Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Espazio publikoa

Olafur Eliasson

Izenburua:
Espazio publikoa
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Arkitektura | Hirigintza | Espazio publikoa | Artea eta hezkuntza | Artea eta identitatea | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Ekonomia | Ethiopian Institute of Architecture | Institut für Raumexperimente | Studio Other Spaces | Klima-aldaketa | Addis Abeba | Berhanu Ashagrie | Sebastian Behmann | Brook Teklehaimanot | Giza harremanak
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

BROOK TEKLEHAIMANOT arkitektoa eta urbanista da, eta Addis Abebako Ethiopian Institute of Architecture, Building Construction and City Development (EiABC) fakultateko katedraren eta Delfteko Unibertsitate Teknikoaren (Herbehereak) artean banatzen du denbora. Azken horretan doktoregoa ari da egiten, eta prototipoetan eta diseinu digitaletan espezializatutako protoLAB tailerraren sortzailea eta zuzendaria ere bada. 2012an elkarlanean aritu zen Eliasson-en Institut für Raumexperimente Institutuarekin, Institutuak Addis Abeban egoitza hartu zuenean, eta arkitektura-tailer bat antolatu zuen Sebastian Behmann-ekin, zeina Eliassonekin batera Studio Other Spaces (SOS) arteari eta arkitekturari eskainitako kabinetearen kide sortzailea eta zuzendaria baita.

 

Olafur Eliasson: Bai ederki aste honetan Sebastian Behmannekin lan egitera etorri zarela gure arte eta arkitekturako kabinetera, Studio Other Spaces, hona Berlinera. Urteetan, gero eta gehiago interesatu zaigu Etiopiako arkitektura lokalari buruzko gaiak ikastea eta mahairatzea. Hainbat proiektu lantzen ari gara Addis Abeban, arkitekturarekin eta espazioarekin, hiriarekin eta hirigintzarekin, parkeekin eta abarrekin lotuak; Meles Zenawi Memorial Park da horietako bat, ia amaitua dagoena. Gure adiskidetasuna sendotuz joan da denbora horretan.

Aste honetan, zure bisitaren helburua, funtsean, guri laguntzea zen, eta oso pozik gaude zure ezaguerak geureganatu ditugulako eta hasieran ulertzen zailak ziren gai batzuen ulerpena hobetu daitekeela ikusi dugulako. Bada Addis Abeban harritzen nauen gauza bat: espazio pribatuaren —edo jabetza pribatuaren— eta espazio publiko deritzonaren arteko banaketa. Inporta zaizu hiriburuan espazio publiko gisa ezagutzen dena deskribatuz hastea?

Brook Teklehaimanot: Ni ere saiatzen naiz gai honi buruz dudan jakintza zabaltzen, baina, hasteko, Addis oso hiri gaztea denez, oraindik negoziatzen ari dira zer den publikoa eta zer pribatua. Egia esan, ez da aldez aurretik ezarritako axioma kultural bat. Hiri bat den arren —Afrikako hiriburua dela esaten dugu—, landa-kultura asko bizi dira elkarren ondoan Addis Abeban. Jendeak nola jokatzen duen, nola jarduten dugun, landa-eremukoa ere bada partez. Horregatik, pertzepzio indartsu bat dugu mugena eta hesiena. Hesi bat jartzen dugu, eta muga berde indartsu bat dago hesitik haratago. Txakur bat jarriko dugu, edo zaindari bat batzuetan, gure ekonomiak horretarako aukera ematen badu. Beraz, mugen mailaketa horrek adierazten dizu barruan dagoena oso babestua dagoela beti, pribatua dela, dudarik gabe.

 

[OE:] Eta jabetzaren sentimendu indartsu bat dago.

