekin esperimentuak egiten aritu arren, ez dut inoiz bistatik galdu nahi benetan interesatzen zaidana: ulertu ahal izatea gure esperientzien izaera zein den eta zergatik diren esperientzia horiek guretzat hain esanguratsuak eta indartsuak.

 

[OE:] Joan den ekainean, ardoaren eta janariaren inguruan egin zenituen esperimentu batzuetan parte hartzeko zortea izan nuen zenbait intelektual eta zientzialari esperimentalekin eta nire estudioko talde batekin batera. Plater batzuk prestatu zenituen arrebarekin —Victoria Eliasdóttir sukaldari profesionalarekin— eta estudioko sukaldaritza-taldearekin.

[BCS:] Bai, eta zoragarria izan zen. Uste dut honetan ados egongo garela: tailer bat hasteko modurik onena otordu bat da. Beraz, pentsatu nuen: “Erabil dezagun otordua jendeak elkarrekin esperimentatzeko abagune moduan”. Belarrietan tapoiak jarrita jatera gonbidatu zenuen zuk jendea. Nik elikagai batzuk sudurrean pintza bat zutela probatzea proposatu nien, gazta urdina eta itsas algak kasu, usaimenak dastamena deitzen diogun horretan nola laguntzen duen erakusteko. Gainera, soinuak erreproduzitu genituen, horrek ere zaporeak hautemateko moduan nola eragiten duen erakusteko. Gauza zirraragarria da jendeari esperientziaren eta esperimentuaren arteko zerbait eskaintzea, zientzia eta filosofia nahasten dituen zerbait, besterik gabe parte-hartzaileen portaera erregistratu eta horiei buruzko datuak bildu beharrean. Pertsonek zerbait beren kabuz sentitzea nahi genuen, gertatzen ari zitzaien hartan pentsatzea.

Bertaratuek ogi kurruskaria jan zuten, belarrietan tapoiak zituztela. Horrek sekulako zarata sortzen du buru barruan, leherketa bat. Ahaztu egiten zaigu soinuak ere zerikusia duela dastamenean. Eragin suntsitzailea izan dezake jaten eta edaten ari garenarengan. Adibidez, laurogeita bederatzi dezibeleko zarata zuria duen hegazkin batean egoteak negatiboki eragiten dio gazia eta garratza hautemateko gaitasunari. Jatetxe zaratatsu batean egoteak ere traba egiten dio jaten ari zarenari. Belarriak hatzekin estali eta zarata blokeatzen baduzu, besterik gabe, ahoan dituzun zaporeen intentsitateaz ohartuko zara.

Otordu hartan, jateko ekintzari eragiten zion beste soinu-elementu bat ere izan zuen gure esperimentuak. Galdetu genuen ea soinuak zaporea alda zezakeen. Ardo zuria eman genien bertaratuei: Riesling bat, azidotasun puntu bat eta halako gozotasun bat zituena. Dastatu zuten lehen aldiz, eta ondoren berriro probatzeko esan genien, oso tonu altuak ematen zituen biolin bat entzuten zen bitartean. Ardoa berriz dastatu zutenean, garratzagoa zela esan zuten. Gero, piano-musika atsegina, leuna eta tintikaria jarri genuen, eta ardoa berriro dastatu zutenean zera esaten zuten: “Hara, orain zapore gozoa du”. Horrekin zera erakutsi nahi genuen, zentzumenen munduko eta jan-edanen testuinguruko faktore askok eta askok dutela eragina gure erreakzioan. Ardoak bazituen berez gozotasun- eta garraztasun-ukitu batzuk. Lehenik, zapore garratzean errepararazi genien biolinaren nota altuen bidez; gero, gozotasunerantz bideratu genuen beren arreta, bestelako konexio bat ezarriz.