[BT:] Bai. Espazio publikoa Europan esan nahi duenaz bestelako zerbait ere bada. Normalean guk “publikoa” deitzen duguna ez da “pribatua ez dena”, baizik eta areago “partekatzen duguna”. Eta kaleak eta plazak ez lirateke oro har publikoak izango; erakundeak izan ohi dira publikoak, hala nola elizak kristauentzat, zeinetara edonor sar baitaiteke, eta jo baitaiteke bakarrik egoteko, ez otoitz egiteko huts-hutsik, baita beste jarduera batzuetarako ere, ikasteko adibidez. Gainera, elizek giro atsegina eskaintzen dute, gune berdeak baitira, batzuetan Addisen aurkitzen zaila den gauza. Lorategiz inguratuta daude, eta debekatuta dago zuhaitzak moztea. Ingurune atsegina da. Gauza bera eskaintzen die meskitak musulmanei. Uste dut nolabait ere berriz definitu beharko genukeela zer den Addis Abebarentzat “espazio publikoa”.

 

[OE:] Eta museo bat ere espazio publiko bat izango litzateke?

[BT:] Egia esan, ez. Museo gutxi ditugu, eta oso sarbide mugatua dute, ordutegi murritzarekin. Hortaz, ez dira hiriko kulturaren parte.

 

[OE:] Meskel plaza ere baduzue, goialdean museoa duena, baita eskalinata bat ere. Batzuetan bilerak, manifestazioak egiten dira bertan, edo hitzaldi garrantzitsu bat ematen da, duela aste batzuk Abiy Ahmed lehen ministroak han hitz egin zuenean bezala. Espazio partekatutzat jotzen da, ezta?

[BT:] Bai, Europan espazio publiko gisa ulertzen duzuenaren antz handiagoa duen espazio partekatu bat da hori. Antzekoa da publikoa delako, tamaina handikoa eta erraz iristeko modukoa; baina ez du inolaz ere plaza baten antzik, terminoari hertsiki erreparatzen badiogu. Duela hilabete batzuk dokumental baten proiektua bideratzen saiatu nintzen Meskel Plazan, Berhanu Ashagrie artista bisualarekin eta akademikoarekin batera.

 

[OE:] A!, Addis Abebako Unibertsitateko Alle Arte Fakultateko nire adiskide zaharra.

[BT:] Meskel Plazako lau izkinetatik film bat egitea erabaki genuen. Nire iPhonea erabiltzea bideo bat grabatzeko zen helburua, baina oso zaila izan zen. Ez zen polizia debekatzera azaldu, ez; kontrol sozial moduko bat dago: mundu guztia jabetzen da bestelako gauza bat ari zarela egiten, eta bat-batean deseroso sentitzen dira denak, baita polizia eta agintariak ere. Ez die beldurrik edo halakorik ematen; zer gertatzen ari den jakin nahi dute. Jendeak benetan zelatatzen zaitu, eta kontuz ibili behar da, bestela galderak egiten hasiko zaizkizu. Nik pare bat ordu behar izan nituen merezi zuten hiru-bost minutu grabatzeko. Baina egun horretan bertan beste espazio publiko batera joan nintzen, Jan Meda lasterketa-zirkuitura, eta erraza suertatu zitzaidan bost minutu eskasetan grabazio panoramiko labur bat grabatzea. Ikaragarria izan zen.

 

[OE:] Bai, Jan Meda aisialdirako gune bat da, kirolean aritzeko. Jendea entretenitzera joaten da hara; Meskel Plaza, berriz, hiriko erdigune jendetsu bat da, trafiko, garraio publiko eta abarren elkargune bat. Niri interesatzen zaidan beste gauza bat espazio pribatuen arteko espazioa da. Norbaiten lorategian sartzen zarenean, oso antolatuta dago dena, oso txukuna. Baina, atera orduko, kaleak eta eraikinen arteko kalezuloak kaotikoak dira. Zangak daude, batzuetan ur zikinen erretenak ere, estali gabeak. Argi dago jendeak ez duela kalea berea balitz bezala ikusten. Arauak badaude: ezin da horrelakorik egin, ezin da abiadura handian gidatu, kalean ezin da postu bat baimenik gabe muntatu, eta abar. Baina espazio hori publikoa ez bada, zer da?

[BT:] Egia esan, ez da inorena; jaberik ez duen espazio bat da. Gauza batzuk, errepideak adibidez, kontrolpean daude. Ez dira publikoarenak; beste termino bat sortu beharko genuke izendatzeko. Eta horregatik, tradizioz, jendea bere hesiak espazio horretaraino mugitzen saiatzen da, eta, horrela, lur gehiago bereganatzen.

 

[OE:] Ni Eskandinavian hazi nintzen, non uste osoa dagoen publikoa denak egiaz publikoa denarekiko interesa islatzen duela. Kaleak balio-multzo bat irudikatzen du, non mundua nola ikusten dudan saiatu baitezaket. Gaur egun eztabaida bat dago Europan espazio publikoari buruz. “Publikoa dena” benetan al da publikoa? Ba al da desadostasunik baliabide publikoei buruz dugun iritziaren eta benetan eskura dugunaren artean?

Europarrok —eta bereziki eskandinaviarrok— gu guztiz inklusiboak eta abegikorrak garela uste dugu; baina gero, egiazki, eremu publikoan, Europako alderdi handietan, fobia eta egiturazko erronka ugari daude. Arrazakeria existitzen da. Esan liteke espazio publikoak ez dituela benetan balio demokratikoak islatzen. Nik uste dut Addis espazio publikoa eta publikoa izatearen ideiak eskaintzen dituen aukerak definitzeko prozesuan dagoela. Behetik gorako planteamendu moduko bat sortzeko aukera du, Addisen mundu guztiarena den espazioa zehaztu ahal izateko.

[BT:] Duela gutxi arte pentsatzen nuen Addis oso hiri gaztea zela. 130 urte baino ez ditu; gaztea da Europatik begiratuta. Ernegatzen jartzen nintzen ikusirik Addisen nik publikoak deitzen nituen espazioak ez zirela nik nahi nituzkeen bezain publikoak. Baina Etiopiako hiri txikiagoetara joan nintzenean —bigarren mailakoak, biztanle gutxiagokoak, Hawassa eta Mek’ele eta beste batzuk esate baterako—, oso bestelako gauzak ikusi nituen. Hawassa, esaterako, oso hiri berdea da. Mundu guztiak zaintzen du soropila, nahiz eta bere jabego pribatuaren parte izan ez; oso garbia daukate, asko arduratzen dira horretaz. Mek’ele balio urbano eredugarriak dituen beste hiri bat da. Izan ere, Mek’elen jendeak kaleak garbitzen ditu. Espazio publikoak eta plazak ere erabiltzen dituzte: adibidez, Axum-en [iparraldeko hiria] ikasteko, beste pertsonekin biltzeko erabiltzen dituzte plazak. Bizikletak aparkatzeko moduak berak ere, ibiltzeko duten moduak, ez du Addisekoaren antzik. Zergatik heldu den Addis gaur den bezalakoa izatera jakitea interesatzen zait. Horri buruzko behin betiko teoriarik ez dudan arren, uste dut zerbait gertatu zela Addisen gaur egun den bezalakoa bihurtu duena.

 

[OE:] Addisek nolabaiteko jarrera defentsiboa du zibikoa denaren ideiaren aurrean. Zer da?