 

[OE:] Izugarri gustatu zitzaidan esperimentu hura, Barry. Egia esan, asko harritu ninduen nola aldatzen zuten soinuek ardoari buruz nuen pertzepzioa. Entzuna dut, halaber, pertsona batzuek hizkuntza-baliabide ezberdinak erabiltzen dituztela beren esperientziak deskribatzeko. Jakin nahiko nuke ea egiterik dagoen gauza bera alderantziz. Posible al da musika-pieza bat jotzea eta hortik musika-kontzeptu horrekin bat datorren jaki edo otordu bat sortzea?

[BCS:] Liluragarria da jendeak zeinen azkar ulertzen duen ikustea. Garunak ulertzen duenean konexio horiek zer diren, buelta eman dakieke soinuak sortuz eta galdetuz ea bakoitzaren ustetan zein zapore dagokien soinu horiei. Hori guztia oso berria dela dirudi, baina gizakiek aspalditik jakin dute sen hutsez. XV. mendean Italian oturuntza zoragarriak antolatzen ziren, Ferrarako hirian adibidez, non musikariak jotzen hasten baitziren mahaikideek koilara edo sardexka ahoan sartu bezain laster. Bazekiten musika janariarekin konbinatu zitekeela eta harengan eragina izan zezakeela. Gaur egun hobeto dakigu zergatik gertatzen den eta zergatik ez, zientzia aztertu baitugu.

 

[OE:] Bai. Ingurunearekin dugun harremanarekiko objektibotasunean oinarritu da arte tradizionalaren historia. Ez zen aintzat hartzen edo ez zen ulertzen gure zentzumenak gaiarekiko dugun inplikazioarekin daudela lotuak. Horrek esan nahi du, ordea, zentzumenak treba ditzakegula.

[BCS:] Egia esan, nolabaiteko objektibotasuna eta nolabaiteko subjektibotasuna, biak egotea nahi dut. Biak ala biak interesatzen zaizkit. Zaporeak eta zaporearen pertzepzioa bereizi nahi ditut, soinuak eta soinuaren pertzepzioa bereizten ditugun bezalaxe, edo koloreak eta kolorearen pertzepzioa. Sukaldari-buruek eta naturak sortutako zaporeak hortxe daude objektiboki, baina zaporea hautemateko modu subjektiboetan eragin dezakegu. Indartu egin ditzakegu, alderdi bati edo besteari arreta jarriz.

Lehenago aipatu duzu gure tailerreko parte-hartzaileek “hizkuntza-baliabide” desberdinak erabili zituztela beren esperientziak deskribatzeko. Hori hiztegi espezializatu baten ideiarekin lotzen da. Kezkatzen nau, ardoaz hitz egiten dugunean, edo baita gastronomiaz ere, jendeak esateak: “Hara, ez daukat hitzik hori deskribatzeko. Adituek bakarrik dakite nola hitz egin ardoaren zaporeez edo usainaz, edota lurrinaz”. Nik beti animatzen dut jendea bere inpresioak beste zentzumen baten bidez deskribatzera. Limoi bat jaten dugunean, esango dugu agian limoiek zapore “ziztatzailea” dutela. Alabaina, “ziztatzaile” ukimenarekin lotua egon daiteke, ez dastamenarekin, baina oso gauza naturala da metafora hori bururatzea. Era berean, menda-belarra usaintzen dugunean, nota altu bat duela esango dugu agian, eta behi-haragia nota baxua duen zerbaitetzat har dezakegu. Nahiko erraza izaten da jendeak bere esperientziak ukimena, entzumena zein beste edozein zentzumen erabilita deskribatzeko bideak zabaltzea.

Pentsa dezagun ardoan. Jendeari beldurra ematen dio ardoa deskribatzeak. Esnobismo handia dago horren inguruan. Ez dut bueltatu nahi “Gorri hau oso orekatua da, tanino berde pittin bat baino ez du” bezalako gauzak esanez kopari eragiten dion aditu bati begira egon behar duzun hitzordu horietako batera. Aretoan dauden guztiak baztertuta sentitzen dira, eta pentsatzen dute: “Ez dut tutik ulertzen esaten ari denaz. Nik ez dut hori sekula harrapatuko”. Ardoa demokratizatu nahi dut nik, jendeak zapore horietako batzuk igartzen dituela segurtatu. Adibidez, ardo beltz bat usaintzera gonbida dezakezu jendea, eta besterik gabe galdetu: “Fruitu gorriak ala fruitu beltzak?”. Eta agian “fruitu beltzak” esango dute berehala. “Ados. Masustak, gerezi beltzak ala beste zerbait?”. Eta hasi dira ardoaz hitz egiten. Seguru sentitzen dira —eta arrazoiz—, orain badakitelako zer galdetu.

Beraz, une horretan, ardoa ez ezik zure esperientzia ere aztertzen ari zara. Horren aurrean nola erreakzionatzen duzun ari zara ikertzen. Azterketa hori aberasgarria da, eta aukera ematen dizu zure esperientzian eta nabaritzen ari zaren horretan zentratzeko, bai ardoan, bai zeure buruan, harekin harremanetan jartzen zarenean.

 

[OE:] Egia esan, antzeko zerbait gertatzen da artearekin ere. Badago halako indar kaltegarri bat, “ondo dagoenaren eta ez dagoenaren agintaritza” moduko bat, eta hasieran jendeari iruditu dakioke ez dela egokia pentsatzen duena adieraztea. Artearen mundua, museoak eurak ez dira gai izan norbanakoaren interpretazioa hitzez adierazteko premia asetzeko. Horregatik, eskertzen dizut azpimarratu izana garrantzitsua dela sentsazio iragankorrei egitura, hitzak, kolorea eta sentikortasuna ematen uztea. Zuk esango zenuke esperientzia areago hezurmamitzeko moduak direla?

[BCS:] Bai! Eta hizkuntzak esperientzia finkatzen du. Iragankorrak diren gauzez ari gara, oso iragankorrak; kasurako, usain pasakor bat edo itzaltzen den soinu bat. Baina, gauza horiek hitzen bidez ainguratzeko modua aurkitu badugu, oroimenean gorde ditzakegu. Berreskura ditzakegu. Neurozientziak frogatu du usain zehatzak adierazteko hitzak erabiltzen ditugunean ere —kanela, banilla edo marrubia, esaterako—, usain hori benetan hautematen dugunean erabiltzen ditugun usaimen-kortexeko eremu berberak aktibatzen direla. Era berean, “buru-iruditeriaz” hitz egiten dugunean, jendeak irudi bisualetan pentsatu ohi du batez ere. Askotan, ez dute usaimen-iruditeriarik izaten, baina zentzumenak erabiliz eskura dezakete, usainei eta haien arteko aldeei arreta jarriz.

Gaira bueltatuta, hau da, artearen munduak zergatik egin duen porrot —ardoaren munduak ere modu berean porrot egin duela uste dut nik, eta agian baita gastronomiak ere—, sarritan kontrastea igartzen dugu: alde batetik, adituak daude, besteak baztertzen dituen hizkera erabiltzen dutenak; eta bestetik, populismoa, “atsegin dut” edo “ez dut atsegin” esatera murrizten duena kontua. Jendea artelan bat ikustera etortzen da —edo ardo bat dastatzera— eta erpurua altxatu edo jaitsi, besterik ez du egiten. “Enperadore erromatarraren erreakzioa” deitzen diot nik horri. Baina atsegite hori baino harantzago joan behar dugu. Gauza eder eta konplexu bat baldin baduzu aurrean, oso gauza landua, gai izan behar duzu konplexutasun hori ulertzeko, bestela ezingo duzu balioetsi eta haren inguruko iritzirik osatu. Uste dut gure zentzumenak, eta zentzumenen arteko diafonia, lagungarriak izan daitezkeela konplexutasun hori argitzeko eta esperientzia horietan interesgarria dena aurkitzeko. Horrela, bizipen hobeak izango ditugu, iritzia osatzeko irizpide hobeak izango ditugu, eta hobeto jakingo dugu zeintzuk diren benetan gure gustuak. Zerbait zergatik gustatzen zaigun hobeto ulertzeak gai horretan gehiago inplikatzea ahalbidetzen digu.