[BT:] Uste dut gure historia politikoarekin duela zerikusia; bereziki, 1970eko hamarkadaren amaieran, kolpetik monarkia desagertu eta erregimen komunista ezarri zenekoarekin. Jende asko hil zen. Gai horri buruzko gauzak irakurtzen dituzunean edo kontatzen dizkizutenean, ulertzen duzu zergatik jende guztiak nahiago zuen etxean giltzapetu. Arriskutsua zen kanpoan egotea. Addisek garai historiko mingarri hura jasan behar izan zuen. Eta, berriro ere, 1991ko aldaketa politikoarekin, erabat komunista zen erregimen batetik ekonomia partzialki ireki batera igaro eta beste gobernu-aldaketa handi bat gertatu zenean, pentsamolde zaharra ere ez zen ongietorria izan. Beraz, ikuspegi politikotik, irteera-laukian dago Addis beti. Eta horrek ondorioak dituela uste dut guk elkarreragiten dugun moduan. Lagun batek aipatzen zidan Addisen dagoen usadio kultural bat, nola esertzen den jendea bere autoan kafe bat hartzera. Kafetegian erosten dute, baina nahiago dute beren autoan hartu, aparkalekuan. Eta klima atsegina da Addisen! Hori Addisen ohikoa da, eta beti galdetu izan diot neure buruari zergatik. Norbaitek teoria bat kontatu zidan, zeinaren arabera, Terrore Gorrian, pertsonek elkarri zelatatzen zioten; horregatik, jende guztiak intimitatea izan nahi zuen. Beste pertsona batek esan zidan: “Agian kultura berri bat dugulako izango da, kultura kapitalista, eta besteen aurrean autoa erakutsi nahi dugulako: horregatik jarri da modan autoan kafea hartzea”. Ez dakit arrazoia, baina, nolanahi ere, kontua da espazio pribatu bat eduki nahi dugula. Beharbada leihotik botako dituzu gauzak, baina zure autoa garbia dago.

 

[OE:] Hori oso interesgarria iruditzen zait. Europan, hiri handietan bereziki, espazio publikoa aintzat ez hartzeko akatsa egin dugu; gauza naturaltzat jotzen dugu, kritikatu behar ez dena, edo, esan dezagun, denborarekin berriz asmatu behar ez dena. Hain ohituak gaude horretara —demokraziara eta demokraziak sorrarazten digun konfiantzara ohituak gauden bezala—, non ahaztu egin baitzaigu mantentzea. Nik uste dut antzeko autokritika falta batek sorrarazi dituela gaur egun demokraziak aurrez aurre dituen erronkak: populismoa, polarizazioa. Bat-batean, jendeak konfiantza galdu du, eta jendea beldurtua dagoen egoerak sortzen dira. Baztertuta daudela sentitzen duten eta demokraziaren parte ez diren pertsona-talde handiak daude. Europak erronka askori aurre egin beharko die: Europar Batasuna behera dator, gehiago edo gutxiago; migrazioen krisiaren aurreko erreakzioek ez dute inolako eraginkortasunik.

Asko inspiratzen naute Addisen publikoa denari eta ez denari, eta erregimen politikoaren ondorengo faseen efektuei buruz sortzen diren eztabaida ugariek, espazio publikoa ez dela emandako gauzatzat hartu behar erakusten baitidate. Egia esan, niri asko gustatzen zait Addisera joatea, nahiz eta ikusten ditudan erronkak, zauriak, egitura zapaltzaileak eta abar; horrek informazioa neureganatzen laguntzen dit. Horregatik joan izan naiz hara: Addisi buruzko gauzak ez ezik, ni hazi naizen kulturari buruzkoak ere ikasteko. Barnekoaren eta kanpokoaren arteko harreman-mota horretan oinarritu da zuk arkitekto gisa egin duzun lana. Agian azalduko duzu hori pixka bat.

[BT:] Badakizu Addisen klima moderatua dugula: muturreko negurik eta udarik ez dago, eta eguraldia aproposa da kanpoko espazioak diseinatzeko, batez ere lorategia baduzu. Interesatzen zait aztertzea nola hitz egiten duten bizitzeko egokiak diren barruko espazioek “barnekoa ez denarekin”, “erdi-barnekoa” denarekin. Berezko tipologia bat da: dei diezaiogun oraingoz “kanpoaldeko tipologia”. Tamalez, gure hiriguneetan ez dago horren adibide askorik, baina landa-eremuetan ikus daiteke nola artikulatzen den kanpoko espazioa, ez bakarrik gizakientzat, baita aziendarentzat ere. Tigrayko landa-etxebizitzen tipologia batzuetan aurki daiteke hori, Etiopiako iparraldean. Batzuetan, zaila izaten da irudikatzeko modu tradizionalak baliatuz trantsizioko espazio hori bistaratzea. Kanpoko gela bat izan daiteke tipologia horietan errazena: barruko espazio bateko zerbitzu guztiak dauzkan gela bat, baina, beharbada, teilaturik gabea, edo horma-erdia duena. Horiek dira nire esperimentuetan jarraitu ditudan bideak.

 

[OE:] Ikusi nuen zure familiarentzat egin zenuen etxea, eta asko gustatu zitzaidan. Lorategi txikiaren nolakotasuna, lorategi handia eta barnealdearen eta kanpoaldearen arteko harremana. Elementu batzuek halako kutsu moderno bat zuten. Konturatu nintzen lekuaren baldintzak ezin hobeak zirela kanpoko espazioa etxebizitzaren programa funtzionalaren parte bihurtzeko. Kanpoaldea ez da lorategi bat bakarrik; kanpoaldea, izan, barrualdearen beste bertsio bat da. Baina, esadazu, zuk uste duzu berotze globalak, luzera, klima aldatuko duela Addis bezalako lekuetan, eta, horren ondorioz, arkitektura errotik aldatuko dela?

[BT:] Zalantzarik gabe. Dagoeneko ikusi ditut aldeak nire bizitzan. Euriteak desberdinak dira. Eguzkiaren intentsitatea bestelakoa da. Urtetik urtera aldatzen da urtaro euritsua. Beraz, bai, horrek eragina izango du arkitekturan. Herrialde pobrea garenez, testuinguru etiopiarrak eskatzen du oso eraikuntza-material merkeetara jotzea eta inportatutako produktu gutxi erabiltzea. Egin behar dugun beste esperimentu bat da.

 

[OE:] Jarduera asko dituzu EiABC arkitektura fakultatean, eta ikasle asko ezagutzen dituzu, zure ikasleak direnak. Hizkera arkitektoniko lokal bat osatzen dutenean, gogoan al dituzte arkitekto gazteek ingurumen- eta ekonomia-faktoreak?

[BT:] Bai, inolako zalantzarik gabe. Baina erreferenteak eta adibideak ere behar dituzte. Joera nagusitik desbideratzeko zailtasuna da guk daukagun erronkarik handiena. Leku guztietan material bera erabiltzen denean —zementu armatua—, zaila da horri arrakastaz aurre egitea. Jakina, arte eta arkitekturako ikasle gehienek bisionarioak izan nahi dute, baina azkenean konturatzen zara badagoela joera bat atzera ideia eta konbentzionalismo errazak bereganatzeko.

 

[OE:] Gaur egun inbertsio asiar asko dago, bereziki txinatarra. Ondasun higiezinetako inbertsioetara bideratutako diru txinatarra ari da Etiopiara iristen, eskualdeko eta nazioko proiektuetarako. Hiri hau hirigintzako nolabaiteko plan moderno batekin hasi zen, inguratzen zuen gerriko berde eder batekin, gero hainbat parketan banatu zena, eta abar; baina badakigu Asiako egungo hiri-egitura beste balio batzuen inguruan antolatzen dela, hala nola etekinak optimizatzea. Arreta gutxiago ematen zaio espazio publikoari buruz esan dugunari. Orain aldatu egingo dela uste duzu hiriaren bilakaera arkitektonikoa, espazioaren tipologia?