 

[OE:] Eta horrek ikerketa eta kritikotasun subjektiboaren auzira garamatza. Benetan interesgarria dena zera da, zure ingurua aztertzeko tresna kritikoak dituzunean aukera gehiago duzula inguru hori aldatzeko. Nire ustez, funtsezkoa da pertsonek sentitzea munduan parte hartzen dutela, ekoizleak direla eta ez kontsumitzaile pasibo hutsak. Zer egiten duzu zure ideiak publiko zabalagoari helarazteko? Nola demokratizatu ditzakegu zure proposamenak?

[BCS:] Niri asko gustatzen zait ekitaldi publikoak egitea. Laborategian gauzak egin ditzakegu, eta horien ondorioak ikertu; baina orobat jakin nahi dugu ondorio zabalagoak izango dituzten eta laborategitik kanpo funtzionatzen ote duten. Egin dezakegu hori haurrekin, adibidez? Uste dut eskolan ez genukeela mugatu behar datu pila bat buruz ikasten erakustera, edo aritmetika eta zientzietako nozio batzuk lortzera. Murgiltze-ikuspuntutik irakatsi beharko genuke, ikasleei gauzak beren kabuz deskubritzen utzi. Guztiz eraldatzailea da hori: konturatzen zara zer gertatzen ari den, ulertzen hasten zara zergatik gertatzen den, eta horrek tresnak ematen dizkizu esploratzen jarraitzeko.

 

[OE:] Esango nuke “sorgortzearen kontrako” taldeko funtsezko kidea zarela, geure zentzumenen gidaritza hartzera bultzatzen gaituen norbait.

[BCS:] Bai, nik uste dut pertsonak oso bakartuta, elkarrengandik urrun daudela gaur egun. Eta hortaz, bai, bada nolabaiteko sorgortasun bat. Arrazoia duzu esaten duzunean nik sorgortasunaren aurka lan egiten dudala. Parte hartu nahi dut. Erabat! Jendeak sentitzea eta usain egitea eta dastatzea nahi dut. Sentipena hautematea nahi dut, eta konturatzea zeinen oharkabean pasa daitekeen. Ukimena zeharo garrantzitsua da.

 

[OE:] Kulturaren sektoreak, nire definizioaren arabera, munduari buruz ditugun sentsazioak aldarrikatzera eta sentsazio horiez jabetzera bultzatzen gaitu. Tokian tokiko mailan, horrek esan nahi du Lurra Espazio-ontziaren gidari garela, eta ez bidaiari soilak. Horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua, sorgortasunaren kontrako jardueraren esparru zabalagoan, artera eta kulturara heltzeko aukera demokratizatzea.

[BCS:] Nik uste dut nolabaiteko analogia dagoela elizak egiten zuenaren eta merkataritzak orain egiten duenaren artean. Elizak ikusmena eta entzumena “goi-mailako zentzumenak” zirela defendatzen zuen, begiak zerurantz jaso eta Jainkoaren Hitza hartzeko egokiak. “Behe-mailakoak” —dastamenaren, ukimenaren eta usaimenaren gorputz-zentzumenak—, berriz, moralgabeak ziren; norberaren baitako sentsazioei baino ez zegozkien. Bitxia da gaur egun gure kultura, neurri handi batean, mundu digitala lehenesten duen espazio korporatiboan egotea; eta mundu digitala ikus-entzunezkoa da. Ukimenak ez du horrenbesteko pisurik. Dastamena eta usaimena ere ez daude tartean. Ez dugu sentitzen gure pertzepzioak gorpuzten direnik. Beraz, hemen ere badago ikusmena eta entzumena “goi-mailako” zentzumen gisa lehenesten dituen zerbait. Konektatuta bazaude, entxufatuta, eta ekonomia digitalaren parte bazara, ikusmena eta entzumena dira benetan garrantzia dutenak.