[BT:] Agerikoa da kanpoko eragina. Arriskua oraintxe bertan gehiago dago industrialdeetan, haietan, esan duzun bezala, eraginkortasunak bakarrik axola baitu, eta ekoizpen-mailan jartzen da fokua. Hainbat industrialde planifikatu dira herrialde honetarako, hamalau edo hamabost inguru; batzuk jada eraikita daude. Industrialde ikaragarri handiak daude, zeinetan Gobernuak oinarrizko azpiegitura ipintzen duen —elektrizitatea, errepideak eta horrelakoak— eta gero H&M bezalako Europako konpainiek eta enpresa multinazionalek betetzen dute espazioa. Ekoizten dute, eta ondoren saldu. Ekonomiarentzat eta industria sektorearentzat oso gauza mesedegarria da, baina, lurra ondo kudeatu ezean, lurraldearen planifikazioari dagokionez, ondorioak oso txarrak dira. Nahiz eta onartzen dudan fenomeno hori txinatarrek sustatzen dutela, Txinako enpresa eraikitzaileek altxatzen baitituzte industrialde horiek, azkenean merkatu globalari ere mesede egiten diote, baita Europakoari ere. Horregatik, ez nago ados Txina dela hemengo motor bakarra diotenekin. Europako diru asko ere ari dela sartzen ikusten dut. Enpresa-parke horiek txinatarrak emango dute ziurrenik, baina ez dut uste etorkizun hurbilean Addis hiri asiarra bihurtuko denik. Bestelako ibilbide bat hartuko duela pentsatzen dut.

 

[OE:] Izugarri gustatzen zaizkit Etiopiaren ezaugarri dinamikoak. Herrialdea aurrera ari da egiten, baina, gainera, oso azkar ari da korritzen Europak askoz ere denbora gehiago behar izan zuen faseetako asko. Bost urtean behin Addis beste hiri bat balitz bezala da. Sinestezina da. Dena da ezegonkorra, aldakorra. Addisen dago Afrikako Batasunaren egoitza, Nazio Batuen hainbat erakunde, gorputz diplomatiko osoa dago… Afrika ekialdeko hiriburua da benetan, eta horrek ikuspegi global interesgarria ematen dio. Herritarrek gero eta hezkuntza hobea dute, eta sarritan atzerrian ere trebatzen dira; horrela, gaitasun, talentu eta ezaguera lokalen koktel interesgarri bat ematen da, munduko beste leku batzuetan eskuratu denarekin konbinatuta. Multibertso bat bezalakoa da.

[BT:] Gauza bat galdetu nahi nizuke. Nire lagunak eta lankideak eztabaidan aritzen dira beti posible ote den etiopiarren ezaugarri tipiko batzuk identifikatzea. Zein da etiopiarrei buruz zuk duzun esperientzia?

 

[OE:] Bueno, arteko fakultatean irakasten izan dudan esperientziaren arabera, oso erreserbatuak dira. Denbora behar izaten da etiopiarrak ondo ezagutzeko. Gainera, oso harroak dira, oso gogorrak. Ikasleek erraztasuna dute debaterako, baina ez dira bereziki malguak; ez dira iritziz erraz aldatzen.

[BT:] Burugogorrak direla iruditzen zaizu?

 

[OE:] Agian horrela adieraz daiteke. Adibidez, Addiseko unibertsitatean artea irakasten dudanean —asko gustatzen zaidan gauza, talentu handiko pertsona asko baitago—, halako eszeptizismo bat ere antzematen dut. Uler dezaket: mendebaldeko jatorria duen zuri bat naiz, lotura estua dut artearen munduko sektore jakin batekin, eta horrek iragartzen erraza den posizio batean kokatzen nau. Baina kontua ez da ados egotea edo berdinak izatea. Helburua, bistan denez, bide ezberdinak eta egia ezberdinak daudela errespetatzea da.

Interesatzen zait hezkuntza-formatu hori, edo debate-formatu hori. Addisen erakusketa bat egiteko suertea izan nuen (Time-sensitive Activity, Addis Abebako Unibertsitateko Arte Modernoko Museoa: Gebre Kristos Desta zentroa, 2015), eta horrek aukera eman zidan galdera batzuk egiteko hizkuntzarik erabili gabe. Artelanek berez hitz egiten zuten. Uste dut gertaera horrek eztabaida benetakoagoak sortu zituela, pertsonek beren hizkera erabiltzen baitzuten artelanen aurrean erantzuteko. Egia esan, zenbait pertsonaren ikuspuntuak estimatzera heldu nintzen, eta harrezkero oso adiskidetasun estua izan dut pertsona horiekin. Ikusten dut, zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakidala benetan herri honetaz. Umilagoa egin nau.

2018ko uztaila

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]