Norbaitek egun osoa ordenagailuko pantailaren aurrean ematen duenean, zaldun bat bere armadura barruan hiltzen ariko balitz bezala da, John le Carré-ren parafrasia eginez. Gure zati bat sorgortu egiten da, eta beste bat kanpoan geratzen da. Baina bada esperantza-arrasto bat, zeren, nahiz eta gure pantailei itsatsita egon, pelikulak ikusten, ezin ditugu irudiok ikusi nolabait ere gorpuztu gabe, erraietako erreakziorik izan gabe, aldez aurreko mugimendu-sentsaziorik izan gabe. Horrexeri heldu behar diogu. Zuk egiten dituzun interbentzioek, Olafur, eta nire kideek eta nik jaialdietan sortzen ditugun esperientzia sentsorialek, azken batean, jendea pantailetatik aldentzen dute. Pertsonek elkar ezagutzen dute, gauzak ahoratzen dituzte, sudurra erabiliz usaintzen dute, eta gizaki osoak sentitzen dira egiaz. Beste batzuekin partekatzeko moduko esperientziak eman nahi dizkiot jendeari. Jendea esnatu behar dugu, eta gorpuzte hori sentitzera gonbidatu. Eta neurozientzia erabili nahi dut, baita ere, publikoa erakartzeko, informatzeko eta bere esperientziei arreta eskaintzeko bide emateko. Eta, egia esan, pentsatzen dut arlo politikoan aukera hobeak egingo lituzketela konturatuko balira beste pertsona batzuekin konektatu dezaketela.

Une honetan iruditzen zait arrisku politiko handienetako bat jendeak populismoaren eta elitismoaren artean hautatzeko aukera bakarrik ikustean datzala. Zer pentsatu behar dugun esateko aginpidea dute batzuek —egozten zaien ezagutza hori benetan eduki ala ez—, eta jendeak aukera horri uko egiten dionean populismora jotzen du, “gustuaren demokrazia” batera, non iritzi guztiek balio bera baitute. Baina hautu faltsua da. Elitismoak aditzera ematen du gutxi batzuk bakarrik daudela ezagutzaz hornituta, eta populismoak dirudi alternatiba bakarra. Ideia hori baztertu nahi dut, eta esan: “Zuk ere jakin ditzakezu gauza horiek, baina oraindik ez dakizkizu. Bila ditzagun bideak gaiak lehen inpresioetatik eta lehen erreakzioetatik harago aztertzeko, eta horrekin lortuko duzu zure esperientziak aberasgarriagoak eta atseginagoak izatea, ‘atsegin dut eta ‘ez dut atsegin’ berehalakoetara mugatu gabe. Horrela, hobeto ezagutuko dituzu zeure burua eta besteak”. Horixe nahi dugu.

 

[OE:] Eta aitortu beharra dago populismoaren polarizazioa alde batetik eta bestetik tiraka ibiltzearen ondorioa dela. Ez da bakarrik talde batek besteari huts egitea. Arrazoi osoa duzu azpimarratzen duzunean nolako garrantzia duen ezagutzaren jabetza deszentralizatzeak, eta asko gustatzen zait geure zentzumenez jabetzearen ideia. Mundu guztiak ditu zentzumenak. Berreskuratu egin behar ditugu, besterik gabe, kontsumo-ondasun bihurtu baitira.

[BCS:] Halaxe da. Eraldatu egin dituzte. Merkaturatu eta sorgortu. Nik uste nuena baino askoz ere gauza gehiago partekatzen ditugu, Olafur! Orain, goazen hemen esandakoak mundura zabaltzera.

2018ko iraila

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]